Saltar al contenido

Aireko bidaiarien garraioa. Aireportuko tramiteak.

AVION

Aireportuko tramiteak

Terminalak

Litekeena da aireportuak terminal bat baino gehiago edukitzea. Hala bada, ziurtatu zein terminaletatik irteten den zure hegaldia: txartelean bertan irakur dezakezu, edo txartela erosi duzun bulegoan galde dezakezu. Gogoan izan, halaber, hiri batzuek aireportu bat baino gehiago izan ditzaketela.

Bidaia txartela erakustea eta ontziratzea

Hurbil zaitez fakturazio mahaira, aireportura iritsi bezain laster, baita ekipajerik gabe bazoaz ere. Eraskutsi txartela, eta ontziratze txartela emango dizute. Txartel hori eskuraturik, bidaiari moduan onartuta zaude, eta eserleku bat izango duzu gorderik hegaldirako.

"Hegaldirako onartua izateko muga ordua" deritzonak gutxieneko muga bat ezartzen du bidaiariak irteera orduaren aurretik egin beharreko tramite guztiak egiteko: txartela erakustea, fakturazioa egitea eta ontziratze txartela eskuratzea. Aire konpainiak ez du inongo erantzukizunik izango fakturazio mahaira berandu iristen diren bidaiariak ez onartzeagatik.

Bidaiariak aire konpainiak, operadore turistikoak edo baimendutako bidaia agenteak idatziz (baliabide elektronikoak barne) adierazitako orduan agertu behar du fakturazio mahaian. Besterik adierazten ez bada, hegaldiaren irteera ordua baino 45 minutu lehenago, gutxienez, agertu behar du.

Konpainia batzuek beren orduak ezartzen dituztenez, garrantzitsua da horiei buruz galdetzea.

Herrialde batzuetarako hegaldiek denbora gehiago behar dute ontziratu aurreko tramiteetarako, segurtasun arrazoiengatik. Galdetu zure konpainiari.

Beraz, erne ibili fakturatzeko eta segurtasun kontrolak pasatzeko beharko duzun denborarekin, batik bat oporraldietan, aireportutako joan-etorria nabarmen areagotzen delako.

Halaber, kontuan eduki hiritik aireportura joateko beharko duzun denbora (auto ilarak, etab.). Beste horrenbeste esan daiteke konexioak edo loturak egin beharreko kasuetarako.

Baliteke segurtasun arrazoiek hala eskatuta aireportuetako kontrolak ugaritu eta zorroztea, bai bidaiariena, bai ekipajearena (eskukoarena nahiz fakturatutakoarena). Komeni da, hortaz, bidaia txartela, ontziratze txartela eta nortasun agiria beti eskura edukitzea, eta aire konpainiak ezarritako ontziratze denborei erreparatzea.

Ez kezkatu aireportura goizegi iristeagatik. Bidaiarientzako eremuak zerbitzu ugari eskaintzen dizkizu itxaronaldia atseginagoa egiteko: kafetegia, jatetxea, zergarik gabeko artikuluen salmenta (nazioarteko hegaldietarako eremuan), txanpon aldaketa, prentsa eta liburuak, ile apaindegia, etab.

Dokumentazioa.

Ezinbestekoa da bidaia bakoitzerako behar den nortasun agiri ofiziala edukitzea: NA, estatu barruko eta Europako Batasunaren barneko hegaldietarako (Schengen eremua); pasaportea, gainerako nazioarteko hegaldietarako. Herrialde batzuek beste dokumentu batzuk eskatzen dituzte: bisak eta osasun ziurtagiriak, adibidez.

Galdetu bidaia agentziari edo aire konpainiari zer dokumentu beharko dituzun. Helmuga duzun herrialdearen enbaxadak edo kontsuletxeak ere emango dizkizu horri buruzko argibideak.

Bidaiaria adingabea bada, ez ahaztu hari dagokion nortasun dokumentazioa ere eramateaz.

Eta gogoan izan lurrean gera zaitezkeela eskatzen zaizun dokumentazioa aurkezten ez baduzu.



Lotutako estekak:

 

itzuli

 
Irungo Udala - Ayuntamiento de Irun - Tel. 010 - Tel. 943 50 51 52