Sorpresak eta animazioa udako zinemari agur esateko

Uda oro, hiriko kultur programazioaren protagonistetako bat da aire zabaleko zinema, eta, datorren ostiralean, hilak 27, hitzordu berezia dugu, Junkal plazatxoan: 22:00etatik aurrera, Charlie y la fábrica de chocolate filma emango da (Tim Burton, 2005), gaztelaniaz.

Ikusleek, filmaz gozatzeaz gain, emanaldia hasi aurreko animazio ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, Willy Wonka izango dugu gurekin, ikusleei harrera egiteko eta sari banaketan parte hartzeko beharko duten gauzatxo bat banatzeko. Izan ere, filmean, Charliek urrezko billete bat behar du txokolate fabrikaren barrura sartzeko, eta, aitzakia horrekin, opari txiki bat egingo zaie ikusleei, istorioaren osagai nagusiaren oroigarri.

Animazioak udako aire zabaleko zinema zikloari amaiera bikaina ematea du helburu, eta, filma aukeratzeko, kontuan hartu da Irunen eta txokolatearen arteko lotura sendoa, Irunek bere fabrika ere izan baitzuen. Bost film luze eman dira zikloaren barruan.

Sinopsia: Charlie Bucket (Freddie Highmore), oso familia pobre bateko oso haur on bat, egun batez Willy Wonka (Johnny Depp) xelebrearen eta haren oompa-loompa taldearen txokolate fabrika erraldoian sartzeko lehiaketa baten irabazle suertatu da, eta, mundu osoko beste lau haurrekin batera, zaporez betetako mundu fantastiko eta magiko batean murgilduko da.

Emanaldia doan izango da, eta gonbidapenak, pertsona bakoitzeko hiru gehienez ere, barrutiaren sarreran hartu ahalko dira, ikuskizuna hasi baino 50 minutu lehenagotik. Gainera, pandemia dela-eta ezarritako segurtasun eta higiene neurriak hartuko dira, hala nola edukiera mugatzea eta maskara nahitaez erabili behar izatea.

X