Irun Informazioaren Gizartean
Guztiok egon nahi dugu Interneten, baina
  • hiritarrei interesatzen zaien informazioa behar bezala antolatuta ez badugu eta behar bezala mantentzen ez badugu,
  • gure erakundeak informazio-sistema informatizatua ez badu, behar bezala osatua eta teknologia aldetik "eguneratua",
  • gure prozedurak normalizatuta ez badaude,
  • Labur adierazteko, gure antolamendua ez badago "benetan" hiritarrengan bideratua eta behar bezalako antolamendu-azpiegiturak eta baliabideak ez baditugu ...
hiritarren zerbitzurako tresna gisa oso mugatua eta baldintzatua egongo da Interneten garapena.
Horregatik, Irungo Udala ez zen Interneten jarri joan den 2000ko uztailaren 12 arte, egun horretan jarri baitzen abian www.irun.org zerbitzua. Ez genuen Interneten jarri nahi informazio mailan dinamismoa, gaurkotasuna eta kalitatea ziurtatuko ez zuen zerbait, edo besterik gabe erabiltzaileentzako benetan erabilgarria izango ez zen zerbait. Internet benetan tresna praktiko gisa garatzeko eragozpen handietako bat Interneten alferreko eduki eta eduki zaharkitu gehiegi egotea da, horrek erabiltzaileak desanimatu eta erabiltzaileen interesa galarazi egiten baitute.

IruNet XXIen antolamenduan funtsezko garrantzia hartzen du, nola ez, 1997 urtarrilaz geroztik Hiritarra Atenditzeko Zerbitzua, HAZ/010 zerbitzua, modu erabat eraginkorrean abian jarri izanak, hainbesterainoko garrantzia du non esan baitaiteke IruNet XXIek aurretiazko proiektu horrekin bat egiten eta beraren aukerak garatu eta sustatzen dituela. Ildo horretan, Irungo Udaleko HAZek irekitzen duen ate berrian -Interneten alegia- zerbitzu berriak garatzeko, mesedegarriak eta baliagarriak izan dira, ezinbesteko laguntza gisa, Leihatila Bakarrerako nahitaezko eta aurretiazko pausu gisa egindako administrazio normalkuntza eta arrazionalizazioa, gure erakundean HAZek ekarri zuen antolaketa eta kultura aldaketa, zerbitzuak herritarrari begira bideratzea eta informazioa eskuratzeko eta mantentzeko sistematika sendotuak izatea.
 
 
Internauta zara eta badakizu horrek zer esan nahi duen: "saguarekin klik eginda" informazio eta zerbitzu mundu oso bat eskura izatea, mundu hori izugarri handitzen ari baita egunez egun eta gero eta giza jardueraren esparru gehiagotara zabaltzen ari baita.
Garai zoragarria ari gara bizitzen, teknologiak erabat aldarazi du distantziaren kontzeptua, globalizazio positibo eta sozialki aplikatua eta etengabeko aldaketa eragingarri eta erronka dira aldi berean, eta edonoren eskura jartzen dira edo jarri behar dira garai batean oso gutxik eskura zitzaketen informazio eta ezaguerak. Teknologia informatiko eta komunikazioen etengabeko bilakaera eta telekomunikazio industrien eta "punto com" zerbitzuen garapen geldiezina dira garatzen ari den Informazioaren Gizarte honen oinarri nagusiak, "Ekonomia Berri bat" sortu baitute.
Garatzen ari den Internet berriari esker (IP v.6, xDSL, LMDS, eta abar.), etorkizun hurbilean "mundu konektatua" izango dugu, eta edozein gailu "Sarean" egongo da, gaur egungoak baino askoz ere handiagoak izango diren transmisio-abiadura batzuekin, eta norberaren ordenadoreak, PCak, gaur egun ezagutzen dugun moduan, orain arte izan duen paper nagusia galduko du; horrela, neurri handi batean, ekipo mugikorrek eta telebistak (edo gaur egun leku guztietan dagoen "kaxa hutsaren" lekua hartuko duenak) izango dute paper hori.
Estatu osoko Komunikabideen Azterketa Nagusiko datuen arabera, 1999ko martxoan soilik 2.300.000 pertsona ziren Interneten erabiltzaile, hau da, biztanleen %5,8, eta urte bakar batean ia bikoiztu egin zen kopurua, 4 milioitara iritsi baitzen (%10,5 2000ko martxoan); urtebete geroago, 2001eko martxoan, 6.900.000 (&19,8) izatera iritsi zen, eta kopuruak igotzen jarraitu zuen, apalago baina etengabe, gaur egun (2002ko martxoko datuak) 7.750.000 erabiltzaile izatera iritsi arte (%22,2). Datu horiek agerian uzten dute gizartean Internetek duen onarpenaren garapena.
Nolanahi ere, uste dugu administrazioek ahaleginak egin behar dituztela eraikitzen ari den gizarte berri honetan beti izan diren desberdintasun sozial horiek ez gertatzeko eta "haustura digitala" deitu izan dena ekiditeko; teknologia eta zerbitzu berriak erabiltzeko aukera eman behar zaio jende guztiari. Horrenbestez, udalok, herritarrengandik hurbilen dauden administrazioak garen aldetik, ahalegina egin behar dugu, ekintza praktiko eta baliagarrien bidez, Internet denen eskura egon dadin eta Informazioaren Gizarte berria bereizketarik eta bazterketarik egiten ez duen gizartea izan dadin.
 
