Desgaitasuna dutenentzako aparkalekuen erabilera hobea

Mónica Martínez Bide Publikoko ordezkariak prentsaurrekoan jakinarazi du Udalbatzak uztaileko osoko bilkuran aztertuko duela desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela eta erreserba bereziak arautzen dituen udal-ordenantza aldatzeko proposamena. Harekin batera, Elkartu Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileko ordezkariak izan dira.

"Aldaketa honen bidez, ordenantza araudi berrira egokitu nahi da, bai desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko tokiak ematerakoan hobeto kontrolatzeko, bai plaza generikoak eta izendunak behar bezala erabiltzen direla kontrolatzeko. Kasu batzuetan ikusi dugu erabilera ez dela egokia izaten ari; ekarpenak ere jaso ditugu, eta, hala ere, helburu nagusia da espazio horiek benetan behar dutenek erabiltzea", azaldu du Mónica Martínezek.

Aldaketaren xedea, beraz, ordenantza eguneratzea da, dagokion Errege Dekretuaren alderdiak kontuan hartuta, eta aldaketak proposatzen ditu, dauden bi aparkaleku-moten erabilera hobetzeko. Batetik, erabilera izenduneko plazak daude (titularrak bakarrik erabil ditzake, aldez aurretik eskatuta), eta, bestetik, aparkatzeko erreserba generikoak, desgaitauentzako aparkatzeko txartela duen edozein titularrek erabiltzeko pentsatuak.

Ordenantzaren aldaketak bere egiten ditu Errege Dekretuak berekin dakartzan berritasunak, eta haien artean aipatzekoak dira zamalanak egiteko guneetan gehienez ere 60 minutuz aparkatzeko aukera eta aparkamendu arautuko guneetan tiketa atera eta gehienez ere 60 minutuz aparkatzeko aukera; aukera horiek baliatzeko, betiere, dagokion txartela agerian jarri beharko da ibilgailuaren barruan.

Bestalde, aldian-aldian desgaitasunen bat dutenek aparkatzeko tokiak behar bezala erabiltzen direla kontrolatzeko egiten dituen kanpainen barruan, Udaltzaingoak egiaztatu du izendun tokien kopuru jakin bat ez dela jarraituki edo erregulartasunez erabiltzen, hutsik dagoela ia beti. Bada, ordenantzak aldaketak egingo ditu horrelako tokiak esleitzeko prozesuan: izendun tokia eskatzearekin batera, hura erregulartasunez erabiltzeko beharra duela egiaztatu beharko du titularrak –lanegunetan egunero erabiltzea hartuko da erabilera erregulartzat–, eta, horretarako, ordenantzak ezartzen dituen eskakizun batzuk betetzen dituela justifikatu beharko du.

Era berean, plaza izenduna eskuratzeko aukera ematen zaie txartelaren titularra izan eta 12 edo 13 puntuko mugikortasuna edo B graduko mugikortasuna ezarrita daukatenei ere. Orain arte, A graduko pertsonentzat bakarrik zen (mugitzeko gurpil-aulkia behar dutenak). Gogoratu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak ebaluatzen duela mugikortasun-gradua. Azkenik, abonamendu bat ere gehitu da plaza izenduna erabiltzeagatik urteko tasa duena.

Erabilera generikoko plazei dagokienez, honetan ere Udaltzaingoaren kanpainen bidez, ikusi da mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatzeko plaza asko txartelaren titular batek bakarrik betetzen dituela zenbait egunez jarraian, eta horrela, plaza hori erabiltzeko aukera kentzen zaio aparkatzeko txartel berezia duen beste edozein titularri. Eta gertakari hori areagotu egiten da aparkatze arautuko eremuetan.

Hori dela eta, soilik 24 orduz aparkatu ahal izango du jarraian txartel berak TAO plaza berean. Gainerako eremuetan, 72 orduko muga izango da. Denbora hori iraganda, txartel horrek ezin izango du berriz ere toki horretan aparkatu 12 ordu igaro arte. Helburua da aparkaleku horien erabilera txandakakoagoa izatea eta aparkatzeko txartel-mota  horren titularrek aukera izatea aparkatzeko plaza horiek ere erabiltzeko.

X