Irungo Udalak Gabonetako biziberritze-kanpaina historiko baterako planen berri eman du

            José Antonio Santano Irungo alkateak eta Juncal Eizaguirre Hiri Bultzadako ordezkariak Udala laugarren iruhilekoari eta Gabonei begira merkataritza biziberritzeko antolatzen ari den kanpainaren berri eman dute, eta «historikoa» izango dela adierazi dute. Merkataritza Mahaiarekin batera antolatutako programazioa da. Bertan elkartzen dira Udala eta sektoreko eragileak, eta gaur ezagutzera eman den jardueren aurrerapenean presente egon dira, Udalaz gain, Bidashop-eko, Mugan-eko eta Denok Bat-eko ordezkariak, bai eta Ficoba azoka-gunea ere.

«Badakigu denbora falta dela oraindik, baina lantzen ari garen ideien berri eman nahi dugu. Horien xedea hiria biziberritzea da, bai eta une zailak bizitzen ari diren sektoreei babesa ematea ere, hala nola merkatari txikiei eta ostalariei. Pandemia egoera betean gaudela ahaztu gabe, eta beharrezko segurtasun-neurri guztiak kontuan izanda, inoiz ez bezalako programazio ilusionagarri bat antolatuko dugu, hirian gozatzeko, eta espero dugu hilabete horietan denok hainbeste nahi dugun normaltasuna gurera itzultzea», esan du alkateak.

 

Izotz sintetikoko pistarik handiena

Irungo Gabonetan ohikoak ziren jardueren espiritua berreskuratu nahi dugu: izotz gainean patinatzeko pista, atrakzioak eta kaleko animazioa. Aurten, ordea, formatu berrituan eskainiko dugu, eta aurrekontua bikoiztu egingo da. Izotz-pista, esate baterako, gurera itzuliko da, baina oraingoan handiagoa izango da, eta izotz sintetikoko Espainiako instalaziorik handienetako bat izango dugu, 1.000 m2 ingurukoa, eta egun gehiagoz egongo da, beste kokaleku batean. Zabaltza plazan egon beharrean Ficoba azoka-eremuan egongo da, eta lanean ari gara hirigunearekin eta planteatzen ari diren gainerako ekimenekin lotura ona izateko. Helburua da pista hori elementu erakargarri bat izatea irundarrentzat baina baita Euskadiko eta Frantziako herritarrentzat ere, instalazio ezin bereziago bat izango baita.  Hortik aurrera, bisitariek hiri osoan programatu diren gainerako jardueretara joan ahalko dira, eta egun berezi batez gozatu ahalko dute Irunen erosketak egiteko edo aisialdirako.

Tokiko merkatari eta ostalarien Gabonetako merkatua indartu egingo dugu, postu gehiago jarrita (hogeira arte). Aurten ere Zabaltza plazan izango da, 2020ko edizioak izan zuen harrera ona ikusita. Iaz bezala, argiztapen berezia eta berritua izango du, eta nabarituko da, Gabonetako argietarako aurrekontua aurreko urtekoenaren bikoitza delako ia.

Ibilbide bat sortuz Irundik barrena

Horrez gain, jende guztiarentzako proposamenak egongo dira: txirrista erraldoi bat Pio XII.ean, 2017an jarri zenaren antzekoa, eta Gabon kutsuko beste instalazio bat Sarjiako parkean, herrixka txiki bat, hain zuzen ere. Hiriko puntu desberdinetan jarriko dira, eta asmoa da Gabonetako giroa hiri guztira zabaltzea eta ibilbide bat sortzea familia guztiarentzako proposamen horiek lotuz: Ficoban hasi eta Sarjiara, Zabaltzatik eta Pio XII.etik pasatuta.  Haurrak izango dira protagonistak, haientzat pentsatutako ekimenekin. Gainera, familia eta lana uztartzen lagunduko dute eta bateragarri egingo dute haurrek gozatzea eta tokiko establezimenduetan egitea Gabonetako erosketak.

Nabarmendu behar da, horrez gain, urtero bezala kaleko animazioa egongo dela, oraindik definitu gabe dauden ekitaldi ibiltariekin. COVID-19aren bilakaeraren araberakoak izango dira, eta hiriko merkataritza-eremuak dinamizatzeko balioko dute.

Programazio horrekin batera, kultur agenda sendo bat egongo da hiruhileko osoan, urritik hasita eta Gabonetako programaziora iritsi arte. Musika eta antzerkia izango dira kultur agenda berezi horretako protagonistak. Datorren egunotan emango dugu horren berri.

X