Gaur egun dauden "web sites" gehienek informazio estatikoa eta dinamiko samarra eskaintzen badute ere, e-Bussinessen bidezko Ekonomia Berri (edo e-Ekonomia) honek dakarren negozioak, eta negozio hori Sarearen bidez saldu eta erostea baino ez da, Interneten etorkizuna ere horretan oinarrituko dela pentsatzera bultzatzen ditu analista guztiak, hau da, Sarearen bidez negozioak eta gestioak egiteko erabiliko da.
Administrazioarentzat, oro har, eta udal batentzat, bereziki, Interneten bidez gestioak egiteko aukera, aukera ezin hobea da hiritarrekin harremana errazteko, tramitazioak on-line egin baitaitezke, eta horrek esan nahi du ez dutela mugitu behar eta ilara handietan itxaron behar, eta gainera zerbitzu horiek 24 ordutan eman daitezke, astean 7 egunetan.
Baina pribatutasuna eta identitatea ziurtatzen ez diren Internet bezalako bide ez seguru batean negozioak egin, informazio pribatu edo/eta baliotsua eman eta dirua erabiltzeko, tresna osagarriak behar dira edozein salerosketa egiteko, parte hartzen duten aldeek onartu behar dute salerosketa hori eta abar. Irtenbidea da segurtasun teknologia eta protokoloak sartzea, horiek fidagarri bihur dezaten berez fidagarria ez den bitarteko bat, eta horren adierazle gorena Sinadura Digitala da. Izan ere, Sinadura Digitalaren bidez eginiko salerosketa elektronikoek beren eraginkortasun juridikoa onartua dute Espainian (Irailaren 17ko 14/1999 Errege Dekretu Legea, sinadura elektronikoari buruzkoa).
 
 
Sinadura elektroniko edo Sinadura Digitalaren definizio bat honako hau izan liteke: "soluzio teknologikoa da, eta baita antolamendu soluzioa ere, eta teknika kriptografikoak erabilita, legearen aurrean balioa ematen die salerosketa elektronikoei". Beste definizio bat, sinadura kontzeptuan gehiago oinarrituagoa, honako hau litzateke: Sinadura digitala dokumentu (edo fitxategi) batekin batera doan karaktere multzoa da eta egilea zein den (legeztatzea) eta geroago datuak ez direla manipulatu (zuzentasuna) egiaztatzen du.
Ezartzen hasi diren soluzioek asimetrikoak edo klabe publikokoak deituriko sinadura kriptografikoen sistemak erabiltzen dituzte, hau da, klabe pare bat daude, bata publikoa, sistemaren erabiltzaile guztien eskura jartzen dena, eta bestea pribatua, titularrak bakarrik duena. Era horretan, klabe horietako batez zifratu den dokumentu, formulario, e-mail... bat bere bikoteak baino ezin du deszifratu, eta alderantziz. Beste soluzio batzuek Biometriara jotzen dute, hau da, datuen enkriptazioa aztertzen duen zientzia, pertsona baten ezaugarri bakarrak diren eta bereiz daitezkeen giza gorputzaren atal batzuen bidez, begiko irisa eta hatz-markak, esate baterako.
Gainera, dena bat etor dadin, konfiantzazko organismo bitartekari bat behar da bi aldeentzat, eta hori egiaztapenaren egilea da, "notario elektronikoaren" paperean, egile horrek ematen baititu egiaztapen digitalak, eta klabe jakin baten eta klabe horren jabea den pertsona fisikoaren arteko lotura egiaztatzen du.
Intereseko erreferentzia batzuk:
 
Firma digitala erabiliko da Interneten bidez eta inolako zalantzarik gabe Administrazioak hiritar bat identifikatzeko. Hori esatea dena esatea da: horrek esan nahi du teknika aldetik Interneten bidez egin daitekeen edozein tramite, kontsulta edo jarduera baliabide horren bidez egin ahal izango dela eta erabateko balioa izango duela legearen aurrean. Horrenbestez, zerbitzu kopuru handi bat eraman ahal izango da Internetera bi norabideetan, hau da Administraziotik hiritarrengana eta alderantziz ere:
  • Informazio pertsonal eta pertsonalizatu oro kontsultatu ahal izango da (tramitean dauden espedienteak, hauteskunde-errolda, biztanleen errolda, eta abar., eta abar.)
  • Espedienteak tramitatu ahal izango dira
  • Ziurtagiriak eskuratu ahal izango dira
  • Zergak, isunak eta tasak Interneten bidez ordaindu ahal izango dira
  • Jakinarazpen eta komunikazio digital pertsonalizatua egin ahal izango da
  • Boto elektronikoa eman ahal izango da ... eta abar., eta abar.
Teknologia honen benetako aplikazioa, eta teknologia gisa jardunean dagoen errealitatea da dagoeneko, bere lehen urratsak ematen ari da, ekimen eta proiektu pilotuen bidez bai estatu mailan (DNI digitala, CERES, eta abar.) bai autonomia mailan (Eusko Jaurlaritzaren Klabe Publikoaren eta posta elektroniko seguruaren azpiegitura), maila horietan zehaztu behar baitira urratsak hemendik gutxira udalek zerbitzu berri horiek guztiak martxan jar ditzagun.