Saltar al contenido

Publizitatea. Kontsumitzailearen eskubideak eta publizitatea

PUBLICIDAD

Kontumitzaile eta Erabiltzaileen defentsarako Lege Orokorrak honako hau ezartzen du:
 
- Kontsumitzaile eta erabiltzaileek beti izango dute publizitateak agindutakoa eskatzeko eskubidea.

- Prestazioak, baldintza eta bermeak beti eska daitezke, kontratuan berariaz adierazten ez badira ere.

- Eskaintza, promozio eta salmentari aplikatzen zaizkion klausula eta baldintzak argiak, zehatzak eta errazak izan behar dute.

- Publizitateak beti bete behar du kontsumitzaileak informazio egiazko, eraginkor eta objektibo bat jasotzeko duen eskubidea. Informazio horrek egiazkoa izan behar du, batez ere:

       - Eskainitakoaren jatorria, izaera, osaera eta helburuan.
       - Kategoria, kalitatea eta kantitatean.
       - Arriskua eta beste edozein alderdi berezitan.
       - Prezio edo aurrekontuan.

Legearen aurkako eskaintza, promozio edo publizitatea iruzur modura zigortuko dira.
Era berean, EAEko 6/2003 Legeak, abenduaren 22koak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarenak, Publizitateari buruzko 17. artikuluan, honako hau ezartzen du:
 
1.- Kontsumitzaileentzako eta erabiltzaileentzako produktuen, ondasunen eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea, edozein euskarri erabilita ere, era egokian egin behar da, publizitatearen gaineko legeria orokorraren esparruan, inork ez dezan uste okerrik izan produktu, ondasun edo zerbitzu horien ezaugarriei eta erosteko baldintzei dagokienez.

2.- Euskadiko administrazio publikoek, beren arautze-esparruaren barruan, legearen aurkako publizitatea etetea edo zuzentzea zainduko dute, publizitate horrek kontsumitzaileen eskubideak urratzen baditu, eta, bereziki, lege honen 5. artikuluan jasotako taldeak ukitzen baditu.
 
Legearen aurkako PUBLIZITATEA
 
Zilegi ez den publizitatearen kontzeptuak honako kategoria hauek hartzen ditu barne:

- Pertsonen duintasunaren aurka doan publizitatea edo Konstituzioan bildutako eskubide eta balioen aurka doana, bereziki haurrei, gazteei eta emakumeei dagokien guztian.

- Publizitate engainagarria, nolabait ere, aurkezpenetik beretik hasita, hartzaileak nahastera eraman eta haien portaera ekonomikoan eragina izan dezakeen publizitatea da. Produktu edo zerbitzu bati buruzko funtsezko datuak ezkutatzen dituen publizitatea ere engainagarria da, baldin eta ezkutatze horrek publizitatearen hartzaileen nahastea eragiten badu. Publizitatea engainagarria kontsumitzaileari egindako iruzurragatiko administrazioko arau-haustetzat jotzen da, eta hori dela eta zigorra jaso dezake.

- Publizitate desleialaren helburua da lehiako beste enpresa bati ospea kentzea, haren izena zikintzea edo gutxiestea. Desleiala da, halaber, produktu edo zerbitzu baten izenaz, markaz eta ospeaz aprobetxatzen dena, hura, nolabait ere, imitatzeko (izenean, ontzian, etab.) eta hartzailearengan okerra edo nahastea eragiteko. Kontsumitzailearengan okerra sortzen duen publizitate desleiala ere kontsumitzaileari egindako iruzurragatiko administrazioko arau-haustetzat jotzen da, eta hori dela eta zigorra jaso dezake.

- Publizitate subliminala, berriz, esaten zaio publizitatea igortzen ari direla konturatu gabe, hartzaileak produktu jakinen bat kontsumitzeko ziztada sentiarazteko metodoak erabiltzen dituen hari. Frogatzen oso zaila da eta hainbat adituk esaten duenez ez dago horrelako publizitaterik. Legeak, badaezpada, zilegi ez den publizitatearen barruan sartzen du.

