Oiassok "Lokatza, historiaren zaindari" erakusketa aurkeztu du

Erakusketa ostiral honetan inauguratuko da, hilak 18, mahai inguru batekin, eta irailaren 19ra bitartean ikusi ahalko da.

Ostiral honetan, hilak 18, Irungo Udalak Europako Arkeologia Jardunaldiekin bat egin, eta, Oiasso Erromatar Museoaren eskutik, Herri Unibertsitateko, Hezkuntzako eta Kulturako Udal Fundazioarekin elkarlanean, Gijóngo Arkeologia Museoen eta Gordailuaren bidez, “Lokatza, historiaren zaindari” erakusketa inauguratuko du, Gipuzkoan eta Gijónen aurkitutako eta lokatzari esker kontserbatutako hainbat objekturi buruzkoa.

“Irun-Gijón konexio hau Oiasso Museoaren bidez gure programazioa sendotzeko eta gure ondare arkeologikoa kalitate handiko piezekin sustatzen jarraitzeko egiten ditugun aliantzen beste adierazgarri bikain bat da. Erakusketa honen bidez, gainera, ikerketaren funtsezko eginkizunaren balioa azpimarratuko da, hari esker horrelako balio handiko bildumak izan baititzakegu”, nabarmendu du Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek.   

Denboran kapsulatutako eta baldintza berezietan kontserbatutako piezak dira erakusketa hau osatzen duten objektuak, eta balio izugarria dute. Material organikoz, zurez, larruz, artilez... egindako piezak dira, denboraren poderioz desegin ohi direnetakoak. Alabaina, iraun egin dute, lokatzetan hondoratuta geratu zirelako: lokatzak babestu ditu. Orain, haiei esker, beste garai batzuetako errealitate ia ezezagunak zirriborratu ahalko ditugu; batez ere, eguneroko bizitzakoak.

Erakusketa honen abiapuntua kointzidentzia profesional bat da, bi arkeologo ezagunen artekoa: Paloma García eta Mertxe Urteagaren artekoa. García Gijóngo tabako fabrikaren eraikineko indusketa lanetan aurkitutako objektu arkeologikoen bilduma aparta tratatzeko arduraduna zen, eta Urteagak hura Gordailuaren instalazioetan (Irunen) zaharberritzeko aukera eman zion, Gordailuak urez asetako material organikoetarako ekipamendu bikaina duela baliatuz. Akordioaren barruan, bilduma tratatua Gipuzkoan erakusteko aukera planteatu zen, eta, gero, Arkeolanek egindako arkeologia lanetan berreskuratutako objektu aparta batzuk gehitzeko aukera ikusi zen. Horrela, urte hauetan, fasez fase, prozesu bat burutu da, eta, orain, jendaurrean jarriko da.

Erakusketaren helburuetako bat ikerketa lanaren garrantzia azpimarratzea da, aztarnategietako lanarena, baita katalogazioarena ere, baina, erakusketaren bidez, Gordailuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zentro espezializatua den aldetik, materialak kontserbatzeko eta finkatzeko aurrera eramaten duen prozesuaren balioa nabarmendu ere egingo da.

Erakusketari esker, gure iraganeko bide luze bat egiteko aukera izango dugu. Izan ere, Oiasso inguruko pieza erromatarrak biltzen ditu bildumak, I. eta II. mendeetakoak, baita Gijóngo tabako fabrikako depositu putzuan egindako indusketa lanetan berreskuratutako objektuak, VI. mendetik VIII. mendera bitartekoak, eta Hondarribian, Azkoitian eta Elgoibarren (Gipuzkoan) aurkitutako XIII. mendetik XVI. mendera bitarteko pieza batzuk.

Europako Arkeologia Jardunaldiekin bat egin, eta ostiral honetan inauguratuko da erakusketa, hilak 18; azken batean, ondare arkeologikoa aztertzen, kontserbatzen eta zabaltzen diharduten pertsonen eguneroko lanari ikusgaitasuna emateko antolatzen dira Jardunaldiak. Egun horretan bertan, arratsaldean, Gijóngo Arkeologia Museoetako zuzendari Paloma García Díaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Arkeologiako teknikari eta erakusketaren barruko pieza batzuk eman dituzten indusketa lanen arduradun Mertxe Urteaga erakusketan izango dira, bildumako objektuen apartekotasunari buruzko mahai inguru batean.

Erakusketa doan ikusi ahalko da, museoaren ohiko ordutegian: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 20:00etara bitartean, eta, igande eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

X