Zer ikusi, zer egin
Leku interesgarriak : Ama Xantalen Ermita
EU Submenu de Nuestra historia:
Ama Xantalen Ermita hiriko parte zaharretik hurbil dago oso, izen bereko eremuan, Bidasoa ibaiaren adarra den Estebenea errekaren ertzean, gaurko Irungo hirigunearen ekialdean. Ermita Ibaieta mendiaren oinetan izanik, Bidasoa ibaiko ibia eta lur-barneko bideak elkartzen zituen antzinako bidetik hurbil dago.

Hogei mendetan zehar oso eraikin garrantzitsua izan da, gurtzeko egoitza izan delako eta bertan aztarna arkeologikoak aurkitu direlako. Aztarnen artean aipagarrienak, agian, I.mendeko "in antis" erromatarren eliza eta bertako biztanleen nekropoli baten hondakinak dira. Gainera, Gipuzkoa osoan orain arte aurkitu den X. mendeko eliza bakarra da.
Egungo ermita edo baseliza ziurrenik XIV. mendekoa da, oin laukizuzena du, teilatuak lau isuri ditu eta hormak silarriz eginak dira. Isabeldar estiloaren araberako ataria du. Duela gutxi berritu egin dute eta museo bihurtu; honela, bertan aurkitutako aztarna arkeologikoak ikus daitezke. Ermitaren inguruan izen bereko iturri publikoa dago, harrizkoa da eta kanoi-ganga antzeko sabaia du; molde barrokoaren araberakoa da. Ama Birjinaren irudia erdialdean dagoen hormakonkan dago. Ama Xantalen ermitan egin diren indusketa-lanen ondorioz azaldutako materialak, erromatarren garaikoak, oso garrantzitsuak dira, horrelako oso gutxi aurkitu baitira Euskal Herrian, Kantauriko itsasbazter osoan eta Akitanian.
Tradizioak hartaraturik, irundarrek uste dute Ama Xantalen Ermita Junkaleko Parrokia baino zaharragoa dela, Junkal elizaren egungo eraikina XVI. mende hasierakoa baita. 1530. urtekoa da ermitari buruzko lehen aipamen idatzia, urte hartako testamentu batean izen horrekin azaltzen baita. Irungo udalerrian sei ermita zeuden 1673an: Ama Xantalen, San Martzial, San Antonio, Artiga, Elizatxo eta San Anton.
Garai hartan nabaria zen Ermitak herritarren bizitzan zuen protagonismoa. Santa Luzia kofradiaren egoitza izan zen eta XVIII. mendean zazpi prozesio egiten ziren urtero, eta prozesio horietan parrokiako Kabildoak eta Udalbatzak parte hartzen zuten. Meza nagusiak eta jai alaitsuak eta jendetsuak ospatzen ziren horrelakoetan.
Irungo Udalak Ermita berritu behar zuela aprobetxaturik, 1971. urtean ermitaren orubean eta honen inguruetan indusketa arkeologikoak egiteko baimena eman zuen.
Indusketa-lan hauek emaitza positiboak ekarri zituzten, ermitaren barruan bi motatako aztarna arkeologikoak gelditu baitziren agerian: aurreko eraikinen hormak eta erromatarren garaiko zeramikak (teilak eta ontzi puskak). Geroago, Ama Xantalengo ermitan indusketa xeheago bat burutzeko plana aurkeztu eta formalizatu zen.
Indusketa-lan hauek emaitza positiboak ekarri zituzten, ermitaren barruan bi motatako aztarna arkeologikoak gelditu baitziren agerian: aurreko eraikinen hormak eta erromatarren garaiko zeramikak (teilak eta ontzi puskak). Geroago, Ama Xantalengo ermitan indusketa xeheago bat burutzeko plana aurkeztu eta formalizatu zen.
Beharrezko zaharberritzeak egin ondoren eta eraikina otoitz egiteko zabaldu eta gero, aurkitutako materialekin museo monografiko bat antolatu zuten ermitaren barruan.
1981. urteko abenduaren 13an, indusketa arkeologikoak hasi eta 10 urte geroago, Ama Xantalengo tenplua ofizialki ireki zen berriro ere.
Gaur egun ikus dezakegun museoa 1989. urtean eguneratu eta inauguratu zuten. Korupeko esparruan, ondo itxita eta erakusleiho egokietan, hainbat elementu daude ikusgai, hala nola, panel berriemaileak eta museoko objektuak (errausketetan erabiltzen zen zeramika, txanponak, tresnak eta gisakoak). Hauek guztiek erromatarrak bertan bizi izan zirela egiaztatzen dute, haien bizitzeko era, ekonomia eta kultua edo gurtza nolakoak ziren erakusten dizkigute. Koruan ikus-entzunezko azalpenak eskaintzeko euskarriak daude eta koruko barandatik ederki asko ikusten da aipatutako indusketen ondorioz aurkitu zen erromatarren garaiko nekropolia.