- Publizitate estalia telebistan. Telebista saioak arautzen dituen Legeak karteletan eta dekoratuetan marka komertzialen izenak erabiltzea edo haietaz hitz egitea debekatzen du, baldin eta argi eta garbi esaten ez bada, ematen ari den programaren barneko publizitate tarte bat dela. Horretarako argiro iragarri behar da eta pantailan espreski adierazi publizitatea egiten ari dela.
 

Defentsa bideak
 
Bi kasutan aplika daitezke defentsa bideak:
 
- Legearen aurkako publizitatearen kasuan

- Komunikabideen bitartezko publizitate pertsonalizatuaren kasuan
 
 
- Legearen aurkako publizitatearen kasuan:

Erreklamazioa egiteko bi bide daude: Administrazio Publikoaren Kontsumo sailaren bidez edota Auzitegi eta Justizia Epaitegien bidez.

Administrazioaren bidez erreklamatzeko, kontsumitzaileak erreklamazio orri bat eskatzen ahal du haren ustez zilegia ez den publizitatea erabili duen establezimenduan. Ondoren orri hori dagokion erregistro publikoan aurkeztu beharko du: kontsumitzailea Irungoa bada, Irungo Udaletxean.

Era berean, salaketa jartzen ahal du Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegora kontsumitzailea bera etorrita ere.

Nahi duzuna publizitate hori lehenbailehen geraraztea edota zuzenaraztea bada, biderik eraginkorrena judiziala da. Auzitegietara zeure kabuz jo dezakezu eta baita kontsumitzaileen elkarteen bidez, Legeak legitimatzen baititu etete eta zuzentze akzioak egikaritzeko. Era berean, salaketa bat jar dezakezu hurbilen dagoen epaitegian, Ministerio Fiskalak, hala baderitzo, akzio hori egikaritu dezan.

Kasu guztietan, hala ere, garrantzitsua da salaketa edota eskari guztiekin batera "gertatutakoaren kontakizuna" edo geure bertsioa sinesgarria egiteko ahalik eta dokumentazio gehien aurkeztea ere. Ez dezagun ahantzi salatzen ari garena zera dela, zer alde dagoen publizitatean agertutako produktu eta zerbitzuen ezaugarrien eta benetan erosi dugunaren artean..Beraz, beharrezkoa izaten da diferentzia horiek agerian uztea, erreklamazioa aurkezteko oinarri izateko; horretarako aurkez ditzakegu, besteak beste, publizitate-foiletoak, idatzizko komunikabideetatik jasotako iragarkiak edota irrati-telebistako iragarkien grabazioak.

Bide judizialari hasiera eman baino lehenago, kontsumitzaileak berak zein kontsumitzaileen elkarteek eta kontsumo administrazioak idatziz eska diezaiokete iragarleari publizitatea geratzeko edota zuzentzeko. Hamabost eguneko epea dauka iragarleak eskaria jaso duen unetik hura betetzeko edo hari uko egiteko. Erantzuten ez badu, ulertuko da eskaria ez duela aintzakotzat hartu.


- Komunikabideen bitartezko publizitate pertsonalizatuaren kasuan:

 

 Desleialtzat hartzen da nahi ez diren eta behin eta berriro egiten proposamenak telefonoz, faxez, posta elektronikoaz edo bestelako komunikabideen bitartez  egiten direnak; betiere ezin bada justifikatu kontratu-izaerako betebehar batekin betetzen ari dela.

 

Horregatik, kontsumitzaileari  egindako proposamen komertzialak jasotzearekiko desadostasuna idatzirik uztea ahalbidetzen dizkioten sistemak erabili beharko ditu enpresariak edo profesionalak.

