Etxebizitza
eta Gizarte Gaietako Saila
AGINDUA, 2002ko abenduaren
30ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena,
babes ofizialeko etxebizitza sustatzeko laguntzei
eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzkoa.
Babes ofizialeko etxebizitzen erregimen
juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko
laguntzei buruzko 315/2002 Dekretuak, bere 42. artikuluan,
ondokoak ezartzen ditu babesteko moduko jarduketa gisa:
a) atalean, "babes ofizialeko etxebizitza gisa
kalifikatutako eraikuntza berriko etxebizitzak alokairuan,
salmentan edo erabilera propioan lagatzeko sustapena
eta etxebizitza librea alokairu babestuan jartzeko
sustapena", c) atalean berriz, "etxebizitzaren
alokairu babestua, alokairu babestura bideratutako
etxebizitzen erosketa eta alokairu babestuan jartzeko
etxebizitzaren lagapena" eta, azkenik, d) atalean "etxebizitzak
jabetzan edo alokairuan lagatzeko sustapena helburu
duen birgaitzea".
Agindu honek batera garatzen ditu adierazitako irudiak,
helburu bikoitzarekin garatu ere, interpretazioa errazteko
eta elementu berdinen araudi komun bat egiteko aprobetxatzeko
hain zuzen ere. Era honetan, sistematika hobea lortzen
da, azken helburu gisa alokairu-erregimena bultzatzea
duten irudi ezberdinak (sustapenari lotuak zein lotu
gabeak) biltzen baitira.
Adierazitako Dekretuko 43. artikuluak bi laguntza-mota
arautzen ditu: finantzaketa kualifikatua eta zuzeneko
diru-laguntzak.
Horren arabera, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren
egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002
Dekretuan eta babes ofizialeko etxebizitzen erregimen
juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko
laguntzei buruzko 315/2002 Dekretuan xedatutakoari
jarraiki.
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea babes ofizialeko etxebizitzen erregimen
juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko
laguntzei buruzko 315/2002 Dekretuaren 42. artikuluko
a), c) eta, zati batean, d) atalak garatzea da. Atal
hauetan ondokoak biltzen dira babesteko moduko jarduketa
gisa:
* Babes ofizialeko etxebizitza gisa kalifikatutako
eraikuntza berriko etxebizitzak alokairuan, salmentan
edo erabilera propioan lagatzeko sustapena eta etxebizitza
librea alokairu babestuan jartzeko sustapena.
Berehala eraikitzeko helburuarekin egiten den lurzoruaren
urbanizazioa Agindu honek araututako babesteko moduko
jarduketatzat hartuko da, babes ofizialeko etxebizitzen
sustapenaren barruan eta betiere itundutako etxebizitzei
dagokienez.
Itundu gabeko sustapen pribatuen kasuan, lurzorua
urbanizatzeko laguntzak arautzea Etxebizitza eta Gizarte
Gaietako Sailburuaren beste Agindu baten xedea da.
* Etxebizitzaren alokairu babestua, alokairu babestura
bideratutako etxebizitzen erosketa eta alokairu babestuan
jartzeko etxebizitzaren lagapena.
* Babes ofizialeko etxebizitzak jabetzan edo alokairuan
lagatzeko sustapena helburu duen birgaitzea, eta eskatzailearen
ohiko bizilekuaz bestelako etxebizitzen birgaitzea
alokairu babestuan jartzeko.
2. artikulua.– Onuradunak.
1.– Babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako
laguntzak.
Pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak edo pribatuak
izan daitezke babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko
laguntzen onuradun (babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaile
gisa).
