UNICEFek Haurren adiskide den hiriaren aintzatespena entregatu dio Iruni

Irungo Udalak eta UNICEFek hitzarmen bat sinatu dute asteazken honetan, komunikabideen aurrean. Horren bidez, Haurrekin Adiskidetsu den Hiri gisa aitortu du UNICEFek Irun, aintzatespena emateko uztailaren 14an egin zen ekitaldi telematikoaren ondoren. Aurkezpeneko parte-hartzaile izan dira José Antonio Santano alkatea eta Santi Jiménez Gazteriako ordezkaria, Irungo Udalaren aldetik, eta Isidro Elezgarai UNICEFen Euskal Herriko Batzordearen presidentea.

«Oso harro gaude UNICEFek Irun “Haurrekin Adiskidetsua den Hiri” gisa aitortu duelako. Hiriaren konpromiso bat haurren eskubideen alde, haurren ongizatearen alde eta hiriko bizitzan parte hartzeko duten eskubidearen alde. Haurrak garrantzitsuak dira, eta hala senti daitezen nahi dugu», zioen alkateak, UNICEFi aintzatespenagatik eskerrak eman eta gero.

Gazteria Zerbitzuaren bidez, Udalak 2019ko azaroan aurkeztu zuen sari hori eskuratzeko hautagaitza. Horrekin batera, UNICEFen eta Irungo Udalaren arteko lankidetza-prozesu bati ekin zitzaion, helburu argi batekin: haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotutako politiken garapena, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatzea. 

Orain ofizial egin den aintzatespenak argi erakusten du Udal honek haurren eskubideen ikuspuntuaren araberako kudeaketa-eredu bat maila lokalean aplikatzeko duen konpromiso jarraitua. Eredu horrek barne eta kanpo-koordinazioa sustatzen duen gobernantza-sistema bat eskatzen du, haurrek eta nerabeek benetan parte hartzeko mekanismoak bultzatzen eta sortzen dituena eta haurrak eta nerabeak kontuan hartzeko epe luzeko estrategia bat duena.

«Gure konpromiso irmoenen artean dago gazteak hiriko jardunaren ardatzean jartzea, eta oso albiste ona da UNICEFeko adiskideekin elkarlanean aritu ahal izatea helburu hori betetzeko. Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IU udal-taldean eta Hezkuntza eta Gazteria arloan lanean jarraituko dugu gure haur eta nerabeen ongizatea hobetuko duten politika publiko eraginkorrak bultzatzen, bai eta hiriko bizitza aktiboan haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzen ere», esan du, bestalde, Santi Jiménez ordezkariak.

Hautagaitza aurkezteko prozesuaren barruan, Irungo Udalak haurrek eta nerabeek udalerrian bizi duten egoeraren diagnostikoa egin zuen modu partizipatiboan, eta Haur eta Nerabeen I. Udal Plana onetsi zuen aurtengo otsailean Udalbatzan, aho batez. Planaren diagnostikoaz eta onespenaz gain, haurrek eta nerabeek parte hartzeko udal-organo bat sortu da eta Udalaren barruko koordinazio-mekanismo bat sortu da. Saria emateko ekitaldia datozen asteotan izango da.

Zer dira «Haurrekin Adiskidetsuak diren Hiriak»?

Haurrekin Adiskidetsuak diren Hiriak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat etorriz haur eta nerabeen eskubideak betetzeko konpromisoa duten hiri, herri eta komunitateak eta tokiko gobernu sistemak dira, Honako hauek dira Haurrekin Adiskidetsuak diren Hirien funtsezko oinarriak: politika publiko eraginkorrak diseinatzea (2030 Agendan oinarritutako ikuskera), Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa dutenak oinarri (eskubideetan eta ekitatean oinarritutako ikuskera); haur eta nerabeen partaidetza sustatzea (parte hartzean oinarritutako ikuskera); eta udal mailan haurrekin zerikusia duten eragile guztien arteko aliantzak sustatzea (aliantzetan oinarritutako ikuskera).

Horrela, programaren helburua betetzen laguntzen da: haurren ongizatea hobetzeko politika publiko eraginkorrak diseinatzea eta ezartzea, haurren eskubideen alde eginda, haurren parte-hartzea sustatuta eta hiriak bizitzeko egokiagoak bihurtuta, gazteenentzat bereziki.

Ikuskera hori zertzeko, tokiko gobernuek eta horien aliatuek lortu beharreko helburuak identifikatzen dituzte, ekimenaren bost esparru helburuen babespean:

  • Komunitateek beren baitako haur bakoitza baloratzea, errespetatzea eta zuzen tratatzea
  • Araudi eta politika publikoak eta aurrekontuak osatzeko eta haurrengan eragina duten erabakiak hartzeko, haur bakoitzaren hitza, beharrak eta lehentasunak entzutea eta kontuan hartzea
  • Haur guztiek kalitateko oinarrizko zerbitzuak erabili ahal izatea
  • Haur guztiak ingurune seguru eta garbietan bizitzea
  • Haur guztiek familiarteko bizitzaz, jolasaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera izatea

https://ciudadesamigas.org

X