 

Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak nahi ez dituen proposamen komertzialak jasotzearen inguruko desadostasuna adierazteko eskubidea erabili ahal izateko, proposamen hauek telefonoaren bitartez egiten direnean, identifikatu ahal den telefono zenbaki batetik egin beharko dira.

 

Izaera pertsonaleko datuen babesari, informazioaren gizartearen zerbitzuei, telekomunikazioei eta ?finantza zerbitzuen urrutiko kontratazioa barne dagoela? kontsumitzaile edo erabiltzaileekiko urrutiko kontratazioari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoaren kalterik gabe ulertuko da suposizio hau.

 

Bestalde, sarritan jasotzen dugu geure etxeko postontzian  gure izena eta eta helbidea duten eskutitz, liburuxka edo publizitate-katalogo ugari ere. Beraz, ez da harritzekoa geure buruari galdetzea nork ote dituen gure datuak, zer datu dituen eta zertarako erabiltzen ote dituen.


Posta bidezko publizitate pertsonalizatuan erabiltzen diren datu informatizatuen fitxategiei dagokienean, datuak babesteko legeek honako eskubide hauek jasotzen dituzte:

Datu pertsonalak eskatzen dizkigutenean, besteak beste INFORMAZIO hau jasotzeko ESKUBIDEA dugu: fitxategirik baden, zein helburu duen, informazio horren hartzaile nor izango den eta fitxategiaren arduradunaren izen-abizen eta helbidea.

SARRERA-ESKUBIDEA, fitxategiaren arduradunari hainbat informazio eskatu ahal izango dio: gure zein datu dituen, nola lortu dituen, nori eman dizkion eta zertarako bildu diren datu horiek.

ZUZENKETA ETA EZEREZTE ESKUBIDEAK. Agiritegiaren arduradunari gure datu pertsonalak zuzentzeko edo, hala badagokio, agiritegitik kentzeko eskatu ahal izango zaio, datuak osoak, zehatzak edo egokiak ez badira, edo gehiegizkoak badira.Nolanahi ere, berariaz baimentzen ez badugu, ezingo da gure ideologia, erlijio, sinismen, arraza-jatorri, osasun edo bizitza sexualari buruzko daturik informatizatu.

Gure datu pertsonalak jasotzen dituzten agiritegi informatizatuak direla-eta, gure informazio, sarrera, zuzenketa edo ezerezte eskubideak urratzen badira, Datuen Babesperako Agentziara jo dezakegu. Agentzia horrek informatika-abusu esparruan aurkeztutako erreklamazioak ikertzeko eskumena du eta legezko betebeharrak betetzen ez dituzten agiritegi-arduradunak zigor ditzake. Gainera, Agentzian erregistratutako agiritegiei buruzko informazioa eman diezagukete (helburua, arduraduna, helbidea, aurreikusitako lagapenak...), nahiz eta ez dituen agiritegi bakoitzean erregistratutako datu pertsonalak.

Datu horien jatorriari dagokionez, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Datu Pertsonalen Babespenerako Legeak, bere 31 artikuluan "PROMOZIORAKO ERROLDAZ" hitz egiten du. Errolda hori Estatistika Institutu Nazionalak prestatzen du eta hauteskunde-erroldan jasotzen diren izen-abizen eta helbideek osatzen dute. Promozio Erroldari eskatzen zaion zerrenda bakoitzak urtebeteko balioa izango du sarbide publikoko iturri modura.

Alegia, legezkoa da organismo honi zerrendak eskatzea eta datu horiekin marketing-kanpainak egitea. Ez badugu zerrenda horietan azaldu nahi, publizitatea bidaltzen digun enpresa bakoitzari idatzi behar diogu, gure datuak ezerezta ditzan eskatuz. Eskaera hori egin arte, ezingo dugu Datuen Babespenerako Agentziara jo eta gure datuen erabilera ez legitimoak salatu.
 

 

 



Lotutako estekak:

 

itzuli

 
Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52