Arte garaikidea izango da hiriko udazkeneko kultur agendako protagonista

Irailaren 18an, larunbatarekin, Ribera feriaren seigarren edizioa egingo da, eta astelehen honetan bertan egitekoak diren jardueren programa aurkeztu du Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak. Feria horrez gain, arte garaikideak pisu handia izango du udazkeneko kultur agendan, dagoeneko martxan diren Ribera bekekin eta artistentzako laguntzekin batera.

Ribera programa horren xedea da arte garaikideko proposamenak eta memoria historikoa uztartzea, bai eta uraren kultura ere, hiriko harreman sozialetan duen eragina kontuan hartuta. Diziplina askotako prozesu artistikoetan oinarritzen da, eta baterako sorkuntzaren, parte-hartzearen, ikerketaren eta esperimentazioaren alde egiten du.

Juncal Eizaguirrek nabarmendu duenez, «segurtasun-neurriekin bada ere, hirian kultura sustatzen jarraitzen dugu, aire zabalean, egungo egoerari egokitutako edizioekin. Iaz Ribera berrasmatu genuen, eta aurten ez da gutxiagorik izango. Arte garaikidearen aldeko apustua egin dugu, arloko ildo estrategikoetako bat baita. Irailaren 18an, larunbatarekin, Osinbiribileko bidegorria eta pasealekua zenbait esperientzia artistikoren kokaleku izatea nahi dugu, Bidasoa ibaiarekin eta mugaren kontzeptuarekin lotuta, aldi berean gozatzeko eta ikasteko».

Aurtengo edizioak herritarrei irekitako jarduera batzuk eskaintzen ditu Osinbiribileko bidegorrian zehar, saihesbidearen eta Santiago kalearen arteko bidegurutzearen azpiko zubitik Artiako kanaleraino. Aurten, entzutea izan da artistek landu duten kontzeptua, pertsonen eta ingurunearen arteko harreman gisa ulertuta. Jardueren bidez, gure Bidasoaren erribera partekatzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu, gure belarriak, gure ulermena eta lurraldearekin ditugun loturak entrenatuta.

Jarduera guztietan, parte-hartzaileak banatuta egongo dira, neurri hauek errespetatu ahal izan daitezen: maskararen erabilera, eskuak garbitzea, segurtasun distantzia, etab. Tailerretan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik (plaza lortu dutela jakinaraziko zaie parte-hartzaileei). Irrati-antzerkiaren kasuan ez da izenik eman behar: aulkiak jarriko dira eta nahi duenak parte har dezake, leku guztiak bete arte.  «Natura eta haren dardara» jarduerari dagokionez, aire zabaleko paseo edo ibilaldi gidatu bat izango da, Bidasoaren ertzetik, eta parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.

Honako jarduerak hauek izango dira:

10:00h

Abere ba - BIGARA

Palindromoen tailerra: palindromoak ezagutzen hasteko tailer honetan animalien izenekin, hitzarekin, irudiarekin eta ahotsarekin jokatuko dugu. Iraupena: ordubete.

11:00

«ERTZAK», INKO MARTIN

Irrati-performancea. «Ertzak» soinu bidezko fizkio-lan bat da, eta soinuan murgiltzeko bidaia bat eskaintzen dio publikoari. Horretarako tresnak ahotsa, zuzenean sortutako soinu-efektuak eta grabazioak izango dira.  Istorioaren haria antropologo batek Peruko Amazonian bizi duen esperientzia izango da. Horren bidez, garenarekin eta inguratzen gaituenarekin lotuko gara, eta esploratu eta birdeskubritu egingo dugu.

12:00

«Natura eta haren dardara» paseo gidatua, Idoia Zabaleta, Sofía Asencio, Chus Dominguez eta Tomás Aragayrekin.

Ekimen honek paseo bat proposatzen du Bidasoa ibaiaren ertzetik itsasorako bidean, eta ibiltariei gonbita egingo zaie korronte horiek entzuteko, zenbait ahots eta ikuspunturen arabera. Iraupena: ordubete.

13:00

«BELARRIZ SU(S)MATU» tailerra, Maite Arroitajauregirekin (Mursego)

Soinu-paisaia gure inguruan etengabe hazten ari den musika-pieza bat da eta gu haren entzuleak, musikariak eta konpositoreak gara aldi berean.

