Denboraren haria erakusketaren kartela

AGENDA KULTURALA + Kultura

2021/07/08 - 2021/08/29

18:00-21:00 asteazkenetik larunbatera; 11:30-13:30 igande eta jaiegunetan

Menchu Gal Aretoa

Erakusketa honetan, senide baten heriotza abiapuntutzat hartuz, artistak maitasunari, sekretuei, oroitzapenei, erritualei, ametsei, hutsari... buruz gogoeta egiten du. Heriotza horrek atzera zein aurrera begiratzera darama; bere iragana, oraina eta etorkizuna berridatzi, zirkulu pertsonal eta artistiko bat itxi eta sortzeko erronka berri baten aurrean jartzera.

Ainara Oskozen alderik ezagun eta sarituena pintura da. Bada, “Denboraren haria” erakusketak Oskoz intimo eta pertsonalagoa erakusten digu: Menchu Gal aretoko bi geletan, artistaren hari pertsonalari dagozkion objektuekin sortutako lanak daude. Nondik datorren, norbanako eta artista gisa nor den, eta zergatik den horrelakoa: hori guztia galdetzen dio bere buruari Oskozek. 2018an idazten hasi zen eguneroko pertsonal bat da obra, 2019an hankaz gora jarri eta iraganera bidaiatzera behartu zuena oraina ulertzeko eta etorkizunerako birkokatzeko.  

Horrela, artistaren azken hamar urteetako jardunbidea biltzen du erakusketak, baina, alde pertsonaletik zein profesionaletik, askoz harago doa; izan ere, ez dago ulertzerik nor den gaur egun Ainara Oskoz ez baditugu kontuan hartzen haren familiaren arrastoak, dena zipriztintzen baitute heriotzaz, bizitzaren hauskortasunaz, denboraren joanaz eta, batez ere, erakusketako objektuek adierazten duten atxikimenduaz hausnartzen duenean.

Iragana, oraina eta etorkizuna, obra multzo ilun eta aldi berean argitsu batean. Obra multzo izugarri pertsonala, baina, era berean, unibertsala. Espazio-denboraren eta artistaren emozio jario pertsonalaren arteko zubi bat, haren intimitatea ikuslearen aurrean deskubritzen duena. Alde artistikotik, mugitzen ez dela dirudien baina mugitu mugitzen den denbora bat irudikatzen du; hari bat, iragana eta etorkizuna lotzen dituena: iragana, zeina aldi berean oraina ere baden, eta etorkizuna, zeina iragan hori existitu ez balitz existituko ez litzatekeen. Hauskortasunaz mintzo da, iheskortasunaz, isiltasunaz, sinesmenez, letaniaz... Heriotzaz eta bizitzaz. Izan ere, “Denboraren haria”-k bizitzaren ernamuintzat hartzen du heriotza, bizitza heriotzaren itzalpean jaiotzen den aldetik.

Hamarkada batean sortutako lanak biltzen ditu “Denboraren haria”-k, eta, horrela, osatzen duten lanek koherentzia eta antzekotasun artistikoa dute, baina, aldi berean, artistaren eraldaketa pertsonala ere sumatzen da. Nabariak dira heriotzak sortutako hutsa, tristura, oroitzapenak darizkien objektuen aurkikuntza, galerari gailentzen zaion bizipoza... Oskoz gertutik ezagutzen dutenak obrarekin identifikatuko dira, eratzen duten objektu asko haren ingurune pertsonal eta familiarreko hainbat belaunalditakoak baitira eta ezagutu egingo baitituzte. Alabaina, artista zuzenean ezagutzen ez dutenek ere ulertuko dute haren denboraren haria, eta islatuta ikusiko dira, obrari darizkion sentimenduak unibertsalak baitira.

Ainara Oskoz

Ainara Oskoz Bergareche 1976ko uztailaren 8an jaio zen, Irungo ospitale zaharrean, Antso Urdanibiakoaren aterpetxearen aurrean; hain zuzen ere, han dago, 2010etik, Menchu Gal erakusketa aretoa. Marrazketa eskolak eman zituen, Irungo Udal Akademian; pinturakoak, Jose Mensuro “Mensu”-rekin, eta musikakoak. Gero, Artea eta Antigoalekoak ikasi zuen, Madrilgo Lanbide Berrien Zentroan, eta, han, “Japonismoa XIX. mendeko espainiar abanikoetan” tesina aurkeztu zuen. Geroago, Artelanen Tasazioan espezializatu zen, Arte eta Antigoaleko Eskolan, Madrilen.

Bi maisu handirekin ere trebatu zen: José Gracenea eta Javier Alkainekin.  Lan egiten zuen bitartean, trebatzen jarraitu zuen, eta diziplina anitzeko hainbat tailerretan jardun zuen (zeramikan, eskulturan, pintura eta marrazketan, arteterapian...), hala jaioterrian, Irunen bertan, nola Madrilen eta Bartzelonan. Garai hartakoak dira Irunen bertan Martindozenea gaztelekuan egin zituen bi erakusketak: “Ni neure baitan” (2006) eta “Jatorria, pazientzia, maitasuna, maitasuna eta ametsa” (2008); Adour-Bidasoa  lehiaketaren esparruan hautatutako lehen lanak (Ura, 2007an, eta Marta, 2008an); eta Ghetto Novo Venecia (2011) eta Iradokizunak (2011) instalazioak.

X