Saltar al contenido

Gizarte-bono elektriko berria: nork eska dezake eta zelan egin

Arestian indarrean jarri den gizarte-bono elektriko berriari esker, jende gehiagok eskuratu ahal izango ditu argiaren fakturaren deskontuak, bonua eskuratzeko irizpideetako bat familiaren diru-sarrerak baitira. Nork eta zelan eskuratu azalduko dizugu segidan.

Gizarte-bonoa deskontu bat da, eta horri esker kontsumitzaileek onurak lor ditzakete ohiko etxebizitzaren faktura elektrikoan, baldin eta 10 kW edo gehiagoko potentzia kontratatzen badute, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioaren (KTBP) tarifa hitzartzen badute eta araudian ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

Orain arte, kontsumitzaile talde oso zehatzek baino ezin zuten eskatu: 60 urtetik gorakoak oso baldintza zehatzetan, familia ugariak eta kide guztiak langabezian zituzten familia unitateak. Araudi berriaren arabera, aldiz, onuradunak gehiago izan daitezke eta, familia ugariez eta pentsiodun zehatz batzuez gain, erreferentzia nagusia diru-sarrerak dira. Hortaz, hiru onuradun berri onartu dira:

Kontsumitzaile kaltebereak: % 25eko deskontua lor dezake KTBPn, aurreko araudiarekin gertatu legetxe.
Pertsona kaltebera larria: % 40ko deskontua lor dezake KTBPn.
Baztertzeko arriskuan dagoen pertsona kaltebera larria: araudiak talde hori babesteko tresnak indartzen ditu, eta gizarte zerbitzuek ordainduko diete fakturaren % 50 gutxienez, faktura ez ordaintzeagatik, enpresak elektrizitatea eten diezaien saihesteko.
Gehieneko diru-sarrerak
Gizarte-bonoaren onurak eskuratzeko gehieneko diru-sarrerak Ondorio Askotarako Errentaren Indize Publikoaren (OAEIP) bidez ezartzen dira; izan ere, adierazle hori gobernuak estatuko aurrekontu orokorretan zehaztutako erreferentzia da. 14 ordainketako hileko OAEIPa bider koefiziente bat, baldintzen arabera. 2017an, honakoak ziren zenbatekoak:

Adingabekorik gabeko familiak: 11.279,39 euro.
Adingabeko batekin: 15.039,18 euro.
Adingabeko birekin: 18.798,98 euro.
Mugak gorago daude, familia kideren batek % 33 edo gehiagoko ezgaitasuna badu, edo terrorismoaren zein genero bortizkeriaren biktima bada. Kasu horietan, zenbatekoa 15.039,18 euro da, adigabekorik ez dagoenean; 18.798,98 euro, adingabekoren bat dago; eta 22.558,77 euro, bi badaude.

Diru-sarrerak kalkulatzeko, errenta aitorpenean, zerga oinarri orokorra eta aurrezkikoa batu behar dituzu. PFEZa egiteko beharrik ez baduzu, diru-sarrerak batzea aski da.

Betekizunak betez gero, inprimaki normalizatua bete dezakezu eta merkaturatzaileari igorri, nahitaezko dokumentazioarekin batera eta eskuragarri dauden bideak erabiliz. Merkaturatzaileak jakinarazi behar dizu deskontua dagokizunetz 15 egun balioduneko epean dokumentazio osoa jaso zuenetik zenbatzen hasita. Epe hori hilabetekoa da lehen hiru hileetan izapidetutako eskaerentzat, hau da, 2018ko urtarrilaren 10era arte.

Betekizunak betetzen dituzula uste baduzu,baina merkaturatzailea ez badago ados, kontsumoan aurkez dezakezu erreklamazioa.



 

itzuli

 
Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52