Irun Ekintzan-ek bere jarduera guztia egokitu zuen 2020an pandemiaren ondorioei aurre egiteko

Lehenengo alkateorde eta Udaleko Ogasuneko ordezkari Miguel Ángel Páezek ezagutzera eman du astelehen honetan Irun Ekintzan Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren balantzea, apirilaren 26an egindako Kontseilu Nagusian aurkeztu zena. Saio hori telematikoki egin zen, eta iazko jarduera-ildo nagusiak eta datozen ekitaldietarako erronkak aztertu zituzten bertan, eta gainera, Irun Aurreraren (Irungo Udalak ekonomia eta gizartea sustatzeko abiarazitako plana) bigarren edizioa bateratu zen, 4 milioi euro baino gehiagorekin.

Komunikabideen aurreko aurkezpenean, udal-arduradunarekin batera izan ziren Lander Beloki, MUko Enpresa Zientzietako Fakultateko dekanoa eta Enpresa eta Ekintzailetzako mahaiko koordinatzailea, eta Mar Romo, Irungo La Salleko Enplegurako Prestakuntzako arduraduna eta Kualifikazioko eta Lan-munduratzeko mahaiko koordinatzailea Irun Ekintzanen.

“Irun Ekintzanen instituzioek, enpresek, prestakuntza-zentroek eta entitate sozialek koordinatuta lan egiten dugu tokiko ekonomia sustatzeko alorrean. Pandemiak eragina izan zuen jarduera horretan guztian, jakina, baina, hain zuzen ere, urte hauetan guztietan sarean egiten ari garen lan horri esker, proaktiboak izan gara, eta ahalik eta azkarren erreakzionatu ahal izan dugu, premiarik larrienei erantzuteko ", azaldu du Miguel Ángel Páezek.

Ordezkariak adibide gisa jarri zuen 2020ko apirilean telematikoki deitu zen Kontseilu Nagusia: "Gai-zerrendako puntuetako bat, esan dezakegu, galdera hau izan zen:" Zer moduz zaudete? Nola lagundu dezakegu?. Une horretan, dagoeneko, baztertua geneukan aurreikusitako programa, eta lanean hasi ginen lehenengo Irun Aurreraren aterkiaren babesean zeuden premiazko neurriak aktibatzeko. Salbuespen-egoera hartan, ordenagailu baten pantailatik besterik ez bada ere elkar ikusteko aukera izateaz gainera, bilera termometro bat ere izan zen behar premiazkoenak neurtzeko”.

2 milioi baino gehiago

Alde horretatik, Miguel Ángel Páezek azaldu du Irun Ekintzaneko baliabideak Irun Aurrera planeko udal-aurrekontuarekin erabili ahal izan zirela behar oinarrizkoenei erantzuteko. Adibidez, ordezkariak esan du 1.609 laguntza eman zaizkiela autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei alarma-egoeragatik jasan dutenari aurre egiteko (1,6 milioi euro). Aipatu du, era berean, 192 laguntza berezi eman zaizkiela itxiera-aginduak eragin dien ostalaritzako enpresei (330.000 euro), eta bi bonu-edizio egin direla hirian bertan kontsumitzea bultzatzeko (300.000 euro).    

Era berean, Irun Ekintzanen beste ekintza ohikoago batzuk ere aipatu behar dira, hala nola ekonomia dinamizatzeko direnak. Páezek adierazi du, adibidez, 25 enpresak jaso dutela K-Biziak laguntza, bai lokalak birgaitzeko lerroan (8 eman dira), bai alokairua ordaintzen laguntzeko ildoan (7 eman dira), edo 10 enpresa-proiektuk jaso dituztela Irun Ekintzanen laguntzak enpresa gisa lehen urratsak emateko, bai berritzaile-izaera dutelako (E-Innovador laguntzak) bai gazte ekintzaileek bultzatu dituztelako (E-joven laguntzak). Guztira, 133.000 euro. 

Horrela, bada, eta beste neurri batzuekin batera, hala nola digitalizatzeko laguntzak edo konfinamendu aldian sustatu zen “Irun etxetik” lehenengo ekimena, Irun Ekintzanen aurrekontua, udal-fondoekin, 2.503.500 eurokoa izan zen 2020an. 

