Udal gaurkotasuna
Irungo Udalak jakinarazi duenez, igande honetan, hilak 26, Igandero programaren barruan, Colón ibilbidea itxita egongo da 10:00etatik 19:00etara bitartean.
Gogoan izan beharra dago urtaroa aldatzearekin batera ordua ere aldatzen dela eta, ildo horretatik, Igandero programak bi ordutegi izaten dituela urtean zehar: neguan, 10:00etatik 15:00etara bitartean eteten da zirkulazioa, eta, udan, 10:00etatik 19:00etara bitartean.
2021eko urrian, "Alkatea auzoetan" programaren beste edizio bat jarri zen martxan. Aurreko agintaldian sortu zen programa, Irungo alkate José Antonio Santanok hiriko auzoak bisitatzeko eta, bisiten bidez, auzo bakoitzeko biztanleek zituzten iritzi eta proposamenak bertatik bertara biltzeko; ondoren, Udalaren webgunean argitaratzen dira ekarpen horiek guztiak, eta hartutako konpromiso bakoitzaren egoeraren berri ematen da.
Aurreko edizioetan, bilera bat antolatzen zen, auzo bakoitzeko auzo elkartearen lokalean, baina, agintaldi honetan, bilakatu egin da programa: arratsalde oso bateko bisita bat antolatzen da, auzo bakoitz osora, hiriko txoko bakoitza in situ ikusteko; gainera, Udalaren webgunearen eta auzo bakoitzean instalatzen den karpa baten bidez ere jasotzen dira ekarpenak. Aurten, guztira, hamazazpi saio egin dira, auzo bakoitzeko bat, eta, behin hirian barrena egindako ibilbidea bukatuta, ostiral honetan, hiriko alkate José Antonio Santanok eta Herritarren Partaidetzarako ordezkari Mónica Martínezek balantzea egin dute.
"Dudarik gabe, duela hamar urte baino gehiago herritarren parte hartzea bultzatzeko finkatu genuen jarduketa ildo nagusietako bat da programa hau. Seguruenik, herritarrek hiria hobetzen nola lagundu dezaketen frogatzeko adibiderik onena da. Aurrez aurreko bilerak zein Internet auzotarrek inguruan dituzten arazoez hitz egiteko eta haiei zuzenean entzun eta erantzuteko bideak izan dira", adierazi du alkateak.
Irungo Udalak, Ekonomia eta Ogasuneko arloaren bidez, enpresen berrikuntzako Irun Ekintzan sariak banatu zituen atzo, martxoak 22, Ficoban. Ehun lagun baino gehiago bildu ziren, hiriko enpresetako ordezkarien eta ekintzaileen artean. Sariak emateko, bertan izan ziren José Antonio Santano alkatea eta Miguel Ángel Páez Hiri Bultzadako eta Ekonomia eta Ogasuneko ordezkaria, bai eta udal-taldeetako ordezkariak ere.
Ekitaldian, saria jaso zuten Puertas Olamendi, Fepako Protección eta Dinuy enpresek eta Jon Benet Velasco ekintzaileak.
José Antonio Santano Irungo alkateak berrikuntzaren balioa nabarmendu zuen, hazkundea bultzatzeko eta negozioak garatzeko motor gisa: «Gutako bakoitzak egunero egiten dugun bilaketan datza berrikuntza; jarrera kontua da: nork bere burua gainditzeko gogoa, hazteko eta hobetzeko, erreferente bihurtu arte. Irun Ekintzan sarien VIII. edizio honetan saritu ditugun enpresak dira gure hiriko eta lurraldeko enpresa-ehunaren adierazlerik onena, hala kantitateari nola kalitateari dagokionez» azaldu du.
Berrikuntzaren aldeko Irun Ekintzan sarien zortzigarren edizioa izan da hau, betiko helburu berarekin: ekintzailetzaren kultura sustatzea hiriko sektore ekonomiko guztietan. Ildo horretan, Irungo Udalak beren jardueran berrikuntza txertatzeko ahaleginak egin dituzten enpresen lana aintzatetsi nahi izan du.
Borja Olazabal Kulturako ordezkariak «Aurora Bengoechea berrikusten» erakusketa aurkeztu du ostegun goizean. Bertan izan dira, halaber, Elena Bengoechea, artistaren ahizpa, eta María José Aranzasti, erakusketaren komisarioa, eta, azaldu dutenez, Irunen ikusgai egongo da erakusketa hau martxoaren 24tik maiatzaren 28ra bitartean.
Erakusketan hogeita hamar obra inguru bildu dira. Margolanez gain, litografiak eta collageak ere badaude, baita bere egunerokoetako batzuk ere. Ikus-entzunezko pieza batek osatzen du erakusketa eta, datu garrantzitsua, San Telmo Museoak berriki erositako bi margolan ere ikus daitezke.
Irungo Udalak, Garapen Jasangarriko Arloaren bidez, 2023an ere Planetaren Ordua ekimenari atxikiko zaiola iragarri du. WWF Munduko Natura Funtsaren ekimen bat da Planetaren Ordua, eta, haren deialdiari jarraikiz, larunbat honetan, hilak 25, 20:30etik 21:30era bitartean, eraikin publikoetako eta partikularretako argiak itzaliko dira, biodibertsitate galera geldiarazi eta atzerarazteko eta 2030erako CO2 isuriak erdira ekartzeko helburuak lortzeko modukoak direla frogatzeko.
Planetaren Ordua Lurraren aldeko kanpaina nagusia izateko, ezinbestekoa da udalerri eta udalen lankidetza, eta, horrela, urtero, mundu osoko hiriek kanpainaren alde egiten dute, monumentu eta eraikin nagusietako argiak itzalita.
