Saltar al contenido

Nola berreskuratu zoru-klausuletako dirua: auzitara jo beharrik gabeko bidearen giltzak

Kontsumitzaile eta erabiltzaileek laster izango dute zoru-klausuletako dirua finantza-erakundeei auzitara jo beharrik gabe eskatu ahal izateko erreklamazio-prozedura. Espainiako Gobernuak onartutako dekretu-legeak akordioa azkar eta doan lortu ahal izateko oinarriak ezartzen ditu. Kontsumobidek zehazten dizkizu bide horren giltzak.

Nola ezarriko da auzitara jo beharrik gabeko prozedura?
Kreditu-erakundeek sistema bat ezarri behar dute kaltetuek erreklamazioak auzitara jo aurretik aurkeztu ahal izan ditzaten. Era berean, gai honen ardura hartuko duen sail edo zerbitzu espezializatu bat izan behar dute. Banketxe eta kutxek beren hipoteketan zoru-klausulak izan zituzten bezero guztiei eman behar diete sistemaren berri. 

Nahitaezkoa al da? Zenbat kostatzen da?

Prozedura doakoa eta borondatezkoa da kontsumitzaileentzat, eta, nahi izanez gero, auzitara jo ahal izango dute zuzenean.

Nola funtzionatzen du?
Erreklamazioa aurkeztu ondoren, erakundeak eskaera aztertuko du eta erabakiko du:
Dirua itzultzea ez dela bidezkoa. Erakundeak ezezkoa emateko arrazoiak adierazi beharko ditu, eta auzitara jo beharrik gabeko prozedura itxitzat emango da. 
Dirua itzultzea bidezkoa dela. Kasu horretan, kalkulu bat egingo du eta zenbat diru egokitzen zaion jakinaraziko dio bezeroari. Interesen zenbatekoa aparte jarriko da, xehatuta.
Kontsumitzaileak, proposamena jasotzen duenean, honakoa adierazi beharko du:
Kalkuluarekin ados dagoela. Ados badago, dirua itzultzea erabakiko dute. Aldeek bestelako konpentsazio-neurri bat adosteko aukera ere ematen du arauak, eta erakundearen balorazioarekin batera aurkeztuko da. Kasu horretan, pertsonak 15 egun izango ditu proposamena onartzeko. Onartzen badu, eskuz idatzitako beste dokumentu batean adieraziko du, eta 15 eguneko hausnarketa-epea bete dela jasoko da bertan. 
Kalkuluarekin ez dagoela ados. Auzitara jo gabeko prozedura amaitutzat emango da eta auzi-eskea aurkeztu ahal izango du. Epaia bere aldekoa izaten bada, epaileak kostuak ordainaraziko dizkio finantza-erakundeari.
Zenbat denbora dute erakundeek erreklamazioei erantzuteko?
Erakundeek hiru hilabete izango dituzte erreklamazioa aurkezten denetik aurrera akordio batera iristeko. Epe hori amaitzean eskatzaileak ez badu erakundearen aldetik inolako erantzunik jaso edo ez badu eskainitako dirua kobratu, amaitutzat eman ahal izango du auzitara jo beharrik gabeko bidea eta, hala badagokio, auzi-eskea aurkeztu ahal izango du.

Noiz hasiko da?
Kaltetuek dekretu-legea indarrean sartzen denetik (hau da, 2017ko urtarrilaren 21etik) aurrera aurkeztu ahal izango dituzte erreklamazioak finantza-erakundeetan, nahiz eta horiek hilabeteko epea duten araudira egokitu ahal izateko (otsailaren 21a arte).  Kasu horretan, banketxeek eta kutxek behar besteko baliabideak dituztenetik aurrera hasiko da erantzuteko hiru hilabeteko epea. 

Zer gertatuko da abian dauden epaiketekin?
Zoru-klausuletako dirua itzultzea eskatuz auzi-eskea aurkeztu duten kontsumitzaileek finantza-erakundeekin adostu ahal izango dute epaiketa bertan behera uztea beste prozedura honi heldu ahal izateko. 

Nola kontrolatuko da erakundeek betetzen dutela dekretu-legea?
Dekretu-legean bertan dago aurreikusita Gobernuak zoru-klausulei buruzko erreklamazioen jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egiteko organo bat sortzea.  Kontsumitzaileen eta abokatutzaren ordezkariek osatuko dute, eta sei hilabetez behin bere jarduerari buruzko txostena egin beharko du.

ˇ Erreklamazioa egiteko eredu bat (pdf, 90 KB) jaitsi dezakezu.



Adobe Reader lortu

PDF artxibo mota irakurri ahal izateko beharrezkoa da Acrobar Reader programa instalatuta edukitzea.Lortu dohan interneten bertan.

 

itzuli

 
Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52