Agur esan du Dies Oiassonis Jaialdiaren ediziorik ezberdinenak

Jasotako lehenengo datuekin, Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren 11. edizioaren balantzea egin du Irungo Udaleko Hiri-bultzada arloak. Iaz bertan behera geratu zen, baina 2021 honetan berriz ekin zaio, programa egungo egoerara egokituta eta jendetza handirik gabeko ekitaldiak eginez, hala nola zirku erromatarra edo azoka. Baina, bestalde, antzerki klasikoa ere izan dugu, oso antzezlan nabarmen batekin, hala baita Meridako antzerki-jaialditik etorri den “La Comedia de la Cestita”. Era berean, ohi bezala, merkataritza- eta ostalaritza-sektorekoak ere elkarlanean izan ditugu.

“Logikoa denez, azokak edo zirku erromatarrak ematen duten girorik ez da izan, baina bagenekien aurten ez zela hala egokitzen. Horren alternatiba gisa, antzerki-eskaintza indartsu bat egin zen Junkal plazatxoan, ezarrita dauden neurriak betez. Beste proposamen batzuk ere izan ziren, hala nola Oiasso Museoko erakusketa edo Ondareren erraldoiak. Horrek guztiak berriz eman digu aukera Irunen kultura, historia eta entretenimendua batuz udan finkatu den ekimenaz gozatzeko”, adierazi du Juncal Eizaguirre Hiri-bultzada arloko ordezkariak.

Ikuskizun bakoitzean 230 lagun inguruko edukierarekin, segurtasun- eta higiene-neurriak betetzeko, Junkal plazatxoan, ostiralean, 170 lagun izan ziren “Monologoak: Oiassoko emakumenak” saioa ikusten. Larunbatean, “La Comedia de la Cestita” antzezlanaren txanda izan zen, eta eszenaren munduan ezagunak diren Jimmy Barnatán edo Maria Esteve antzezleek parte hartu zuten.  Barrutia ia bete zen, 175 ikus-entzule izan baitziren. Antzerkiaren atala amaitzeko, igandean, berrogeita hamar lagun izan ziren testu klasikoen irakurketa dramatizatuak ikusten. Guztira, ia 400 lagun inguruk gozatu zuten antzerki klasikoaz Dies Oiassonis jaialdiko egun horietan.

Eguraldia ere lagun izan zen jende dezente ager zedin Oiassoko atera lehen eskutik ezagutzera Ondare Kultur Elkarteak sortu dituen bi erraldoi erromatarrak. Erromatar museotik, Ondareren jarduera hori nabarmendu dute, eta baita "Emakumeak eta gastronomia: Euskal sukaldaritzaren transmisioa, erromatar garaitik egungo abangoardiara" erakusketa ere, uztailaren 7tik irekia. 210 lagunek bisitatu zuten. Horren guztiaren osagarri, Iñigo Lavadoren Singular jatetxeak eta Félix Manso Ibarlaren jatetxeak gaikako bi afari egin zituzten, eta toki guztiak bete ziren.

Pintxoaren bidea eta stock azoka

Herriko ostalaritzak eta merkataritzak ere bat egin dute erromatar jaialdiarekin, eta hilaren 14ra arte iraungo du pintxo erromatarraren bideak hiriko hogei taberna eta jatetxetan. Gainera, hogeita hamar denda stock-azoka batean erakusten ari dira beren produktuak, Bidashop elkartearen eskutik. Bi kasuetan, parte hartzen duten establezimenduek jaialdiko kartelak jarrita dauzkate identifikatzeko.

Hiri-bultzada arlotik, Juncal Eizaguirre ordezkariak eskerrak eman nahi izan dizkie “ezberdina izan den baina gutxienez berriz egin den edizio honetan” lagundu duten guztiei. Nahi nuke egoera hobetzea eta hurrengo edizioetan jaialdiaz denok gogoratzen dugun bezala gozatu ahal izatea”.

X