UNICEFek Haurrekin Adiskidetsua den Hiri izendatu du Irun

Ekimen horretan sartzen dira haur eta nerabeen eskubideak betetzearekin konpromisoa dutela egiaztatzen duten herri eta hiriak

            Irungo Udalak jakinarazi duenez, UNICEFek baiezkoa eman zion aurreko asteazkenean Irunek Haurrekin Adiskidetsua den Hiria izateko aurkeztu zuen hautagaitzari. Gazteria Zerbitzuaren bidez, Udalak 2019ko azaroan aurkeztu zuen sari hori eskuratzeko hautagaitza. Horrekin batera, UNICEFen eta Irungo Udalaren arteko lankidetza-prozesu bati ekin zitzaion, helburu argi batekin: haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotutako politiken garapena, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatzea. 

«Irungo hiria eta Udala konprometituta geunden haurrekin eta gazteekin lehendik ere, horien alde lan egiteko baliabideak eta mekanismoak baikeneuzkan. UNICEFekin bide honi ekin genion ilusio handiz, eta orain saria jasotzeak asko pozten gaitu, egiten ari ginen aurrerabideen erakusgarri delako eta etengabe hobetzen jarraitzera bultzatzen gaituelako».

Orain ofizial egin den aintzatespenak argi erakusten du Udal honek haurren eskubideen ikuspuntuaren araberako kudeaketa-eredu bat maila lokalean aplikatzeko duen konpromiso jarraitua. Eredu horrek barne eta kanpo-koordinazioa sustatzen duen gobernantza-sistema bat eskatzen du, haurrek eta nerabeek benetan parte hartzeko mekanismoak bultzatzen eta sortzen dituena eta haurrak eta nerabeak kontuan hartzeko epe luzeko estrategia bat duena.

Hautagaitza aurkezteko prozesuaren barruan, Irungo Udalak haurrek eta nerabeek udalerrian bizi duten egoeraren diagnostikoa egin zuen modu partizipatiboan, eta Haur eta Nerabeen I. Udal Plana onetsi zuen aurtengo otsailean Udalbatzan, aho batez. Planaren diagnostikoaz eta onespenaz gain, haurrek eta nerabeek parte hartzeko udal-organo bat sortu da eta Udalaren barruko koordinazio-mekanismo bat sortu da. Saria emateko ekitaldia datozen asteotan izango da.

Zer dira «Haurrekin Adiskidetsuak diren Hiriak»?

Haurrekin Adiskidetsuak diren Hiriak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat etorriz haur eta nerabeen eskubideak betetzeko konpromisoa duten hiri, herri eta komunitateak eta tokiko gobernu sistemak dira, Honako hauek dira Haurrekin Adiskidetsuak diren Hirien funtsezko oinarriak: politika publiko eraginkorrak diseinatzea (2030 Agendan oinarritutako ikuskera), Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa dutenak oinarri (eskubideetan eta ekitatean oinarritutako ikuskera); haur eta nerabeen partaidetza sustatzea (parte hartzean oinarritutako ikuskera); eta udal mailan haurrekin zerikusia duten eragile guztien arteko aliantzak sustatzea (aliantzetan oinarritutako ikuskera).

Horrela, programaren helburua betetzen laguntzen da: haurren ongizatea hobetzeko politika publiko eraginkorrak diseinatzea eta ezartzea, haurren eskubideen alde eginda, haurren parte-hartzea sustatuta eta hiriak bizitzeko egokiagoak bihurtuta, gazteenentzat bereziki.

Ikuskera hori zertzeko, tokiko gobernuek eta horien aliatuek lortu beharreko helburuak identifikatzen dituzte, ekimenaren bost esparru helburuen babespean:

  • Komunitateek beren baitako haur bakoitza baloratzea, errespetatzea eta zuzen tratatzea
  • Araudi eta politika publikoak eta aurrekontuak osatzeko eta haurrengan eragina duten erabakiak hartzeko, haur bakoitzaren hitza, beharrak eta lehentasunak entzutea eta kontuan hartzea
  • Haur guztiek kalitateko oinarrizko zerbitzuak erabili ahal izatea
  • Haur guztiak ingurune seguru eta garbietan bizitzea
  • Haur guztiek familiarteko bizitzaz, jolasaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera izatea

https://ciudadesamigas.org

UNICEF G

X