Hiria ez da geratzen udan: hilabete hauetan Irunen gozatzeko plan oso bat

Irungo Udalak, aurtengo uda sasoirako prestatu duen eskaintza turistikoaren edizio berria konfirmatu du. Programak 2019ko proposamena berreskuratu du, pandemiagatik iazko edizioan baldintza beretan ezin izan baitzen errepikatu. Gure inguruaz gozatzeko ekimenez osatutako pakete garrantzitsu bat prestatu da kultura, historia, natura, merkataritza eta gastronomiaren eskutik. 

Miguel Ángel Páez, Bidasoa Bizirik-eko presidenteak eta Irungo Udalaetxeko Lehen Alkateordeak, zera azpimarratzen zuen: "Irunek proposamen-sorta zabala du etxetik mugitu gabe udako planak egiteko. Txango hauetaz berriz gozatzeak denok eduki nahi dugun normaltasun hori pixkanaka berreskuratzen joateko balio du. Horregatik heldu nahi izan diogu berriro eskaintza honi, uda sasoi bakoitzean Iruni buruzko gauza gehiago jakiteko interesa duten pertsona ugari biltzen baitu. Hiria ez da udan geratzen eta bai bisitatzen gaituztenok eta bai hirian oporrak igarotzen dituzten irundarrek aitzakia ezin hobea dute ongi pasatzeko kulturaren, naturaren eta merkataritza eta ostalaritza bezalako tokiko sektore garrantzitsuen eskutik".

 

Aurreko hiru urteetan esperientzia onak izan ondoren (uda bakoitzean bataz beste ehunen bat bisita) berriz ere hirian bisita gidatuak antolatzeko ekimena itzuli da. Horrela, bada, uztailaren 14tik abuztuaren 27ra, asteazkenero, 11:00etan, eta ostiralero, 17:00etan, bisitaldiak aterako dira Junkaleko elizatik, eta parrokia, Oiassoko erromatar ingurua, Urdanibia plaza, Ama Xantalen eta udaletxea bisitatu ahal izango dira. Bisita gidatuak bi orduko iraupena izango du eta prezioa 2 eurokoa da pertsona bakoitzeko (12 urte arteko haurrek, doan). Informazio gehiago eta izen ematea 943 020 732 telefonoan edo www.bidasoaturismo.com helbidean.

 

Juncal Eizaguirrek, Hiri-Bultzada eta Kulturako ordezkariak zera baloratzen zuen: "Irunek turismo aldetik  erakargarritasun handia du ondare historiko-kulturalari esker, eta gaur egungo egoerari egokitutako oso agenda kultural indartsua gehituta, joan den asteburuko Dies Oiassonis erromatar jaialdia bezalako ekitaldiekin, uda garaian Irun plan ona bihurtzen da".  

Bisita gidatuen atala osatzeko, beste proposamen ezagunago batzuk ere badaude uda honetan  itzuli direnak. Adibidez, Oiasso Erromatar museoak udako igandeetan (11:00h.) ohiko irteerak programatuko ditu museotik bertatik, Ama Xantalen nekropolia ezagutzeko, hirian zehar egingo den tour bat barne, hiriaren iragan erromatarrarekin zerikusia duten aurkikuntzak ezagutuz. Honako hauek dira prezioak: 5,50 euro (14 urtetik gorakoek); 3,85 euro (6-14 urte bitartekoek) eta 6 urtetik beherakoek doan.

Era berean, Irugurutzetako meatzeen historia ezagutu nahi dutenek izena eman ahal izango dute museoa aztarnategi horrekin lotzen duen tren berdearen txangoetarako. Kasu honetan, uztailean eta abuztuan, irteerak ostiral eta larunbatetan daude programatuta, 11:00etan eta 17:00etan. Prezioak: 5,50 euro pertsona bakoitzeko. 6-14 urtekoentzat: 3,85 euro eta 6 urtetik beherakoentzat doan izango da. Bisita 'IrunBerdea-Irugurutzeta' mugikorreko aplikazioarekin osatu daiteke.  

Ama Xantalen eta Irugurutzeta bisitatzeko erreserbak Oiasso Erromatar Museoan: 943 639353

Irun Berdea

Proposamenen paketea Lapurriturriko informazio gunearekin osatzen da. 10 urtetik gora darama bisitari guztiei parkea ezagutzera ematen  eta horretarako, hainbat jarduera egiten dira denboraldi osoan. Udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak programatzeaz gainera, informazio guneak berak informazioa ematen die bisitari guztiei, paperean, eta parke naturalari buruzko azalpenak ere ematen dizkie, ibilbideei eta inguruko turismo eskaintzari buruz ere bai. Horrez gainera, informazio hau ere ematen dute. Lapurriturrik hainbat jarduera antolatzen ditu aldizka, hango flora eta fauna ezagutzera emateko. Informazio gunean arretarako ordutegia ondorengoa da: ekainetik urrira arteko asteburuetan eta uztail eta abuztuko jai egunetan goizeko 10:00etatik 14:00etara.

 

"Ez gara nekatuko azpimarratzen zeinen pribilegiatuak garen etxetik gertu hondartza eta mendia duen ingurune batean bizitzeagatik.  Irun berdea, Aiako Harriko parke naturala edo Plaiaundiko parke ekologikoa bezalako destinoak dituelarik, hiriaren aurkezpen-gutunaren parte da eta uda momentu ezin hobea da haiek deskubritzen jarraitzeko" zioen Borja Olazabalek, Garapen Jasangarriko ordezkariak.    

Aurtengo udarako hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez) argitaratu den liburuxkan jasota dator hirira, Ama Xantalen baselizara eta Irugurutzetara tren berdean bisita gidatuak egiteko informazio guztia; Irungo interes-tokietan eskuratu ahal izango da, esaterako,  Luis Marianoko turismo-bulegoan. 

Triptiko hori osatzeko, beste turismo-baliabide garrantzitsuei buruzko informazioa ere ematen da, hala nola Txingudi Ekoetxeari buruz. Plaiaundiko parke ekologikoaren sarreran dago zetroa, eta bisitariek informazio-mota oro aurkituko dute bertan, bai Plaiaundiri buruz bai badiari eta Txingudiko Plan Berezian sartutako natur guneei buruz. Txingudiko Ekoetxeak egunero irekitzen du, 10:00etatik 14:00etara, goizez, eta 16:00etatik 19:00etara, arratsaldez. Triptiko honekin batera datorren beste baliabideetako bat iaz jarri ziren zazpi panel informatiboak dira; hiriaren historiari buruzko azalpenak ematen dituzte eta Bidasoa ibaiaren ertzetik ibiltzera gonbidatzen dute. Jardueren eskaintza hauei buruzko argibide gehiago, eta hiriko baliabide turistikoen xehetasun gehiago udalaren web orrian kontsultatu daiteke www.irun.org.

Tríptico_Udako_planak.pdf

X