Klimaren eta Energiaren Jasangarriaren aldeko Ekintza Plan berria egiteko, kontuan hartuko dira herritarren iritziak

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak martxan jarri du Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Plan (KEJEP) berria idazteko prozesua. KEJEPen neurri zehatzak definituko dira emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren aurrean egokitzeko, eta epe luzeko estrategia gisa planteatzen da dokumentua, 2030era bitarteko epemuga baitu.

«Guztioi eragiten digu klima-aldaketak, eta horregatik bildu nahi ditugu irundar guztien iritziak eta ekarpenak. Udaleko arloekin eta normalean gurekin elkarlanean aritzen diren gainerako erakundeekin lan egiteaz gain, Ekintza Plan berriak konpromiso irmoagoa izango du klima-aldaketaren efektuei aurre egiteko herritarrei modu aktiboan entzuten badiegu eta horien parte-hartzearen bidez egiten badugu», zioen Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak.

Horrela, kontuan izanik klima-aldaketarekin lotutako guztian zer garrantzi duten herritarrek, galdetegi bat osatu da Irungo herritar guztiek bete ahal izan dezaten. Galdetegia Irungo Udalaren webgunean (www.irun.org) jarriko da eskuragarri irailaren 1ean, asteazkenarekin, eta irailaren 24ra arte egongo da irekita. Gainera, webgune horretan bertan interesdun guztiek kontsultatu ahal izango dute Irungo emisioen inbentarioa eta klima-aldaketaren aurreko zaurgarritasunaren diagnostikoa biltzen duen dokumentua, bai eta orain arte eginiko lana laburbiltzen duen aurkezpen labur bat ere.

Galdetegiak bederatzi galdera ditu, gure hiriko klima-aldaketarekin eta energia-kontsumoarekin lotutako gaiei buruzkoak, bai eta horien eraginpean suerta daitezkeen sektoreei buruzkoak ere. Era berean, jarduteko alor posibleei eta etorkizunean egokitzeko egin beharreko ekintzei buruz ere galdetzen da. Gehienetan, aukera bat hautatu behar da edo zenbait aukera ordenatu behar dira. Galdetegiaz gain, norberak nahi duena idazteko bi galdera daude, eta ekarpenak edo iruzkinak egiteko atal bat.  

 

2010etik

Irun Alkateen Itunera atxiki zen 2010eko irailaren 9an, eta hori dela-eta idatzitako ekintza-plan zaharra ordeztuko du KEJEPek. 2020an, Irunek energia-eredu berri baten aldeko konpromisoa berretsi zuen Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna izeneko ekimen berriarekin bat eginda. Urrats honekin, Udalaren energia-estrategiari klima-aldaketaren ondorioei egokitzeko neurriak gehituko zaizkio. Itun horri esker, uneotan Irungo Udala Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Plan (KEJEP) berria diseinatzeko prozesuan murgildurik dago.

Irun jasangarriago horren diseinuan, ezinbestekoa da Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea, berriki sortutakoa. Bertan parte hartzen dute talde politikoek eta herritarren erakunde eta kolektibo garrantzitsu ugarik, gai horiek guztiak lantzen joateko.

X