Martxan da Irun Aurrera bonuen 3. edizioa

Hiri Bultzadako ordezkariak, BidaShop merkatari elkarteko eta Denok Bat ostalari elkarteko ordezkariekin eta merkatari eta ostalari partikularrekin batera, Irun Aurrera bonuen hirugarren edizioa aurkeztu du. Saltoki txikiei laguntzeko ekimen bat da hau, COVID-19ak eragindako krisialdian sektorerik kaltetuenetako bat izan baitira, eta kanpainaren hirugarren edizioa da hastear dagoena.

Juncal Eizaguirre ordezkariak nabarmendu duenez, “programaren hirugarren edizioa da hau, eta potenteena ere bada, aurrekontua handitu baita; horrela, establezimendu gehiagok baliatu ahalko dituzte bonuak. Udalak sektoreari laguntzeko abian jarri duen ekintza ildoetako bat da hau, krisialdian oso kaltetua gertatu baita. Orain arte, oso harrera ona izan du, eta, gure ustez, gure dendetan kontsumi dadin bultzatzen lagundu dezake; alegia, hiriko familia askori lagundu diezaieke, familia asko bizi baitira sektore honetatik”.

Behin kanpainari atxikitzeko epea itxita, guztira, 206 establezimenduk eman dute izena; 49k, lehenengo aldiz. Sektoreari laguntzeko ekimen hau martxan jarri zenetik (2020ko udatik), inoizko kopururik handiena da hori, eta 174 saltokiri eta ostalaritzako 32 establezimenduri dagokie. Udal webgunean kontsultatu daiteke zerrenda.

Nork erabili ahal izango ditu bonu horiek?

Bonuak Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoentzat daude eskuragarri, baldintza hauetan:

  • Irundar bakoitzak 10 bonu erabiltzeko eskubidea izango du, horietako bi gehienez establezimendu bakoitzeko.
  • Erabilitako bonu bakoitzeko, saltokian 30 euro erosi beharko dira gutxienez; horrela, bonuaren 10 euroez gain, bezeroak 20 euro emango ditu; ostalaritzarako, bonu bakoitzeko erosketa minimoa 20 euro izango da; kasu horretan, bezeroak 10 euroko ekarpena egingo luke bere poltsikotik.
  • Ezin da pertsona baten baino gehiagoren bonorik erabili erosketa bera ordaintzeko. Hau da, erosketa-txartel bakoitzak pertsona bakar baten bonuei lotuta egon beharko du.
  • Ekimen honetatik kanpo geratzen dira alkoholdun produktuak soilik dituzten erosketak.

Bonuen aurreko edizioetan parte hartu duten saltokietako bat Bioteka da, Beraketa karrikan dagoen elikagai ekologikoen denda. Dendaren izenean Óscar Echevestek adierazi duenez, “bonuek asko lagundu diete saltoki txikiei, eta hirugarren edizioa askoz hobeto etorriko da”. Mercairuneko presidente Txaro Arribasek nabarmendu duenez, berriz, “honelako ekimenak interesgarriak dira, abantailak ematen dizkietelako kontsumitzaileei. Merkatuan oso begi onez ikusi dugu, eta postu askok eman dute izena”. Azkenik, Denok Bat ostalari elkarte sortu berriaren izenean, Don Jabugoko Eneko Mitxelenak “jende guztia parte hartzera” animatu du, “ea bonuak agortzen diren”.

Bonuak trukatzeko, nahikoa da erosketak egiterakoan NANaren zenbakia ematea.