Azken Portuk ateak irekiko ditu
Hirian kirola egitea bultzatu nahi du instalazioen eta jardueren eskaintzak zabalduz

Azken Portu kiroldegi berriko lehenengo faseak ateak irekiko ditu jendearentzako. Hiru kirol areto handi; zortzi kaleko igerilekua, nazio-mailako lehiaketetarako egokitua, eta beste igerileku txikiago bat, irakaskuntzarako; balio anitzeko pista estalia eta hiri-spako zirkuitu bat. Horiek dira zerbitzuetako batzuk instalazio berriak hiritar guztientzako jarriko dituenak Bidasoa aldera bistan bistak dituen eraikin moderno batean.
Azken Portu kiroldegi berriak laster ateak irekiko ditu hiriko kirol instalazioen eskaintza zabaltzeko helburuarekin eta hiritarrek kirola egin dezaten bultzatzeko. Azpiegitura berri honek lagunduko du Irunen ekipamendu berrien eta, oso bereziki, igerilekuen inguruan dagoen eskari handiari erantzuna ematen.
Gainera, Azken Portu martxan jartzeak balioko du Artalekuko zerbitzua eta instalazioak hobetzeko, izan ere bi kiroldegien artean banatuko da erabiltzaileen bolumena eta horrek aukera emango du instalazio beteranoan inbertsio berriak eta beharrezkoak egiteko. Kontuan eduki behar da, egun, 8.500 erabiltzaile baino gehiago dituela Artalekuk eta beste ia mila irundar daudela inguruko kiroldegietan bazkide eginda, Hondarribian eta Oiartzunen, esaterako.
Azkenik, instalazio berriaren helburua Bidasoa ibaiaren ingurua biziberritzea eta Artiako auzoa alor urbanistikoan orokorki hobetzen laguntzea, ekipamendu berria edukiko baitu eta orain arte bazter utzitako zonalde bat berrituta ikusiko da. Azken Portu eta auzoko zonalde erresidentziala lotuta geratuko dira eskailera mekanikoen bi tarte eginez, horrela, egun dauden kota desberdintasun handiak gaindituko dira eta ibai ertzeraino joatea errazago egingo da. Berrikuntza handia da eta Eusko Jaurlaritzaren Izartu programaren diru-laguntza jaso du, hondatutako zonaldeak berritzeko programaren barnean.
Kirola, aisia eta bizikidetza bultzatuko duen zentro bihurtuko dela uste da Azken Portu, eta hiriko ekipamendu publikorik garrantzitsuenetako bat izango da. Proiektuan jasota dago instalazioa bi fasetan egingo dela, horietako lehena dagoeneko gauzatu da eta datorren maiatzean jarriko da martxan.

Modernoa eta ondo ekipatua
Erabat zaindu dira diseinua, eraikuntzako materialak eta eskainiko dituen prestazioak, Azken Portu zentro modernoa eta ondo ekipatua izan dadin, erabiltzaileen erasotasunean pentsatuta eta mugitzeko arazoak dituztenentzat egokituta. Gainera, kanpoan aparkaleku bat izango da, hirurogei toki inguru izango dituena, instalazioko erabiltzaileek erabiltzeko.
Eguzki-plakak dauzka, Udalak ekin dion programa globalarekin jarraitzeko, asmoa baita energia berriztagarriaren sistema jartzea hiriko udal eraikinetan, energia gutxiago xahutze aldera eta ingurumena gutxiago kutsatzeko.
Kudeaketa sistema
Kiroletako Udal Patronatuaren Zuzendaritza Batzordeak “Bidasoa XXI Igeriketa Kirol Elkartea” enpresari esleitzea erabaki zuen Azken Portu udal kiroldegiko instalazioen kudeaketa eta ustiaketarako kontratua. Lehiaketara bi proposamen aurkeztu ziren, eta bi eskaintzak aztertu ondoren, CDN Bidasoa XXI enpresari esleitu zitzaion 2011eko abenduaren 31 arte. Epe hori luzatu ahal izango da 5 urteko denboraldika, gehienez jota 15 arte.
Irungo Udalak, Kiroletako Udal Patronatuaren bitartez, kiroldegi berria kudeatu eta ustiatzeko kanpotik kontratatzeko erabaki hartu zuen kudeaketa zuzenaren alternatiba moduan. Gipuzkoako udal kiroldegi askotan erabiltzen da dagoeneko, besteak beste, Hondarribikoan edo Tolosakoan (duela gutxi inauguratu da). Azken Porturekin, Udalaren erronka da formula hau integratzea kirol instalazioak kudeatzeko daukan ereduan.
Kudeaketaren ezaugarriak
Kanpoko enpresa batek kudeatzen badu ere, instalazioen titularitatea udalarena da eta Udalak kontrola edukiko du enpresak egindako lanaren gainean eta bere jarduerak burutzeko lehentasuna ere edukiko du. Adibidez, Udalak eta Patronatuak instalazio horiek erabili ahal izango dituzte beren ustez interesgarriak diren kirol, kultura edo gizarte alorreko ekintzak edo ekimenak burutzeko.
Esleipena jaso duenak errespetatu beharko du, gainera, Irungo “kirola eskolan” urteko programako ekintzak eta izaera bereziarekin Artalekun ere eskaini ohi diren zerbitzuen eskaintza, adibidez, familia irundarrek haurrak hartzeko programak edo gutxietsitako kolektiboei laguntzeko programak, besteak beste, Udaleko Gizarte Ongizate arloarekin elkarlanean.
Udal Patronatua izango da, gainera, zerbitzu desberdinen prezioen tarifak, instalazioaren ordutegia edo erabiltzeko arautegia onartuko duena.

Kirol elkarte bat kudeaketa lanetan
CDN Bidasoa XXI, elkarte gisa, 2001ean sortu zen, baina bere kideetako asko duela urte asko hasi ziren igeriketaren alde eskualdean lanean, Bidasoa Kirol elkarteko igeriketa sailaren barnean. Kirol alorrean arrakasta handiak lortu dituen elkarte bat da bai Euskadiko eta bai Espainiako lehiaketetan eta horren ondorioz urtez urte bazkide kopuruan ere hazten joan den kirol bat da gure hirian.

