Bisita gazteria arloak Martindozenean antolatutako udalekuetara

Aurten, 133 haurrek eman dute izena.

Aurtengo programaren barruan, nabarmentzekoak dira inguruko gune naturaletan egitekoak diren jarduerak. Gainera, pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak hartu dira.

Astearte honetan, Udalbatzak, Hezkuntza eta Gazteriako ordezkari Santi Jiménezen bidez besteak beste, Irungo Udalaren udaleku programa bisitatu du, urtero bezala. Iaz, bertan behera geratu ziren udalekuak, eta, aurtengo udan, beste urte batzuetan ez bezala, Martindozenea gaztelekuan zertzen ari da programa, pandemia dela eta.

Aurtengo deialdia 2005etik 2013ra bitartean jaiotakoentzat da, bi urte horietan jaiotakoak barne, eta astebeteko sei txandatan gauzatzen ari da. Guztira, 133 haurrek eman dute izena.

Hezkuntza eta Gazteriako ordezkari Santi Jiménezek nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da haurrak horrelako programetan parte hartzera animatzea, funtsezkoak baitira haien aisialdirako eta hazteko eta sozializatzeko balio baitiete”. Era berean, “udaleku hauek higiene eta segurtasun berme guztiekin egiteko ahalegin eta lana” azpimarratu du ordezkariak.

Laugarren txandan (uztailaren 23tik 29ra bitartean) jazo da bisita, 2008tik 2010era bitartean jaiotako haurrak parte hartzen ari zirela. Udalbatzako ordezkariek programaren barruko egun normal bateko jarduerak ezagutu dituzte: aterpetxearen inguruko proposamenak eta, batez ere, inguruko gune naturalez gozatzeko irteerak, edizio honetako berritasun nagusia. Gainera, aipatzekoak dira hipika, eskalada, surfa eta Santa Klara uhartera, Aiako Harrira eta Larraitzen Txindokiko Itzala abentura parkera joateko irteerak.

Azpimarratzekoa da dagozkion segurtasun eta higiene neurriak hartu direla programarako, hala nola burbuila taldeak sortzea, eta edukierak kontrolatzeko eta pertsonen artean distantzia mantentzeko araudi osoa betetzen ari dela.

X