2.– Alokairu babesturako laguntzak:
Ondoko pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo
pribatuak izan daitezke etxebizitzaren alokairu babesturako
laguntzen onuradun:
a) arau honek zehaztutako gutxieneko epean alokairuan
jartzeko etxebizitza librea sustatzen dutenak.
b) arau honek zehaztutako gutxieneko epean etxebizitza
bat (librea edo babes ofizialekoa) alokairuan lagatzeko
jabetzan hartzen dutenak.
c)gizarte-etxebizitzak sustatzen dituztenak eta arau
honek zehaztutako gutxieneko epean alokairu babestuan
jartzen dituztenei saltzeko konpromisoa hartzen dutenak.
d)ohiko bizilekuaz bestelako etxebizitza bat alokairu
babestuan jartzeko birgaitzen dutenak.
3. artikulua.– Laguntza-motak.
Agindu honen babesean ondoko laguntza-motak eman ahal
izango dira:
1.– Finantzaketa kualifikatua.
a) Mailegu kualifikatuak.
b) Banku-deskontuak.
2.– Zuzeneko diru-laguntzak.
a) Interes-tasaren sorospena, erabatekoa edo partziala.
b) Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak.
4. artikulua.– Babes daitezkeen jarduketak.
1.– Babes daitezkeen jarduketak ondokoak izango
dira:
a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustapena, erregimen
orokorrekoena zein gizarte-etxebizitzena, eta etxebizitza
berriaren sustapena zein birgaitze bidezko sustapena.
1.– Alokairuan jartzeko.
2.– Salmentan jartzeko eta erabilera propiorako.
b) Alokairua bultzatzea.
1.– Etxebizitza librearen sustapena arau honek
zehaztutako gutxieneko epean alokairuan jartzeko (lehen
alokairuaren kontratua bisatzen den egunetik aurrera
kontatzen hasita).
2.– Etxebizitza libre zein babes ofizialeko
baten eskuratzea arau honek zehaztutako gutxieneko
epean alokairuan lagatzeko (etxebizitzaren eskuratzeari
buruzko eskritura publikoa formalizatzen den egunetik
aurrera kontatzen hasita).
3.– Gizarte-etxebizitzen lagapena arau honek
zehaztutako gutxieneko epean alokairu babestuan jartzeko
(alokairuan jartzeko konpromisopean egindako etxebizitzaren
besterentzeari buruzko eskritura publikoa formalizatzen
den egunetik aurrera kontatzen hasita).
4.– Eskatzailearen ohiko bizilekuaz bestelako
etxebizitza baten birgaitzea arau honek zehaztutako
gutxieneko epean alokairu babestuan jartzeko (lehen
alokairuaren kontratua bisatzen den egunetik aurrera
kontatzen hasita).
2.– Agindu honetan araututako laguntzak emateko
beharrezkoa izango da Hitzarmen bat formalizatzea.
Hitzarmen hori Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuak
sinatuko du, itundutako sustapenen kasuan izan ezik,
hauetan esleipena lehiaketa publiko bidez egingo baita,
babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren
eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko
abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 30. artikuluan
eta hurrengoetan xedatutakoari jarraiki. Prozedura
horretan etekinen esleipena egingo da.
Etxebizitzak esleitzeko prozedura Etxebizitza eta
Gizarte Gaietako Sailak egingo du Agindu honetan araututako
babesteko moduko jarduketa guztietan, aurreko atalean
aipatutako 315/2002 Dekretuaren 11.4 artikuluan aurreikusitako
eta udal-korporazioei, tokiko erakunde autonomoei edo
udal-elkarte publikoei lotutako kasuetan izan ezik,
hauek Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren
Agindu bidez arautuko baitira.
3.– Etxebizitzen gehieneko azalera erabilgarria
90 m2-ra bitartekoa izan daiteke, edota 120 m2-ra bitartekoa
bost kideko edo gehiagoko bizikidetza-unitateentzat
edo familia ugarientzat badira. Hala ere, etxebizitzak
Birgaitze Integratuko Areetan kokatuta badaude, azalera
120 m2-ra bitartekoa izan daiteke.
Etxebizitzek diseinu-aginduetan jasotako bizigarritasun-baldintzak
bete beharko dituzte. Halaber, etxebizitzak ezin izango
dira antolamenduz kanpoko gisa kalifikatutakoak izan.
