Irungo Udalak eta «la Caixa» fundazioak adinekoen aldeko konpromisoa berretsi dute

Irun, 2021eko irailaren 13a.- Irungo Udalak eta «la Caixa» fundazioak adinekoen aldeko konpromisoa berritu dute, bi erakundeen artean adostutako 10 zentrotan adinekoen programa antolatzeko hitzarmena sinatuta. Zentro horien artean dago Luis Mariano zentro soziala: informatika-gela bat dauka eta fundazioak teknologia berriei buruzko tailerrak eskaintzen ditu bertan. Hitzarmen horren bidez, osasunaren eta ongizatearen alorreko tailerren programazio bat eskainiko da eta adinekoen parte-hartze soziala eta boluntariotza bultzatzen duten proiektu guztiak sustatuko dira. Jarduera horiek Udalaren zentro eta lokal sozialetan dibertsifikatuko dira, eta horrela irismen handiagoa emango zaio programari Irun osoan.

Marc Simón «la Caixa» fundazioko zuzendariorde nagusiak eta David Nuño Irungo Gizarte Ongizateko ordezkariak adinekoen ongizatea hobetzen jarraitzeko xedea duen hitzarmena sinatu dute.

Azken bost urteotan, 1.539 adinekok parte hartu dute hitzarmenaren esparruko zentroetan antolatu diren 186 jardueretan.

2021ean, COVID-19aren ondoriozko krisi sanitarioak bere horretan jarraitzen duenez, jardueren ezarpena osasun-agintariek agindutako prebentzio- eta segurtasun-neurrien araberakoa izan da.  Irunen osasunaren eta ongizatearen alorreko 7 jarduera antolatu dira, eta 39 lagunek hartu dute parte.

Urtearen amaiera honetarako, egoera sanitarioak hobera egingo duela aurreikusten denez eta pentsatzekoa denez epidemia kontrolatzeko neurriak arinduko direla, zentroetan jarduera presentzialak programatzea aurreikusten da.

Tailer horiek lau jarduera mota edo ibilbidetan banatzen dira:

  1. OSASUNA ETA ONGIZATEA IBILBIDEA

Tailer hauen helburu nagusia da adinekoei beren autonomia sustatzeko eta ongizatea hobetzeko behar dituzten tresnak eskaintzea.

  1. GARAPEN PERTSONALA ETA BIZI-ZIKLOA IBILBIDEA

Bloke honen xedea da norberaren garapena eta hazkundea sustatzea, horretarako estrategiak eta baliabideak aplikatuta.

  1. INFORMATIKA ETA KOMUNIKAZIOA IBILBIDEA

Praktikan eta eguneroko bizitzan teknologiak beste modu batera erabiltzeko proposamen bat.

  1. IRAKURKETAREN SUSTAPENA IBILBIDEA

Helburua parte-hartze soziala eta elkarrekin harremantzea sustatzea da, irakurketa komun baten bidez. Adinekoen artean irakurtzeko ohitura sendotu eta zabaldu nahi da, horretarako berariaz hautatutako literatura-lan baten bitartez. Horrela, hainbat elementu sustatzen dira: irakurtzeko ohitura, norberaren autonomia, harreman sozialak, funtzio kognitiboen estimulazioa, parte-hartzaileen arteko topaketak eta elkarrizketak.

David Nuñok hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du. Izan ere, haren hitzetan, «ezinbestekoa da Irungo Udalak gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duten jardueren aldeko apustua egiten jarraitzea». Era berean, adierazi du garrantzi handikoa dela «la Caixa» fundazioak bere baliabideak eskaintzea Irunen gisa horretako ekimenak egiten jarraitu ahal izateko.

Bestalde, Marc Simónek esan duenez, «hitzarmen honen helburua jarduerak eskaintzea da, osasuna eta ongizate fisiko eta emozionala hobetzeko. Horrela, norberaren gaitasunak eta baliabideak eskainiko dira zahartze ona sustatzeko, eguneroko jardueren bidez motibatu egingo dira eta pertsonen arteko harremanak bultzatuko dira»

«La Caixa» fundazioak ibilbideak igorri ondoren, espazio sozial bakoitzak zein eskaini nahi duen erabakitzen du, erabiltzaileen lehentasunen arabera.

 Puntu horretan, esan behar da espazioetako erabiltzaileek aukeratzen dutela zer jarduera egin nahi duten.

Programa urrian hasiko da, eta abendura arte luzatuko. Tailerrak doakoak dira, eta kasuan-kasuan COVID-19aren hedapena kontrolatzeko neurriak aplikatuko dira.

«Orain, erabiltzaileek zer jarduera egingo dituzten zehazten ari gara, dinamizatzaileek emandako informazioaren arabera. Informazio horretan oinarrituta, espazio sozialetan “la Caixa” fundazioaren programako zer jarduera egingo diren koordinatzen ditugu», jakinarazi digute Gizarte Ongizatetik.

Begirada bat etorkizunerantz

«La Caixa» fundazioko Adinekoen Programak ehun urtetik gorako historia luzea du, eta haren xede estrategikoa da zahartzaroan agertzen diren erronkei erantzutea. Egungo apustua da «egitean» oinarritutako ereduetan baino gehiago «izatean» oinarritutakoetara pasatzea. Horretarako, proiektu pertsonal baten garapenean jartzen da fokua. Horrela, zahartzaroan bizitzea merezi duen beste etapa baten sorrera erraztu nahi du, errealismoz eta arduraz, gozatzeko eta ekarpenak egiteko. Bide horretan, nabarmentzekoa da isolamenduari eta bakardadeari aurre egiteko beharra, norbera zein ingurukoak babesteko eta zaintzeko harremanen bidez.

X