Irungo Udala ikasturte berria prestatzen ari da

 

            Datozen egunetan, hiriko ikastetxeak martxan jarriko dira berriro ere, eta Irungo Udalak hainbat ekimen jarri ditu abian, pandemia dela eta. Joan den ikasturtean ere hartu ziren neurri hauek, eta irailetik aurrera hartuko dira berriro, ikastetxeetarako ezarritako funtzionamendu protokoloa eta COVID-19aren aurkako neurriak kontuan izanik.

Karpak ikastetxeetako patioetan

2020-2021 ikasturtearen amaieran ikastetxeekin harremanetan jarri, eta, COVID-19 pandemiaren ondorioak direla-eta, udaren ostean patioetan karpak jartzeko prozedurari ekin dio Irungo Udalak. Aurreko ikasturtean ere jarri zituen, ikastetxeen eskariz, ikasleek dagozkion segurtasun eta urruntze neurriak beteta eta burbuila taldeak errespetatuta gozatu ahal izateko patioez, euri egunetan batez ere.

Udalak berak mantendu behar dituen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoekin izandako elkarrizketen esparruan aukeratu da jarriko den karpa mota, eta ikastetxe hauetan jarriko da: Belaskoenean (HHko eraikinean), Dunboan (LHko eraikinean), Elatzetan (HHko eraikinean), Toki Alain (LHko eraikinean), Eguzkitzan eta Txingudi Ikastolan (LHko eraikinean). Lekaenean bakarrik ez da instalatuko karparik: joan den urtean bezala, Zuzendaritzaren arabera, estalpeko instalazio nahikoak ditu.

Hezkuntzako ordezkari Santi Jiménezen esanetan, neurri hau “beharrezkoa da beste urte batez, ikastetxeen eskaerei erantzuten baitiegu horrela eta COVID-19aren ondorioz ezarritako segurtasun neurriak errespetatzen jarraitzen baitugu; gainera, aldi berean, ikasleek gune berriak dituzte ikastetxeetan”.

Oro har, aurreko fasean muntatutakoen mota eta tamaina bereko karpak instalatuko dira, Eguzkitzako eta Elatzetako patioetan izan ezik: Eguzkitzan, 2021eko udan patioa eraberritzea aurreikusten zela-eta, instalatuko den karparen neurriak aldatu dira, eta karpa handiagoa izango da; Elatzetan, berriz, beste kokaleku batean jarriko da karpa, ikastetxearen beharretara hobeto egokitzeko.

Bide Publikoko Arloak hasia du lanen kontratazioa, eta 94.724,66 euroko aurrekontua du horretarako. Joan den ikasturtean bezala, Udalak beharrezkoa den kontu sail ekonomikoa aurreratuko du, karpak lehenbailehen jartzeko eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak horretarako iragarritako dirulaguntza deialdian parte hartu ahal izateko.

Bide Publikoko ordezkari Mónica Martínezek nabarmendu duenez, “karpak lehenbailehen eskura izateko prozedurari ekin diogu, jakinik ikastetxeei baliagarriak zaizkiela beren jardunean. Era berean, garbiketa eta desinfekzio lanak areagotuko ditugu, funtsezkoak baitira pandemiaren testuinguruan”.

Garbiketa eta desinfekzioa

Joan den ikasturtean bezala, Udalak garbiketa eta desinfekzio lanak areagotuko ditu berak mantendu behar dituen ikastetxeetan: egunean behin, instalazio guztiak garbitu eta desinfektatuko dira, eta, ardura handiagoa behar den guneetan, maiztasuna handiagoa izango da, eta garbiketa eta desinfekzio lanak egunean behin baino gehiagotan egingo dira; betiere, ikastetxeetako eskola ordutegietara egokituta, ikasturte hasierako lanaldi erditik aurreragoko lanaldi osora arte.

X