Laster, espaloietako ibilerraztasuna eta argiteriaren jasangarritasuna handitzeko jarduketak

Obra Arloak jakinarazi duenez, oztopo arkitektonikoak kentzeko kanpaina berri bat hasiko da laster. Horrelako kanpainen barruko lanak oinezkoen pasabideetako ibilerraztasuna hobetzeko jarduketak izan ohi dira, eta, horretarako, pasabideak egokitzen dira, edo berriak sortzen. Berriki jakinarazi denez, horrelako hobekuntzak egin dira Letxunborro hiribidean, Ibis hoteleko eta Irun kafeko biribilguneen artean, 41.079,50 euroko aurrekontua jarrita, eta, orain, jarduketa berriak aurreikusi dira.

Irisgarritasun Planean oinarrituz espaloietako eta oinezkoen pasabideetako beheraguneak egokitzen jarraitzea da proiektuaren helburua. Aldian-aldian egiten dira horrelako kanpaina berriak, eta, batzuetan, herritarrek eskatzen dituzte, aurrekontuak parte hartzearen bidez egiteko prozesuen esparruan adibidez, kasu honetan bezala. Lanak formatu txikikoak izaten dira, baina balio handia dute, oinez mugitzea errazten eta arazoak saihesten baitituzte, mugitzeko gaitasun murriztua dutenei dagokienez batez ere.

Hiriko oinezkoen pasabide gehienetan, espaloia beheratuta dago, baina, beheragune asko indarrean dagoen araudiaren aurretik egin zirenez, ertzak altu samar daude oraindik ere, eta horrek zailtasunak sortzen ditu oinezkoen ibilian.

Puntu hauetan esku hartuko da hurrengo kanpainaren barruan: Santiago-Dunboa inguruan (kanal gaineko zubiko zebra pasabideetan) eta Txoantenea, Victoriano Juaristi eta Tonpes kaleetan. Lanak egiteko aurrekontua 42.558,94 eurokoa da; epea, bi hilabetekoa; eta enpresa arduraduna, Construcciones Lefesa SL.

Efizientzia energetikoa

Obra Arloak laster Salís hiribidean, Erromes eta Istillaga plazetan eta Pilar karrikan argiteria publikoaren efizientzia energetikoa hobetzeko egitekoak diren lanen berri eman du. Loyola Norte arduratuko da lanak egiteaz. Aurrekontua 34.473,77 eurokoa da, eta epea, hiru hilabetekoa.

Gogoan izan beharra dago Obra Arloak hiri osoko ia 50 argi koadroren efizientzia energetikoa hobetzeko proiektuak idazteko lanak enkargatu zituela joan den maiatzean. Izan ere, Udalak urteak darama hiri osoan LED argien sarea zabaltzeko lanean, argiztapen sistemak berritu eta soluzio ekologikoagoak ezarri nahian, eta pauso horrek jarraipena ematen dio jasangarritasunaren aldeko apustuari.

Argiteria publikoaren efizientzia energetikoa hobetuta, kontsumoa zein argi kutsadura murrizten da, eta CO2 gutxiago isurtzen. Bada, horretarako, hiri osoko kaleetako 3.190 argi puntu elikatzen dituzten 40 aginte eta kontrol zentrotan esku hartuko da. Oraingoz, esan bezala, proiektuen idazketa hasi da. Nasei Ingenieria SLri esleitu zaizkio lanak, eta aurrekontua 55.902 eurokoa da.

X