Saltar al contenido

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren gomendioak koronabirusaren aurrean (20/03/13an eguneratua)

Koronabirusak (COVID-19) eragindako egoera ikusita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak gomendatzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osasun Ministerioak uneoro eguneratuta eskaintzen duten informazioa kontsultatzea.

Une honetan, Osasunaren Mundu Erakundeak EZ du gomendatzen bidaietan murrizketak aplikatzea. BOEk martxoaren 11tik 25era Italiako jatorria eta Espainiako destinoa duten hegaldien gaineko debekua argitaratu du 2020ko martxoren 10ean.

Dena den, zuhurtasun-printzipioari lotuz, osasun publikoko erakunde arduradunek, hala autonomia-erkidegoetakoek nola Estatukoek, gomendatzen dute eraginpeko inguruneetara EZ bidaiatzea, non eta ez den guztiz beharrezkoa. Artean ere gomendio nagusia da arlo sanitarioan zuhurtasun handiagoz jokatzea, Osakidetza egiten aritu den bezala.

Pertsona kontsumitzaileak koronabirusaren (COVID-19) eraginpeko herrialde edo ingurune batera bidaiatzen badu, agintari eskudunen gomendio ofizialak kontsultatu behar ditu. Erakunde horiek askotariko informazioa ematen dute hauexei buruz: egoera, pertsona bidaiarientzako prebentzio- zein segurtasun-neurriak, larrialdiko telefono-zenbakiak, eta prebentziorako zein elikagaien kontsumorako jarraibideak.

Gainera, bidaiatu aurretik, web-orri hauek kontsultatu behar dira:

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila
Kanpo Arazoetako Ministerioa, Europar Batasuna eta Lankidetza.
Hegaldiak ezereztu

Koronabirusa hedatzen ari dela eta hegazkin-konpainiek hegaldiak ezeztatzearen ondorioz kaltetuta atera diren aire-bidaiariek badute eskubidea informazioa, laguntza eta beste garraio bat eskuratzeko edo beraiei dirua itzultzeko, 261/2004 (EE) Erregelamenduan xedatutakoari lotuz:

Informazioa: hegazkin-konpainiak laguntza eta kalte-ordainaren baldintzak biltzen dituen inprimaki bat ematea.
Laguntza: janari eta edari nahikoa, bi telefono-dei edo posta elektronikoko sarbidea eta, beharrezkoa balitz, alojamendu gau bat edo bi, baita aireportu eta alojamendu-lekuaren arteko garraioa ere.
Dirua itzultzea edo beste garraio bat, azken destinoraino.
Hegazkin-konpainiak bere betebeharrak urratzen baditu eta erabiltzaileak uste badu bere eskubideak ez direla bete, konpainiari erreklamatu behar dio, eta erantzunik ez jasoz gero edo horrek gogobetetzen ez badu, erreklamazio bat aurkez dezake AESA, Aire Segurtasunerako Espainiako Agentzian batere kosturik gabe.

Baldin eta hegazkin-konpainiak koronabirusaren (COVID-19) eraginpean daudela izendatutako herrialde edo ingurune baterako hegaldia ezereztu ez badu, gomendatzen da garraio-kontratua harpidetu duten konpainia edo agentziari kontsultatzea, kontratuaren baldintzak egiaztatzea eta, bidaia-asegurua badute, hegaldia ezerezteko aukera ea ematen duen begiratzea.

Bidaia konbinatuak ezereztu

Bidaia konbinatua da bi bidaia-zerbitzu mota edo gehiago elkarrekin kontratatzea, adibidez, garraioa, alojamendua edo beste turismo-zerbitzu batzuk.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorreko (1/2007 Legegintzako Errege Dekretuko) 160.2 artikuluaren arabera, "destinoko tokian edo ingurumarian zirkunstantzia saihestezinak eta ezohikoak gertatu badira eta horiek bidaiaren exekuzioari edo bidaiaria destinoko tokira garraiatzeari nabarmen eragiten dietenean, bidaiariak eskubidea izango du bidaia hasi baino lehen kontratua suntsiarazteko batere zigorrik pagatu gabe. Kasu horretan, bidaiarik eskubidea izango du egindako edozein ordainketa berari itzultzeko, baina ez kalte-ordain gehigarri bat jasotzeko".

Beraz, kasuei banaka erreparatu beharko zaie bidaia konbinatuaren kontratua gasturik gabe (multzoan) suntsiarazteko eskubidea justifika dezaketen zirkunstantzia saihestezinak ba ote dauden aztertzeko.  Zirkunstantzia horiek gertatzen ez badira eta pertsona erabiltzaileak bidaia ezereztu nahi badu, kontratuan itundutako zigorra kobratu ahal izango da.

Pertsona erabiltzaileak uste badu bere eskubideak ez direla errespetatu, erreklamazio bat aurkez dezake Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzan.

Egonaldiak ezereztu

Salbu eta zerbitzuak ematea eragozten duen ezinbesteko zirkunstantzia bat gertatzen bada, ohiko ezerezte-kasua izango litzateke. Beraz, kontratua berrikusi beharko litzateke, ikusteko bertan ea atzera egiteko eskubidea biltzen den, eta hari lotzeko aukera dagoen.

Baldin eta pertsona kontsumitzaileak lotutako aseguru bat kontratatu badu, polizaren baldintzak berrikusi beharko ditu, egiaztatzeko era horretako ezerezteari aurre egiten dion edo ez.

Kontsumobidek gomendatzen die pertsona kontsumitzaileei datak aldatzeko aukera aztertzeko eta egonaldi-kontratua egin duten enpresei hori eskatzeko.

Pertsona erabiltzaileak uste badu ez zaizkiola eskubideak errespetatu, Kontsumobiden erreklamazio bat aurkez dezake, edo Pertsona Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetan.

Jardunbide egokien kodeak aplikatzeko gomendioak

Hala enpresen nola turismoko pertsona erabiltzaileen interesak uztartzeko, gomendatzen da jardunbide egokiko kodeak aplikatzea, kontratuak suntsiarazi edo eraldatzeko adostutako formulak errazteko, ezerezteko baldintzak malgutuz edo kontratatutako zerbitzuak atzeratuz.

Halaber, gogoan izan komeni dela kontratatuta eduki daitezkeen aseguruen estaldura kontsultatzea (tartean dela ere banku-txartelaz ordaintzeak dakarrena).

Arbitrajea eta bitartekaritza

Kontsumobidek gogora ekarri nahi du pertsona kontsumitzaile eta erabiltzaileek Kontsumoko Euskal Institutuaren bitartez eskura dezaketela kontsumoko bitartekaritza eta arbitrajea; hori da, izan ere, bide errazena erabiltzaileek eta enpresek elkarren arteko gatazkak ebazteko.



 

itzuli

 
Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52