Irungo Udalak, zehazki, udaletxea, Menchu Gal Museoa eta San Martzial ermita itzaliko ditu larunbatean 20:30ean, eta, gero, 21:30ean berriro piztu beharrean, itzalita utziko ditu, energia aurrezteko eta modu efizientean erabiltzeko araudi berriak eraikin publikoetako argiak 22:00etan itzaltzera behartzen baitu.
Bide batez, irundar guztiak ekimenarekin bat egitera gonbidatu ditu Udalak.
Irungo Udalak, Kultura Arloaren bidez, 2023ko sanpedro eta sanmartzialetako kartel lehiaketara deitu du. Sariketan parte hartu nahi dutenek Amaia Kultur Zentroan aurkez ditzakete beren lanak, apirilaren 11tik 21era bitartean.
Azken urteetan ohikoa izan denez, kultura, diseinu, arte eta komunikazio munduko profesionalek osatutako batzorde artistiko batek atariko aukeraketa bat egingo du aurkezten diren lan guztien artean. 40 kartel baino gehiago aurkezten badira, bostetik hamar obrara bitartean sartuko dira finalean, eta, 40 kartel baino gutxiago aurkezten badira, bost. Azken fasean, herritarrek bozkatuko dute irabazlea.
Lehenengo saria 1.200 euro izango da, eta 300 euroko accesit bat ere emango da.
Obren aurkezpena
- Paperezko euskarrian aurkeztu beharko dira obrak, 70 x 50 cm-ko formatu bertikalean.
- Kartelaren neurri bereko euskarri zurrun batean muntatu beharko dira.
- Karteleko irudia, paperean ez ezik, pendrive batean entregatu beharko da, kartelaren izenburua daramala, JPG edo PDF formatuan. Bereizmen desberdineko bi irudi entregatu beharko dira: 300 ppp-ko bat, 70 x 50 cm-koa, inprimategira bidaltzeko, eta bereizmen txikiagoko bat, webgunerako.
- Obra sortzeko teknika librea izango da.
- Testu hau idatzi beharko da kartelean:
San Migel Anakak urratsa erraldoia egingo du, lehen mugimenduak ikusteko atzerakontua hasi baita dagoeneko. Irungo Udalak jakinarazten du aste honetan birpartzelazio-proiektuari hasierako onespena eman zaiola. Dokumentu horren behin betiko onespenarekin argi berdea emango zaie obrei, eremua urbanizatzeko eta babes publikoko lehen etxebizitzak eraikitzeko.
«San Migel Anakan beste fase batera igarotzeko urrats honen zain geunden. Orain, obrak hasiko dira eta makinak lanean ikusiko ditugu. Poliki-poliki aurrera egin ostean, iritsi da behin betiko momentua: aurki hasiko gara eremuan aldaketak ikusten. Aukera oso interesgarriak irekiko dira auzoarentzat eta hiri osoarentzat, ekipamendu berriak eta etxebizitza publikoko bloke handi bat izango baititugu», adierazi du Udalak.
Proiektua behin betiko onetsita, urbanizazio-obrak hasiko dira. Aurrekontu zenbatetsia 20.675.195,32 eurokoa da, eta lanak urte honetan bertan hasiko dira. IRUNVI arduratuko da eremua garatu eta egikaritzeko jarduketaz, Udalak 2010ean onartutako kudeaketa-aginduari jarraikiz.
Asteazken honetan, Irungo Udalak, Memoria Historikorako Bulegoaren eta Santi Jiménez ordezkariaren bidez, Departamentuak iaz ikastetxeekin elkarlanean hasitako lanaren eta proiektu aitzindariaren berri eman du.
"Helburua ikastetxeetan memoria historikoa lantzea zen. Ekimena berria zen, eta oso harrera ona izan zuen: berrehun bat ikaslek parte hartu zuten. Bada, 2023rako, iazko eskaintza zabaldu nahi izan dugu, eta jarraipena eman, bi proiektu oso berritzaileren bidez", azaldu du ordezkariak.
Batetik, DBHko 4. mailako ikasleek 1936ko gerrari eta frankismoaren garaiko (1936tik 1945era bitarteko) Iruni buruzko escape street batean parte hartuko dute; zehazki, Txingudiko eta Eguzkitzakoek: guztira, 181 lagunek. Memoria Historikorako Zerbitzuak ibilbide bat sortu du haientzat hirian barrena, hainbat geldialdiz osatutakoa eta ikasleek arrastoei jarraikiz osatu beharrekoa.
Bestetik, Pio Baroja BHIko Batxilergoko ikasleek escape room batean parte hartuko dute. Arrastoei jarraikiz eta igarkizunak asmatuz ihes egiteko jolas klasikoa izango da, deportazioari buruzkoa kasu honetan, eta 250 bat ikaslek jokatu ahalko dute.
Irungo Udalak, Hiria Bultzatzeko Arloaren bitartez, dena prest du Ficobak dena prest du Irun Ekintzan Sariak Enpresa Berrikuntzari sari banaketaren ekitaldia hartzeko.
Dinuy, ohorezko sariduna
Aurreko urtean bezala, lau sari banatuko dira, lau kategoria hauetan:
- Hogei langiletik gorako Irungo enpresa berritzailearentzako Irun Ekintzan ohorezko saria. Aurten, Dinuy enpresari emango zaio,
- Hogei langiletik beherako Irungo enpresa berritzailearentzako Irun Ekintzan saria (4.000 euro).
- Irungo zerbitzu enpresa berritzailearentzako Irun Ekintzan saria (4.000 euro).
- Ideia berritzailearentzako Irun Ekintzan saria (2.000 euro).