Pertsona maite baten galerarengatiko dolurako laguntza

Gizarte Ongizateko Arloak jakinarazi duenez, laguntza talde bat sortuko du COVID-19 pandemiaren ondorioz pertsona maite bat hil zaiela-eta laguntza psikologikoa behar dutenentzat.

Ekimenaren helburua da emozioak adierazteko eta esperientzia eta bizipenak partekatzeko gune seguru bat sortzea, eta, horretarako, bi terapeuta ariko dira gidari. Taldekako saioak izango dira, eta 2021eko urritik 2022ko ekainera bitartean egingo dira, Palmera-Montero Gunean, asteazkenetan, 19:00etatik 20:30etara bitartean, hamabost egunean behin.

David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariaren hitzetan, ekimen berri honek «beti beharrezkoa den espazio baten sorrera ekarriko du, eta are gehiago egungo egoeran. Pandemiak min handia ekarri die gertukoak galdu dituzten guztiei, eta uste dugu tresna bat eskaini behar zaiela COVID-19ak modu horretan kolpatutako guztiei». Era berean, nabarmendu duenez, «programa hau herritarren osasun mentala eta emozionala zaintzera bideratutako ekimen multzo baten parte da. Izan ere, tamalez, bigarren maila batean geratzen dira alderdi horiek maiz».

Ekimena doakoa da, eta irailaren 9an hasiko da izena emateko epea. Hamar pertsonak parte hartu ahalko dute taldean, eta izena emateko ordenaren arabera banatuko dira tokiak. Interesdunek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez eman dezakete izena, 010 telefonoan, edo, bestela, udal webgunearen bidez, www.irun.org helbidean. Saioei ekin aurretik, Gizarte Ongizateak parte hartzaileak aurrez aurre elkarrizketatzeko txanda bat abiatuko du.

Dolua ezohiko egoera batean

COVID-19 pandemia eragin handia izaten ari da biztanleria osoaren gaitasun fisiko eta psikikoetan (kutsatzeko arriskua, konfinamenduak, enplegu galera, bakardadea...), luzaroan gainera, eta, askotan, biztanleriaren euspen psikiko beharra areagotzea ekartzen ari da hori.

2020ko martxotik hona bizi dugun osasun egoeraren ondorioz –4.500 lagun baino gehiago hil dira Euskadin bakarrik–, prozesua are garrantzitsuagoa da, galera kopuru handiarengatik ez ezik baita jazo diren egoerarengatik ere: bakardadean, urrunduta, zuzeneko harremanik gabe, agur esateko ohiko erritualak mugatu edo debekatuta... gertatu dira.

Galera ororen ondoko egokitzapen prozesu emozionala da dolua, guztiok bizitzako uneren batean bizi duguna, baina, ezohiko egoera honetan, dolu sanoaren sintomek (tristurak, apatiak, amorruak, erruak, desorientazioak eta are sintoma fisikoek, hala nola abaildurak, nekeak eta loaren eta janaren aldaketek) luzaroan irauteko eta are okerrera egiteko arriskua dago.

Taldea bizipenak partekatzeko, loturak sortzeko, bakardadea txikitzeko eta sufrimendua arindu eta egoera berriaren aldaketa eta erronketara hobeto egokitzeko baliabideak trukatzeko gune bat izango da, eta ingurune soziosanitarioko talde terapeutikoetan esperientzia handia duten terapeuta gaituek gidatuko dute.

X