Antzerkia, musika eta zinema Junkaleko plazatxoan

Kultura arloak asteburu honetarako programatu diren hitzorduak jakinarazi ditu. Uda honetan jardueren agertoki nagusia izaten ari den Junkaleko plazatxoan izango dira. Ostegunetik larunbatera, pandemiari aurre egiteko ezarri diren neurriak beteta, antzezlan bat, kontzertu bat eta film baten proiekzioa programatu dira.

Antzerkia

Lehen hitzordua ostegunean izango da, hilak 22, iluntzeko 20:00etan. Trapuzaharra antzerki-konpainiak Turistreando antzezlana eskainiko digu (gaztelaniaz, 60 minutu). Antzezlan horretan, bidaia-agentzia baten istorioa kontatuko digute (San Fernando Bidaiak): turismo industrialak edo masa-turismoak ingurumenean dituen ondorioak minimizatzeko, kanpaina bat abiarazi nahi dute.  Bidaia birtualak diseinatzean oinarritzen da eskaintzen duten produktu berria. Horretarako, aplikazio berri eta pertsonalizatu bat programatu behar dute, norberaren neurrirako oporraldia antolatzeko.  Santi Ugalde eta Lierni Fresnedo dira antzezlan honetako aktore nagusiak. Isidoro Fernández da zuzendaria.

 

Musika

Ostiralean musikaren txanda izango da, Travellin’ brothers taldearen kontzertuarekin. Euskal talde horrek ibilbide oparoa du rhythm and blues eta soul estiloetan: 15 urte, 8 disko, 1000 kontzertu, birak estatuan, Europan eta Estatu Batuetan... gainera, elkarlanean aritu dira punta-puntako artistekin, nazioarteko jaialdi onenetan parte hartu dute, sari eta aintzatespen ugari jaso dituzte publikoaren zein kritikaren eskutik, eta bizipen asko izan dituzte urte hauetan guztietan. Hitzordua 20:00etan izango da.

 

Zinema

Aste honetako programazioa ixteko, abenturazko eta fantasiazko film bat proiektatuko da larunbatean Junkaleko plazatxoan, 22:00etan: Aladdin. Disney etxearen obra klasikoaren bertsio berria da (2019). Mena Massoud dabil protagonista-lanetan, eta Aladdin alproja maitagarri baina zoritxarrekoaren istorioa kontatzen zaigu, zeina sultanaren alabarekin maiteminduko baita, Jasmine printzesarekin, hain zuzen (Naomi Scott). Printzesaren maitasuna bereganatzen saiatzeko, Jafarrek (Marwan Kenzari) botatako erronkari helduko dio: basamortuaren erdian dagoen kobazulo batera sartzea, desio guztiak egia bihurtzen dituen lanpara magikoaren bila. Hantxe, Aladdinek Jenioa ezagutuko du (Will Smith), eta inoiz irudikatu ez bezalako abentura bat hasiko da orduan.

Hiru ekimenak doakoak dira. Gonbidapenak Junkaleko plazatxoan bertan banatuko dira, ikuskizun bakoitza hasi baino 50 minutu lehenagotik aurrera. Jardueretan pandemiari aurre egiteko segurtasun- eta higiene-neurriak beteko dira, besteak beste: edukiera murriztua eta maskara une oro jantzi beharra.

 

Kontenporanea

Udako kultur agendan nabarmentzeko beste puntu bat da San Juan plazan uztailaren 23an eta 24an egitekoa den arte garaikidearen topaketa. Kontenporanea bueltan da, beraz, iaz bertan behera geratu ondoren. Zenbait jarduera programatu dira V. edizio honetan eta horietan ere, gainerako jardueretan bezala, segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatuko dira.

Bosgarren edizioko gai orokorra, berriz, azken bi urteetako pandemia-egoeraren ondorioz kanpokoaren eta barrukoaren artean sortutako kontrastea da. Asmoa da bizi izandakoaren ikuspegiak partekatzeko gune bat sortzea, dikotomia hori ulertzeko eta lantzeko.

Proposamen aipagarrienetako bat Kontenporanea topaketan programatutako erakusketarako deialdi irekitik sortu da. Zortzi proposamen hautatu dituzte eta topaketaren bi egunetan bisitatu ahal izango da erakusketa, edozein ordutan, eta bisita gidatua egingo da ostiralean, hilaren 23an, 18:00etan irekitzen denean, ordu horretan irekitzea programatu baita. Bisita horren bidez, proposamenen interpretazioak transmititu nahi dira, eta bertan parte hartzeko, aurretik izena eman behar da e-mail honetan: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko..

Erakusketa horrez gain, beste instalazio iraunkor batzuk ere egongo dira Kontenporanea egiten den egunetan. Adibidez, Artmarket delakoa. Arte-merkatu bat da, artisten, diseinatzaileen eta sortzaileen lanak ikusgai jartzeko eta prezio eskuragarrian saltzeko. Diziplina zenbait biltzen ditu, hala nola ilustrazioa, argazkigintza edo diseinua. Bi egun horietan, “Leo Pum” puntuaz ere gozatu ahal izango da. Bertan, errealitate birtualarekin esperimentatu ahal izango da, mugikorreko aplikazio baten bidez. Gainera, “Cayolar” instalazio artistikoa izango dugu San Juan plazan.

X