Uztailaren 30a, Pertsonen Trafikoaren Kontrako Nazioarteko Eguna

Gaur, Balioetarako eta Giza Eskubideetarako ordezkari Rebeca Gonzálezek Pertsonen Trafikoaren kontrako Nazioarteko Eguna aipatu du. Uztailaren 30ean ospatuko da, ostiralarekin, eta Nazio Batuen Batzarrak aldarrikatu zuen, 2013ko abenduan.

Rebeca Gonzálezek nabarmendu duenez, “pertsonen trafikoak munduan sortzen duen sufrimenduaren kontra egiteko eta berau salatzeko balio behar du egun honek, leku askotan XXI. mendeko esklabotzatzat hartzen den gaitz bat baita pertsonen trafikoa. Delitu larria da, eta giza eskubideen urraketa bat, urtero milaka emakume, gizon eta haurrek pairatzen dutena. Esplotazio sexualak eta pertsonen trafikoak gure gizartetik desagertu behar dute”.

UNODC Nazio Batuen Drogaren eta Delituaren kontrako Bulegoak pertsonen trafikoari aurrea hartzeko eta hura erreprimitu eta zigortzeko protokoloa aplikatzeko laguntza eskaintzen die estatuei. Hain zuzen ere, Protokoloaren hirugarren artikuluak honela definitzen du pertsonen trafikoa: mehatxua, indarkeria edo pertsonak derrigortzeko beste bide batzuk, bahiketa, iruzurra edo engainua erabiliz, botereaz edo beste zaurgarritasun egoera batzuez abusatuz edo beste pertsona baten gaineko aginpidea duen pertsona baten adostasuna lortze aldera ordain edo etekinak jasoz edo emanez pertsonak esplotaziorako erakarri, garraiatu, lekualdatu eta hartzea.

Espainian, 2008ko abenduaren 12an onartu zen gizakien esplotazio sexualerako trafikoaren kontrako lehenengo plan integrala, eta 62 ekintzak osatzen dute. Funtsezko hiru ardatz ditu: biktimentzako laguntza eta babesa, sare kriminalen eta delituaren kontrako borroka eta prebentzioa, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa. Plana osatzen duten neurri guztiek oinarri bera dute: pertsonen trafikoa oinarrizko eskubideen urraketa da.

X