Joko Olinpikoak Irungo erara

Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak San Martzial Txingudi kirolgunean eskaintzen ari diren ikastaroetako batzuk bisitatu ditu: Badia TP klubak eskainitako tenis-ikastaroak eta Padel PIB erakundeak antolatutako padel-ikastaroak. Jarduera horiek UDA kanpainaren barruan kokatzen dira. Urtero antolatzen den kanpaina horretan, klub ugarik bat egiten dute eta, Irungo Udalarekin elkarlanean, udako kirol-eskaintza bat aurkezten diete gazteei.  

“Tokion Joko Olinpikoak hasiko diren aste honetan, Irunen gure olinpiada partikularra dugu, kirola egiteko aukera desberdin ugari eskaintzen dizkiguna. Tartean ez da dominarik izango, helburu nagusia ondo pasatzea izango baita gurean, dela gure kirolik gogokoena praktikatzen dela modalitate berriren bat probatzen, zergatik ez. Eskerrak eman behar dizkiegu klubei urte zail honetan ikastaro hauek antolatzeko hartu duten lanagatik, oso albiste ona baita UDA kanpaina bueltan edukitzea”, zioen Borja Olazabalek.

Uztailean eta abuztuan, 16 klub ari dira UDA kanpainan parte hartzen. Erakunde horien guztien artean, dozena bat modalitate inguru eskaintzen dituzte: tenisa, padela, squasha, futbola, atletismoa, arrauna, piraguismoa (pistakoa, ur-amiletakoa eta/edo aisialdikoa), eskubaloia, surfa, igeriketa, gimnastika erritmikoa, hipika eta errugbia. Jarduera horiek 16 urte arteko neska-mutilei daude zuzenduta, gutxi gorabehera, eta helburua da udan beren kirolik gogokoena praktikatzen jarraitzeko aukera ematea edo ezagutzen ez duten diziplina bat probatu ahal izatea 

Hauek dira klub parte-hartzaileak: Badia TP, Bidasoa Atletiko Taldea (BAT), Behobia, CD Bidasoa Irun, Bidasoa XXI (kiroldegiak), Central Surf, Dunboa, AD Irunesa, Jaitzubia Klub Hipikoa, Lur Alai Squash, Mariño FC, Padel PIB, San Martzial, Santiagotarrak, Txingudi Rugby eta Landetxa. Guztira, 16 klubek eman dute izena aurtengo kanpainan. Bakoitzak jarduteko protokolo bat entregatu, pandemiari aurre egiteko ezarrita dauden segurtasun- eta higiene-neurriak bilduta.

X