Iraupena: ordubete. 10 urtetik gorakoentzat gomendatua

Jardueretan izena emateko esteka:  E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Egun osoan, gainera, «Oroimenaren hormak» izenburuarekin, esku-hartze artistiko bat egingo da saihesbideko zubiaren azpian dagoen horman, aurrekoetan bezala. Oraingoan, Maialen Arocena eta Jabier Rodríguez izango dira arduradunak.

Riberaren programaren parte ez bada ere, feria horren espirituarekin bat egiten du Etorbideko zubian 19:30ean eskainiko den «Dantz Point» musika elektronikoko ikuskizunak. Sarrera librea da, baina lekuak mugatuak dira, ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak direla eta.

Ribera bekak

Era berean, Kulturako ordezkariak jakinarazi du horrekin batera aurrera doala Ribera beken ekimena ere. Tandem moduko beka-formatua du programa aurrendari honek, hau da, ekimenaren xedeko bi perfiletatik bana ordezkatzen duten bi pertsonak osatzen dute:  alegia, batak alderdi artistikoa lantzen du, eta besteak lotura handiagoa du ikerketarekin. Orain arte, beken bigarren hanka hori antropologiari eta historiari eskaintzen zitzaion batik bat, baina iazko ediziotik beste diziplina batzuetara zabaldu da, hala nola, geografiara, nazioarteko harremanetara edo biologiara, betiere ikuspegi humanizatu batetik.

Ildo horretan, Ribera 2021 emaitzak aurkezteko agertokia izango da: Amaia Molinet-ek eta Olesya Dronyak-ek «Mugaz gaindiko esanahi kulturalak Bidasoa-Txingudin. Bisualtasunaren eta hitzezkoaren artean» izeneko proiektua aurkeztuko dute, eta Tamara Cuéllarrek eta Félix Martín Cámarak, berriz, «Larreaundi auzoko belaunaldien arteko kronika: langile-auzo baten atzera begirakoa, Irungo ispilu konkabo bezala».

Urriaren 4ra arte

Era berean, Kultura arloak jakinarazi du 2021eko deialdia irekita dagoela. Ekimenean bi beka emango dira: bakoitzak 9.000 euroko zuzkidura du eta 9 hilabeteko iraupena izango dute. Bekek bi esku-hartze artistiko ekarriko dituzte, eta aurreikusten da horien aurrerapen bat ikusgai egongo dela datorren urteko Riberako programan. Oinarriak eta informazio guztia Udalaren webgunean kontsultatu daitezke. Eskaerak ohiko edozein bide erabiliz aurkeztu ahalko dira, HAZ bulegoaren bidez edo egoitza elektronikoaren bidez, urriaren 4ra arte.

2021eko artistentzako laguntzen deialdia ere argitaratu da. Programa berezi horren bidez, sorkuntza artistikoa sustatu eta babestu nahi da Bidasoaldean, interes berezia jarrita mugaz gaindiko parte-hartzean. Helburua proiektu artistiko bat garatzea da, Irunen bertan edo hiriaren eragin-eremuan, eta migrazio-mugimenduen alderdi soziala eta migrazio-mugimenduek aniztasunaren eta kultura- eta hizkuntza-trukearen aldetik dutena izan beharko du gaitzat. Era berean, Irun historian pertsonak hartu eta babestu dituen mugaz gaindiko hiri eta igaroleku izatearekin erlazionatu ahalko da proiektua.

Laguntzen emaitzak edozein arlo edo diziplina artistikotako proposamenak izan ahalko dira: arte plastikoak, musika, literatura, arte digitala, performanceak, diseinu eta arte grafikoak, argazkilaritza, ikus-entzunezkoak, dantza, antzerkia... Obrak igarokorrak zein iraunkorrak izan ahalko dira, eta Irunen aurkeztu beharko dira, Udalaren kultur instalazioetan eta/edo espazio publikoan. 6.800 euroko bi laguntza emango dira.

Eskabideak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren aurrean edo Irungo Udalaren egoitza elektronikoan (www.irun.org/sac helbidean) aurkeztu ahalko dira, eta, horretarako, eskatzaileak IrunTxartela izan beharko du, edo sinadura elektronikoko beste ziurtagiri bat. Urriaren 4ra arte dago irekita epea.

 

X