Saltar al contenido

Bidaiarien garraioa. Autobusa

AUTOBUS

Autobus bidezko bidaiarien garraioa:

- Autobusa ateratzeko ordua baino ordu erdi lehenago gutxienez hasi behar dute txartelak saltzen.

- Txartelak aldez aurretik sal daitezke, baina autobuseko eserlekuen %20 gutxienez irteera egunea saltzeko utzi behar da.

- Txartela bertan behera uzteari dagokionez:

- Irteera baino 48 ordu lehenago ezeztatzen bada, txartelaren zenbatekoaren %90 itzuliko da.

- 48 eta bi ordu lehenago ezeztatzen bada, %80 berreskuratuko da.

- Autobusa ateratzeko bi ordu baino gutxiago falta dela uzten bada bertan behera, ez dugu itzulketarik jasotzeko eskubiderik.

Txartelaren informazioa:

Autobus txartelak honako informazio hau jaso behar du:

1. Garraio enpresaren datuak

2. Tarifa

3. Bidaiako ibilbidea

4. Eguna

5. Autobus zenbakia

6. Eserleku zenbakia

7. Txartelaren prezioa, guztira

8. BEZ eta bidaiarien nahitaezko asegurua sartzea

9. Informazio osagarria

Ekipajea:

- Bidaiari bakoitzak 30 Kg. arteko ekipajea eraman dezake, doan.

- Ekipajea galdu edo hondatu egiten bada, aldez aurretik ezarritako ekipaje kilo bakoitzeko zenbateko baten arabera ordainduko ditu kalteak enpresak.

- Balio handiko objektuak izanez gero, hobe da aldez aurretik deklaratzea, nahiz eta aitortutako balioaren araberako prima gehigarri bat ordaindu beharko dugun, izan ere, horrela, kalte ordain handiagoa jasotzeko eskubidea izango dugu, aitortutako balioaren arabera.

Atzerapenak:

Lehendik baieztatutako loturaren bat edo konbinazioren bat hartzea eragozten duen atzerapena izanez gero, kalte-galerak ordain diezazkiguten eskatzeko eskubidea dugu.

Bidaia egitea eragozten duen matxuraren bat edo bestelako zerbait gertatzen bada, enpresak nahitaez ibilgailua konpondu behar du, edo beste ibilgailu bat jarri behar du bidaia amaitzeko, edo bidaia berriz abiatu arteko ostatu edota mantenu gastuak ordaindu behar ditu.

Bidaiarien nahitaezko asegurua:

Estatu espainiarreko lurretan egiten diren edo hasten diren autobus, tren edo kable bidezko garraio publiko guztiak Bidaiarien Nahitaezko Aseguruaren (BNA) estaldura dute; aseguru horren prezioa txartelaren prezioan barne hartuta egongo da. Autobusaren barruan gertatzn diren istripuak estaltzen ditu BNAk, bidaia oraindik hasi ez bada ere, edo bukatua badago ere, eta autobusean sartzean edo handik irtetean gertatzen direnak ere bai. BNAk bermatutako estalduran barne hartzen dira osasun asistentzia eta kalte ordainak, heriotza, baliaezintasun iraunkorra edo aldi baterako ezintasuna izanez gero.

Neurri horren onuradun izan ahal izateko, istripua izan denetik 30 eguneko epean jakinarazi beharko diogu aseguruari eta txartela aurkeztu beharko dugu. Garraio titulua duen orok aseguru hori izateko eskubidea du, baita legez txartela ordaindu behar ez duten adingabeek ere.

Arazoei aurrea hartzeko:

Gutxienez, bidaiaren amaierara arte gorde behar dugu txartela edo bestelako garraio titulu baliozkoa, garraioan zehar edozein unetan eska diezagukete eta. Gainera, dagokionean, aurkez dezakegun erreklamazioa egiteko ezinbestekoa izango zaigu, baita Bidaiarien Nahitaezko Aseguruaren onuradun izateko ere.

Irteera ordua aldez aurretik finkatua duten garraioetan, hobe da nahikoa denboraz iristea abiapuntura.

Ekipajea fakturatzean, dagokion frogagiria eskatu behar dugu.

Ibilgailua higiene, garbitasun eta erabilera baldintza egokietan egon dadin eskatzeko eskubidea dugu, eta, ibilgailuari, ibilbideari, ordutegiari, eta abarri dagokionez, kontratatu dugunaren araberako bidaia izateko eskubidea ere bai.

Garraio txartelen bat erosteko garaian, aplika daitezkeen tarifei, murrizteei edo deskontuei (baldin badaude) buruzko informazioa jasotzea komeni da; txartela erosi ondoren, txartelean ageri diren datuak zuzenak direla ere egiaztatu behar da.

Balio handiko objektuak eraman behar baditugu, gehixeago ordaindu behar bada ere, hobe da objektu horiek deklaratzea, galdu edo hondatu egiten badira ezustekorik izan ez dezagun.

Erreklamatzeko:

Arazorik izanez gero, garraio zerbitzua eskaintzen digunarekin konpontzen ahalegindu behar dugu lehenik. Autobus geltoki guztietan, badituzte erreklamazio orriak, behar izanez gero.

Akordiorik lortu ezean, eta lurreko garraioaren arloko gatazka ekonomikoa izanik, Garraioko Arbitraje Batzordeetara jotzea da azkarrena eta egokiena. Gure Autonomia Erkidegoan, bi Garraioko Arbitraje Batzorde daude, bata Arabakoa (Lurralde Historiko horretan eskuduna duena) eta bestea Euskadikoa (Bizkaian eta Gipuzkoan eskuduna duena). Lurreko garraioaren inguruan sortzen diren eduki ekonomikoko erreklamazioak eta gatazkak konpontzeko sortutako erakundeak dira. Lurreko garraioa eta itsasontziz edo airez egiten den beste garraioren batek bat egiten duten kasuak ere barne hartzen dira.

Garraioko Arbitraje Batzordeek 3.005,06 euro arteko erreklamazioak ebazten dituzte, salbu eta garraioa hasi aurretik, garraio kontratuan esku hartzen duten aldeetakoren batek besteari adierazten dion ez zaiola arbitrajeari atxikiko. Zenbateko hori baino gehiagoko erreklamazioak ere ebazten dituzte, betiere aldeek itunduz gero. Garraioko Arbitraje Batzordeen esku hartzea doakoa da, eta ez da beharrezkoa abokatuarekin edo prokuradorearekin jotzea haiengana. Batzordeen laudoak edo ebazpenak betearazleak dira eta nahitaez bete behar dira.

Hiriarteko eremuko (Udalerri baten eremutik ateratzen direnak) errepide garraioen inguruko erreklamazioak, eduki ekonomikoa ez badute, dagokion Foru Aldundiko Garraio Sailean aurkez daitezke. Bidaiarien hiri barruko (Udalerri baten mugen barruan) garraioaren kasuan, Udalaren eskumena da.

Bestela, Kontsumoko arbitraje sistema ere hortxe dugu, eta, azkeneko aukera auzibidera jotzea izango da.

Dena dela, honako hauek guri laguntzeko daude: Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Lurralde Bulegoak, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) eta Kontsumitzaileen Elkarteak.



Lotutako estekak:

 

itzuli

 
Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52