Aldi berean, eta beste urte batzuetan bezala, Irun Ekintzan ekimenak beste programa batzuk kudeatu zituen beste administrazio batzuen partaidetzarekin, eta jarduera ekonomikoa ere sortu zuen. Ordezkariak kontrataziorako zuzeneko laguntzak nabarmendu ditu; izan ere, Lanbidek finantzatuta, 106 pertsona kontratatu ahal izan dira , enpresei dirulaguntzak emanez edo hilabete batzuetarako hirugarren sektoreko erakundeetan, Bidasoa biziriken edo Udaleko departamentuetan sartuz. Páezek gogorarazi du batzuetan lan-aukera bat izateko arazo gehiago dituzten programak direla, esaterako, iraupen luzeko langabetuentzako, 55 urtetik gorakoentzako, etab. Kasu horretan, 1,1 milioi euroko aurrekontua erabili da. Halaber, aipatu behar dira Gipuzkoako Foru Aldundiak merkataritzan eta ostalaritzak tokiko ekonomia suspertzeko eman dituen laguntzak; 80 inguru izan dira. 

Guztira, Irun Ekintzanek 3,7 milioi euro inguru kudeatu ditu programa eta ekintzetan, eta horietatik, 2,5 udalaren funtsak izan dira.

"Pandemia garaian inoiz baino garrantzitsuagoa ari da izaten Irun Ekintzanek enpresa eta ekintzaileei eman dien babesa. Gaur egungo enpresen lehiakortasuna indartzeko ekimenak ari dira garatzen. Eta, etorkizunera begira, ekonomia berdeago bat eraikitzeko erronkak enpresa eta enplegu berriak sortzeko ekarriko dituen aukerak aprobetxatzea ere nahi dugu", nabarmendu du Lander Belokik.

Mar Romok, bestalde, egin diren prestakuntza-ekintza batzuk zehaztu ditu, hala nola ostalaritza eta turismorako frantseseko saioak, lana bilatzeko tailerrak edo gastronomiako tailerrak, eta eraikuntzako lan-arriskuei buruzko prestakuntza ere bai. Hezkuntzan duen esperientziatik, Romok nabarmendu duenez, “prestakuntzaren alorrean lan egiten dugunok kudeatzeko eta prestatzeko moduak egokitu ditugu. Lan handia egin behar izan da aurten; egun batetik bestera, egiteko moduak egokitu behar izan ditugu formatu erabat digital horretara. Gure ikasleekin harreman zuzena galduko genuen, baina harremanak izateko moduak dibertsifikatu ere egin ditugu, eta erresilientzia handiagoa dugu orain, eta gogo handiagoa ere bai gauzak egiteko eta ekarpenak egiteko, bizi izan dugun egoera zail honetan iraun ez ezik indartuta ere atera garelako”.   

Etorkizuneko erronkak

Irun Ekintzan ekimenaren epe laburreko eta ertaineko estrategia hiriko sektore ekonomikoaren diagnostikoa eguneratzera bideratuta dago, eta, horretarako, garrantzia hartzen ari diren proiektuak sartzen ditu, hala nola Vía Irun, horren garapenari buruzko azken berritasunen ondoren, eta datu eta alderdi berriak ere sartzen ditu, 2016tik hautemandako bilakaeran oinarrituta, kontuan hartu beharreko elementu garrantzitsuak agertzen baitira, adibidez, enpresa eta zerbitzuen berrikuntza- eta digitalizazio-mailaren bilakaera, perfil profesionalen alorreko eskaria edo enpresa-ekimen berrietan gerta daitezkeen joerak.

Kontuan hartuko dira, halaber, Irun eraldatzen ari diren eta Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lotura zuzena duten alderdi/proiektu berriak, hala nola hiri-mugikortasun jasangarria sustatzeko eta indartzeko neurriak eta abar, egungo argazki bat izateko etorkizuneko ekintzak definitzen laguntze aldera.

"Faktore hori begien bistatik ez galtzen saiatuko gara, gure hiritik GJHak lortzen laguntzeko; izan ere, helburu horiek protagonista dira, dagoeneko, Udalaren gobernu-programan jasotako udal-ekintzan. Garapen jasangarriaren helburuek testuinguru bat zehazten dute politika publikoak hobetzen eta lehentasunak finkatzen laguntzeko, bertako errealitatea kontuan hartuta. Sareko lan horretatik, Irun Ekintzanekoak diren entitateek hurbiltasun-ikuspegi horren ekarpena egin dezakete, ekintzak eta neurriak zehazten laguntzeko, eta, horrela, tokiko erronka eta beharrei erantzunez, Irunen garapen jasangarriaren helburuak lortzen laguntzeko”, adierazi du Miguel Ángel Páezek.