Onartu da Uztapide Bertsolari plaza berrurbanizatzea

Tokiko Gobernu Batzarrak joan den astean onetsi zuen Arbes auzoko Uztapide Bertsolaria plaza berrurbanizatzeko proiektuaren esleipena.

"Asmoa da eremu hori guztia hobetzea, berritzekotan baikinen, eta orain, obra handien arloan dugun jarduketa garrantzitsuenetako bat da", azaldu du Cristina Laborda ordezkariak. "Berrurbanizazioaren bidez, plazak irabazi egingo du irisgarritasunean, eta oinezkoen eta bizikletazaleen mugikortasunean, baina horrez gainera, ingurua atseginagoa izango da, egonguneak ere izango baititu bizilagunen gozamenerako".

Lanen deskribapena

 Bertsolari Uztapide plaza oinezkoentzako eremua da; 2.000 m2 inguru ditu, eta bidegorri batek zeharkatzen du alderik alde. Proiektu honetan zoladura, irisgarritasuna eta azpiegiturak hobetu nahi dira, alderdi horiek egungo araudietara, irizpideetara eta eremu horretako beharretara egokituz.  Plaza horren ondoan bada beste txikiago bat, 450 m2 ingurukoa, eta han ere antzeko beharrak daude.

Bertsolari Uztapide

Jarduketaren helburuak, beraz, honako hauek dira: plazako zoladura berritzea eta antolatzea, oztopo arkitektonikoak kenduta eta oinezkoentzako lotura irisgarriak sortuta; bidegorriaren trazadura hobetzea; plazan egoteko eta aisialdirako lekuak instalatzea; eta zenbait zerbitzuren sareak berritzea (iturriko ura, euri- eta hondakin-uren saneamendua, argiteria publikoa).

Irisgarritasunari begira, kotak eta pendizak aldatuko dira eta eskailerak desagerraraziko dira, bai eta oinezkoen ibilbideei oztopo egiten dieten zenbait parterre ere. Horien ordez, beste parterre edo lorategi batzuk sortuko dira, irisgarritasunari trabarik egin gabe eta oinezkoentzako behar besteko zabalera duten pasabideak utzita.

Oinezkoentzako loturak hobetuko dira, halaber, Esteban Perez de Yerobiko oinezkoentzako pasabidearen bidez, eta Dunboako kanalaren paraleloan doan paseoarekiko loturaren bidez. Era berean, bidegorriaren trazadura aldatuko da ikuspen gutxiko eremu batzuetan.

Bertsolari Uztapide2

Zoladura berria koloretako hormigoi inprimatuaren bidez egingo da, eta egoteko zenbait leku sortuko dira jarduketan: bi jolas-eremu plaza nagusian eta, horren inguruan, zenbait parterre eta hiri-altzari, eta ariketa fisikorako aparatu batzuk ondoko plaza txikian. Azken horretan, espazio irekiagoak sortuko dira, argi natural gehiagorekin. 

Azpiegiturei dagokienez, iturriko uraren, euri- eta hondakin-uren saneamenduaren eta argiteria publikoko sarearen instalazioak berrituko dira. Azken kasuan, argi mota desberdinak instalatuko dira zenbait altueratako zutabeetan, eremuaren arabera. Jarduketa honetan, gainera, Esteban Perez de Yerobi kaleko argiak ere berrituko dira.

7 hilabeteko epea egongo da obra egiteko.

X