Adierazpena: Irungo guduaren eta okupazioaren 85. urteurrena

 

Asteburu honetan 85 urte dira tropa kolpistek Emilio Molaren eta, azken batean, Francisco Francoren gidaritzapean Irunen abiarazi zuten gudua eta okupazioa bukatu zirela. Bigarren Errepublikari esker, Euskadiko lehenengo autonomia estatutua onartu zen, 1936ko urriaren 1ean, Gorteetan, eta, horren ondorioz, lehenengo euskal gobernua eratu zen, 1936ko urriaren 7an, Gernikan, baina militarrek Errepublikaren kontrako kolpea eman, eta, Euskadiko gainerako herri eta hiriek eta Espainia osoak bezala, ondorioak sufritu zituen Irunek.

Hamarkadak igaro dira, baina oraindik ere ez dira ezagutu 1936ko udatik diktadura frankistaren bukaerara arte Irunen jazo ziren giza eskubideen urraketen biktima guztiak.

Irun Gipuzkoako lehenengo erresistentzia gunea izan zen, eta, hilabete eta erdiz, kolpistei aurre egin zien: 1936an, herria Endarlatsan, Pagogañan eta Erlaitzen borrokatu zen, eta, gero, barrikadak jarri zituen Behobian, Azken Portun eta hiriaren erdialdean bertan. Bada, gaur, 85 urte geroago, armak eskuan hartuta kolpistei aurre egin eta demokrazia eta Bigarren Errepublikaren legezkotasuna defendatu zituzten guztiak omentzen ditugu, mendian zein hirian borroka egin eta inoiz ez baitzuten amore eman.

Tokiko Defentsa Batzarra osatzen zuten alderdi politikoek, ezkerrekoak beraiek neurri handi batean, aktiboki parte hartu zuten borrokan eta hiriaren defentsan, baina ez ziren bakarrak izan: Gipuzkoako Gerra Komandantziara adskribatutako miliziak, asturiar dinamitariak eta Bartzelonatik etorritako anarkistak ere izan ziren Irungo guduaren protagonista. Alde horretatik, bereziki aipatzekoak dira munduko hainbat lekutatik Bigarren Errepublika, beronen legezkotasuna eta hiria defendatzera etorri ziren internazionalistak, elkartasun handia eta orduko ideia politikoekiko konpromiso irmoa agertu baitzituzten.

Irun tropa errebeldeetatik babesteko laguntza aktiboa eman zuten emakumeek ere heroitzat hartuak izatea merezi dute, lehen lerroan beren bizia arriskuan jarri zutenak zein atzeragoardian askotariko lanak egin zituztenak: gerraostean eta diktadura garaian, gizonek adinako errepresioa jasan zuten, edo are handiagoa, baina Historiak ahaztu egin ditu, eta isiltasunera kondenatu.

Ezin ditugu alde batera utzi zorigaiztoko egun haietan horda kolpisten izua eta beldurra sufritu zituzten eta erbesteratu egin behar izan zuten pertsonak ere. Beren bizitzak atzean utzi eta bizitza berriei ekin behar izan zieten, gerra ate joka zela bildu ahal izan zituzten ondasun apurrekin. Irundar errefuxiatu gehienek Bilbora, Bartzelonara, Iparraldera eta Frantziako hego-mendebaldeko gainerako eskualdeetara jo zuten. Familia batzuk aste gutxiren buruan itzuli ahal izan ziren; beste batzuek urteak behar izan zituzten jaioterrira itzultzeko; eta, zoritxarrez, beste batzuek inoiz ez zuten zapaldu Irun berriro.

Etorkizunean bakean bizitzeko eta etorkizuna bizikidetzan oinarritzeko bidean aurrera egingo duen memoria kolektibo bat eraiki behar dugu, iragana ahaztu gabe baina. Ildo horretatik, aipatzekoa da elkarte memorialistek, bereziki Irungoek, Nicolas Guerendiainek eta Kepa Ordokik, urte hauetan guztietan egin duten lana.

Espainiako Gobernuak Memoria Demokratikoaren Legearen proiektua helarazi die Gorteei, behin onartuta Espainiako Gerra Zibileko eta diktadurako biktimen erreparazioa  bermatzeko, baita egia, justizia eta erreparazio politikak eta gertatutakoa berriro gertatuko ez den bermeak ere. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen proiektua onartu du, araudi memorialista Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan aplikatzeko. Administrazioek justizia, memoria eta erreparazio printzipioetan oinarrituz ezartzen dituzten politika guztiak sendotzea eta esparru juridiko batez hornitzea dute helburu bi lege proiektuek, eta gerra eta diktadura jasan zituzten biktima guztientzako laguntzak eta ezaguera handitzen lagunduko dute.

Irungo Udala ere memoria historikoa sustatzen ari da, berariazko ordezkaritza baten eta Memoria Historikorako Bulegoaren sorreraren bidez; hain zuzen ere, testigantzak bilduko ditu Bulegoak, eta giza eskubideen urraketen biktimei aholku emango die.

Horregatik guztiagatik, 1936ko gerra nola edo hala sufritu zuten irundar biktima guztiak gogoratu, ezagutu eta omendu behar ditugu.

X