Irungo Udalak aholku energetikoak emateko zerbitzu bat jarriko du martxan

Aholku energetikoen prentsaurrekoa

Posta elektronikoaren bidez emango da arreta, edo aurrez aurre, hitzordua eskatuta, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, eta herritar, merkatari eta enpresentzako zerbitzu bat izango da.

Aldi berean, argiaren kontratuak hobeto ulertzeko eta optimizatzeko tresna bat jarriko da udal webgunean.

Udal Gobernuak astearte honetan egindako prentsaurreko batean jakinarazi duenez, Irungo Udalak aholku energetikoak emateko zerbitzu berri bat jarriko du martxan.

Irungo herritar, merkatari eta enpresentzat izango da, eta, haren bidez, kudeaketa energetikoaren esparruan sortzen diren zalantzak modu pertsonalizatuan argitzen saiatuko da Garapen Jasangarriko Arloa. “Irun hiri jasangarriagoa bilakatzeko beste aurrerapauso bat da hau; kasu honetan, herritarrentzako informazio eta aholkularitzaren ikuspegitik egina. Hemendik aurrera, zalantzak argitzeko eta efizientzia energetikoaren esparruan interes orokorrekoak diren jarduerak herritarrei ezagutarazteko erreferentziazko puntu bat izango dugu. Oso une egokian jarriko da martxan zerbitzu hau, gai hauei buruzko albiste asko sortu baitira azkenaldian, zalantzak sorraraz ditzaketenak, hala nola tarifa elektriko berriak”, azaldu du Borja Olazabalek.

Tarifa elektriko berriei buruzko gaiez ez ezik, Irungo Udalak efizientzia energetikoa sustatzeko (galdarak eta leihoak ordezkatzeko, eguzki instalazio fotovoltaikoak jartzeko eta abarretarako) ematen dituen dirulaguntzez informatuko du zerbitzuak, baita beste entitate batzuek (Energiaren Euskal Erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak) ematen dituztenez, energia berriztagarriez eta abarrez. Alde horretatik, aipatzekoa da energia gaiei buruzko informazioa eta aholkuak emateko zerbitzu espezifiko bat izango dela baina ez diela erantzungo erreklamazioei –orain arte bezala, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoaren bidez erantzungo zaie– eta ez dituela tramitatuko eskabideak –orain arte bezala, Herritarrentzako Arreta Zerbitzura bideratuko dira–. Posta elektronikoaren bidez emango da arreta, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidean, edo aurrez aurre, hitzordua eskatuta betiere, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan.

Argiaren faktura hobeto ulertzea

Hornikuntza elektrikoaren kontratuen tarifak aldatu diren honetan, Udalak argiaren kontratuak optimizatzeko zerbitzu bat jarriko du martxan, udal webgunearen bitartez. Oso erraza izango da erabiltzen: udal webgunearen bitartez formulario bat bete, eta tresna informatikoak aurreko urteko kontsumoaren datuak bilduko ditu.

Automatikoki, ekainaren 1etik indarrean dauden tarifa berriak kontuan izanik, interesdunak txosten pertsonalizatu bat jasoko du bere helbide elektronikoan (eskaera egiteko formularioan adierazten duenean), aztertutako kontsumorako tarifa eta potentzia optimizatua zehaztuko diona. Gainera, enpresa merkaturatzailearen aurrean egin beharreko zuzemenen berri emango du txostenak, eta etxean energia modu arduratsuagoan erabiltzea bultzatzeko jardunbide egokiak proposatuko ditu.

Zerbitzuen sektoreari dagokionez, 2019ko kontsumoa aztertuko du tresna berriak, 2020ko kontsumo elektrikoan zuzeneko eragina izan baitzuten egungo larrialdi sanitarioaren ondorioz ezarritako osasun neurriek. Gainerakoan, prozedura berbera izango da.

Bi ekimenak Elkarrekin Podemos – Ezker Anitza taldearen zuzenketa banaren emaitza dira. David Nuño bozeramailearen hitzetan, "trantsizio energetikoaren eta ingurumenaren alde egindako apustua berresten dugu Gobernua garen aldetik".

Azkenik, eguzki plaka fotovoltaikoen instalazioen neurriak ezartzeko txostenak ere eskatu ahalko dira udal webgunearen bidez, prozedurari berari jarraikiz: formulario bat bete, eta interesdunak beharrezkoa duen instalazioaren neurrien kalkulu bat jasoko du formularioan adierazten duen helbide elektronikoan, tresna informatikoak kontsumoaren inguruan aztertzen dituen datuen araberakoa.

Txostenaren osagarri, Udalak bere garaian sortu zuen eguzki bisorea erabili ahalko dute interesdunek: kontsumoei, eskariei, eguzki erradiazioari eta bizitegi eraikinetan eguzki plaka fotovoltaikoak instalatzeko erabilgarri dagoen azalerari buruzko informazioa ematen du.

Aholkularitza zerbitzua martxan dago jadanik, eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzura deituta eska daiteke hitzordua –Irundik kanpotik deituz gero, 943 505 152 zenbakira deitu behar da–, 010 zenbakira deituta, edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora idatzita. Faktura elektrikoa optimizatzeko zerbitzua, berriz, ostiral honetan jarriko da martxan, udal webgunearen bitartez.