Memoria Historikoaren Astearen balorazioa

 

Irungo Udaleko Memoria Historikoko zerbitzuak egindako lanaren balantzea egin du, abuztuaren 30tik irailaren 5ra arte ospatu zen Memoria Historikoaren Astean antolatu ziren jardueren berri emateko, 1936ko Gerraren 85. urteurrenean.

«Astelehenean eman genuen jendaurrean jardueren berri, abuztuaren 30ean, eta oso harrera ona izan du San Juan plazan, San Migel plazan eta Zabaltza plazan egon den erakusketa ibiltariak. Bisitari ugari hurbildu dira paneletara, hala 1936ko argazkiak ikusteko nola gerraren inguruan prestatu genuen edukia irakurtzeko. Esan dezakegu herritarren parte batengana iristea lortu dugula, eta memoria historikoa ikusgai bihurtzen lagundu dugula», adierazi du Santi Jiménez ordezkariak.

Antolatutako hitzaldiei dagokienez, abuztuaren 31n eta irailaren 1ean izan ziren, asteartea eta asteazkena, hurrenez hurren. Memoria Historikoko zerbitzuak balorazio positiboa egiten du. Bietan ala bietan bete egin zen Amaia KZko hitzaldi-aretoa, eta pertsona batzuek kanpoan geratu behar izan zuten, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurrien artean gisa horretako ekitaldietako plaza kopurua murriztea baitago. «Hori dela eta, hitzaldiak aurrerago berriz eskaintzeko aukera aztertzen ari gara», diote Memoria Historikoko zerbitzutik.

Azkenik, ostiralean adierazpen instituzional bat argitaratu zen, Irungo Udalean ordezkaritza duten talde guztiek babestua. Departamentuaren iritziz, «aurrerapauso handia da gai horren inguruan udal-talde guztien adostasuna lortu izana». Balantzea amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete jardueretara hurbildu eta aktiboki parte hartu duten herritar guztiei.

 

Foto expo Memoria

X