Emakumeen Etxearen proiektuaren urrats berriak

Istillaga plaza 8ko lokalean kokatuko da

Irungo Udalak jakinarazi du Emakumeen Etxearen proiektua idazteko eta obra zuzentzeko lanak enkargatu dituela. 42.350 euroko aurrekontuarekin, lan horiek egikaritze-proiektuaren ildo nagusiak marrazteko eta azken kokalekura (Istillaga plaza 8, udalaren jabetzako lokala) egokitzeko balioko dute.

Obra arloak enkargatu ditu lan horiek, eta Cristina Laborda arloko ordezkariak nabarmendu duenez: "prozedura oso bat jarri dugu abian, espazio hori ahalik eta lasterren egokitzeko eta hirian Emakumeen Etxe gisa erreferentzia bihurtzeko. Asmoa da proiektuaren idazketa hiriko emakumeekin irekitako parte-hartze prozesuarekin egokitzea, lokalaren barrualdea zehazte aldera".

Obra arloak irekitako prozeduraren xedea da, egikaritze-proiektuaz gain, alternatiben azterlan bat idaztea; hori guztia 280m2 inguruko azaleran. Aurreikusi egin beharko da lokala egokitzeko zer instalazio behar diren (elektrizitatea, aireztapena, klimatizazioa, iturgintza, saneamendua, etab.). Espazio malgu, balioaniztun, zabal, eroso eta argitsua proiektatu nahi da. Barrualdean, gainera, zenbait espazio ere aurreikusi beharko dira, hala nola egonlekua, erabilera anitzeko gela, harrera-lekua, biltegia eta bulegoa.

Cristina Labordak gogorarazi du aurtengo aurrekontuetan, proiektua idazteko partida horretaz gain, obra-zuzendaritza ere sartzen dela, eta baita egokitze-lanak aurten esleitzea ere. Datorren urtean amaituko da, eta hainbat urtetarako milioi erdi euroko gastua da. 

Parte hartzeko prozesua

Berdintasuneko ordezkari Miren Echevestek gogorarazi du horrekin batera parte hartzeko prozesua martxan dagoela Emakumeen Etxearen edukia diseinatzeko, nahiz eta osasun-krisiaren ondorioz atzeratu egin behar izan zen: “alternatibak eskura izan bezain laster, Etxea diseinatzeko partaidetza prozesuan izena eman duten emakumeei jakinaraziko dizkiegu, guztion artean aukerarik onena hautatzeko”.

Gaur egun, bigarren fasean dago prozesua. Zortzi saio aurreikusi dira, irail-urritik aurrera egitekoak direnak, eta berauen formatua pandemiaren ondorioz ezarritako neurrien araberakoa izango da. Bigarren fasean, aurrera egin eta Emakumeen Etxeko jarduna areago zehaztuko da, baita eguneroko funtzionamenduaren inguruko gaiak ere.

Irungo Sozialistek eta Elkarrekin Podemos/Ezker Anitza-IU taldeak joan den abenduan Gobernu Akordioaren dokumentu bat sinatu zuten ("Garapen Iraunkorreko Helburuak dituen tokiko programa"), eta dokumentu horretan agertzen diren proiektuetako bat da Emakumeen Etxea.  

X