Estatuak ia milioi erdi euroko laguntza eman dio Iruni, garraio publikorako

Gaur, hilak 8, garraio zerbitzu publikoa ematen duten toki entitateentzako dirulaguntzen zuzeneko emakida argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta Irungo Udala administrazio onuradunen artean dago. Ogasun Ministerioak eta Garraioko, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak emango dituzte laguntzak, pandemiaren eta birusaren hedapena geldiarazteko hartutako neurrien ondorioz hiri barruko garraio zerbitzu publikoaren operadoreek 2020an diru sarreretan izandako jaitsiera konpentsatzeko, eta Irunek 464.048,04 euroko laguntza jasoko du.

Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalek nabarmendu duenez, “Gobernuaren laguntza oso garrantzitsua da, garraio publikoa oinarrizko sektorea baita eta 2020an kalte larriak izan baitzituen alarma egoeraren eta konfinamenduaren ondoriozko murrizketengatik”. 

Hiri barruko garraio zerbitzu publikoak 1.171.304 erabiltzaile izan zituen urte bukaerarako, % 34,57 gutxiago aurreko urtean baino, orduan ia 1,8 milioi izan baitzituen -hirian bidaiarien datuak zenbatzen direnetik inoiz izandako markarik onena izan zen hori-. Izan ere, orain arte, gastu handiak egin ditu udal zerbitzu jakin batzuetan (tartean, hiri barruko udal garraio zerbitzuan) diru sarreretan izandako jaitsiera konpentsatzeko.

Laguntzen onuradun izan zitezkeen toki entitateen artean, hiri barruko edo hiriarteko garraio zerbitzu publiko erregularra ematen duten udalak, diputazio probintzialak, uharteetako kontseilu eta kabildoak, mankomunitateak eta eskualdeak zeuden, zerbitzua nola ematen duten gorabehera, baita Euskadiko lurralde historikoetako foru aldundiak ere.

Horrela, Irungo Udala deialdira aurkeztu zen, eta, horretarako, eskatzen zitzaion dokumentazio guztia aurkeztu behar izan zuen eta Irunek 464.048,04 euroko laguntza jasoko du. “Horregatik, oso albiste ona da, laguntzari esker Udalaren diru kutxako diru sarreretan izandako jaitsiera arinduko baitugu”. 

X