Informazio praktikoa
Nola iritsi
Irun Gipuzkoako itsasbazterreko behe-lautadan dago, Bidasoa Behean, ibaiak sortutako alubioizko betegarriaren gainean. 42,8 kilometro karratu dauzka udalerriak eta itsas-mailaren gainetik 5m-ra dago.

Donostiako barruti judizialaren menpe dago eta hiriguneaz gainera, Behobia, Bidasoa, Meaka, Katea eta Anakako auzoak biltzen dira udalerrira.
Udalerria inguratzen duten mendien artean aipagarri dira Aiako Harria, Lehen Aroan eratutako granitozko mazizoa, Jaizkibel, Hirugarren Aroko buztinarekin osatua eta Erlaitz eta San Martzial mendiak. Mendi horietan sortzen diren errekek Bidasoa ibaian dute amaiera, eta Bidasoak, bere aldetik, Irunen eta Nafarroaren eta Lapurdiren arteko muga naturala egiten du.
Klimari dagokionez, urtean zehar ugari dira euri jasak, batez ere neguan eta udazkenean. Tenperatura samurra da orokorrean, udan ez du bero handiegirik egiten, ezta neguan aparteko hotzik ere.
Landaretzari dagokionez, garai batean haritzak, pagoak eta gaztainondoak ziren nagusi alde honetan; egun, ordea, Pinus Insignis pinu-mota ari da nagusitzen.
Biztanleen kopurua etenik gabe hazi da eta 50. urteetan handia izan zen oso hazkundea, batez ere hiriko ekonomiaren eta merkataritzaren garapenak etorkin ugari erakarri zituelako; azken urteetan, berriz, aldatu egin da joera. 1990. urtean 55.200 lagun bizi ziren Irunen.



