Erromatar Museoak 6.600 bisitari eta erabiltzailetik gora izan ditu udan

Behin abuztua bukatuta, Irungo Udaleko Kultura Arloak Oiasso Erromatar Museoko jarduera datuen berri eman du: 2021eko ekainean, uztailean eta abuztuan, 6.631 bisitari eta erabiltzaile izan dituzte instalazioak eta bertako jarduerek. Bada, Dies Oiassonis jaialdia alde batera utzita, 2014ko udatik honako daturik onena da, orduan 7.132 izan baitzituzten.

2020an, pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu zen Dies Oiassonis jaialdia, baina, aurten, aurrera eraman ahal izan da, COVID-19aren kontra ezarritako segurtasun eta prebentzio neurrietara egokituta, eta, nahiz eta ezin izan den ekitaldi jendetsurik antolatu, antzerki emanaldiek eta Irungo merkatari eta ostalariekin elkarlanean antolatutako jarduerek ehunka pertsona erakarri dituzte. Ildo beretik, Santa Elena eguna ere neurriak hartuta ospatu da, eta, abuztuaren 18an, ateak zabaltzeko egunean, 360 lagun izan ziren ermitan.

“Lokatza historiaren zaindari” aldi baterako erakusketak, zeina irailaren 19ra bitartean ikus daitekeen, eta “Emakumeak eta gastronomia: euskal sukaldaritzaren transmisioa, erromatar garaitik egungo abangoardiara” izenburukoak, zeina urriaren 31ra bitartean ikus daitekeen, 1.709 bisitari erakarri dituzte, % 12 gehiago. Irugurutzetara tren berdean egindako bisita gidatuetan, Ama Xantalengo nekropolira egindakoetan eta tailer didaktikoetan ere erabiltzaile kopurua murriztu da, eta zegozkion prebentzio eta higiene neurri sanitarioak hartu dira, baina, edonola ere, bisitari eta erabiltzaile kopurua % 47 handitu da, eta 1.234 lagunek parte hartu dute; Irugurutzetako bisitak, zehazki, % 79 hazi dira.

 Oiasso visita Irugurutzeta

Bisitari eta erabiltzaileen jatorriari buruzko datuek adierazten dutenez, Espainiako turisten kopurua nabarmen handitu da; bereziki, Madril eta Kataluniakoena eta Valentziako Erkidegokoena, joan den urtekoa halako lau izan baita.

Aurten ere, bisitariek bikain puntuatu dute Museoa, 5 puntuko eskalan 4,6 eman baitizkiote; zehazki, 2021eko udan, berriro ere, erakusketa iraunkorraren kalitatea eta langileen arreta izan dira hobekien baloratutako itemak, hurrenez hurren. Alde horretatik, hona hemen Oiasso Museoaren Google My Business kontuan azken hiru hilabeteetan bildutako iruzkin batzuk: “Oso gidari atsegin eta profesionalak”, “Oso didaktiko eta zehatza, haurrentzat batez ere” eta “Magnifique”.

Urteko azken lauhilekoan, Museoko jarduera programak (ikastaroek, tertuliek, erakusketek...) aurrera jarraituko du, osasun agintariek unean-unean ezartzen dituzten arauetara egokituta.

Museoaren kultur jardueren eskaintza oporraldiaren osterako

Irailaren 7an, asteartearekin, “Camino de Santiago, se hace camino al andar. Historia, arqueología, arte, leyendas y mitos jacobeos” ikastaroan izena emateko epea hasiko da. Oiasso Museoaren ikastaro berria Donejakue bideari buruzkoa izango da, eta historia, arte eta arkeologia gaiak landuko ditu, baita apostoluaren ustezko hondakinak dauden hilobiaren inguruko mito eta kondairak. Jatorrizko Bidean eta Frantses Bidean jarriko du arreta, Aragoiko bidea eta bigarren mailako beste bide batzuk barne, baina beste gai batzuk ere jorratuko ditu, ez hain ezagunak, hala nola erromesak babesten zituzten ordena militarrak eta “Ingeles bide” delakoa, eta adituak gonbidatuko ditu.

Eskolak irailaren 28tik abenduaren 23ra bitartean izango dira, bi txandatan: astearteetan, 18:00etatik 19:00etara bitartean, eta ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara bitartean. Hamabi saio aurreikusi dira txanda bakoitzeko, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako doktore Jokin Lanzek emango ditu. Toki kopurua mugatuko da. Maskara erabili beharko da nahitaez, 1,5 metroko distantzia utziko da pertsonen artean, eta gel hidroalkoholikoa banatuko da, eskuak garbitzeko. Izena emateko, Oiasso museoko harrera lekura joan behar da, edo 943639353 telefono zenbakira deitu eta toki bat erreserbatzeko eskatu. Ikastaroaren prezioa 65 eurokoa da.

Bestalde, egun berean, antzerki tailerretan eta irakurketa dramatizatuen tailerretan izena emateko epea hasiko da, joan den udaberrian arrakasta handia izan baitzuten. Proiektua Kutxa Fundazioaren laguntzarekin atera da aurrera, eta helduak zein gazte eta haurrak antzerki klasikora erakartzeko tailerrek osatzen dute. Antzerki munduko profesionalek emango dituzte tailerrak, parte hartzaileen adinera egokituta, eta Oiasso Erromatar Museoaren egoitzan egingo dira guztiak. Telefonoz eta posta elektronikoaren bidez eman daiteke izena.

 

Helduentzako antzerki tailerrak

  • Arduraduna: Olatz Beobide
  • Adina: 21 urte gutxienez
  • Data: irailaren 28tik abenduaren 21era bitartean, astearteetan
  • Ordutegia: 18:30-20:00
  • Prezioa: 20 €

Helduentzako irakurketa dramatizatuen tailerra

  • Arduraduna: Ana Pérez
  • Adina: 18 urte gutxienez
  • Data: urriaren 1etik abenduaren 17ra bitartean, ostiraletan
  • Ordutegia: 18:30-20:00
  • Prezioa: 15 €

Haurrentzako antzerki tailerrak

  • Arduraduna: Olatz Beobide
  • Adina: 8-13 urte
  • Data: irailaren 28tik abenduaren 21era bitartean, astearteetan
  • Ordutegia: 17:15-18:30
  • Prezioa: 20 €

Azkenik, gogoan izan beharra dago Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanari esker Oiasso Erromatar Museoak eta Gordailuak EHUren udako ikastaro bat antolatuko dutela, “Una vez fuímos Roma”. Saioak aste honetan izango dira, hilak 2 eta 3, Irunen, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroaren egoitzan eta Oiasso Museoarenean.

X