4.– Aipatutako jarduketak ez dira babes daitezkeen
jarduketatzat joko, horietatik eratorritako alokairuaren
kontratuetan arau honek ezarritakoak baino txikiagoak
diren epeetan errentariei jabetza lortzea ahalbidetzen
dieten klausulak barne hartzen direnean.
5.– Etxebizitzak dagozkien Lurralde Ordezkaritzetan
horretarako sortutako Erregistroetan barne hartuko
dira. Erregistro horretan adieraziko dira egindako
alokairu-kontratuak, horien luzapenak eta arau honek
zehaztutako gutxieneko aldian izandako gainerako gertaera
juridikoak.
6.– Etxebizitza horien gehieneko errenta babes
ofizialeko etxebizitzen errenta gisa ezarritako gehienekoa
izango da.
Edonola ere, artikulu honetan jasotako jarduketen
titularrek gizarte-etxebizitzen gehieneko errenta ezarri
ahal izango dute etxebizitzen gehieneko errenta gisa.
Horrela eginez gero, horrelako kasuetarako ezarritako
zuzeneko laguntza ekonomikoen onuradun izan daitezke.
7.– Alokairu babestuan jarriko den etxebizitza
erosteko laguntzen kasuan etxebizitzak ezin izango
dira babes ofizialekoak izan, ondoko baldintzak betetzen
direnean izan ezik:
– Jabeak pertsona juridikoak izatea.
– Sozietatearen helburuan jarduera hau barne
hartzea.
– Jarduketa babestuak gutxienez 5 etxebizitza
barne hartzea.
II. KAPITULUA
ALOKAIRUAN JARTZEKO BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENA.
5. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa
Babes ofizialeko etxebizitzak –erregimen orokorrekoak
zein erregimen berezikoak– eta gizarte-etxebizitzak
15 urteko epean (behin betiko kalifikaziotik aurrera
kontatzen hasita) alokairuan jartzeko egiten den sustapena
hartzen da Agindu honek babes dezakeen jarduketatzat.
Epe horretan ezin izango da aldatu etxebizitzaren erabilera.
6. artikulua.– Mailegu kualifikatua.
1.– Gehieneko kopurua.-
Alokairuan lagatzeko babes ofizialeko etxebizitzen
sustapenaren kasuan, finantzaketa kualifikatua etxebizitzen
eta etxordeen gehieneko salmenta-prezioaren (etxebizitza
saltzera destinatuz gero behin-behineko kalifikazioan
agertu beharko zukeen prezioaren) %100ekoa izango da.
2.– Amortizazio-epea.
Amortizazio-epea 20 urtekoa izango da, aukerako gabeziako
3 urte osagarrirekin.
3.– Bermeak.
Mailegua hipoteka bidez bermatuko da eta, hala badagokio,
kreditu-erakundeek mailegariari bermeak eskatu ahal
izango dizkiote.
4.– Sustatzaileek emandako maileguaren guztizkoaren
%100era bitartean erabili ahal izango dute, inbertsioaren
garapenaren eta obrak egiteko erritmoaren arabera.
5.– Sustatzaileek kalifikaziotik aurrera 6 hilabeteko
gehieneko epean formalizatu beharko dute mailegua,
aldez aurretik banku-deskontua aukeratzen denean izan
ezik. Halaber, formalizaziotik aurrerako 6 hilabeteko
gehieneko epean egin beharko dute maileguaren lehen
erabilera.
6.– Gabealdia behin betiko kalifikazioa ematen
den egunean amaituko da.
7. artikulua.– Banku-deskontua.
1.– Kreditu-erakundeek eta babes ofizialeko
etxebizitzen sustatzaileek, aurreko atalean aipatutako
sustatzailearentzako maileguez gain, eraikitzaile esleipendunek
deskonturako aurkezten dituzten obra-egiaztagirien
banku-deskontuko eragiketak hitzartu ahal izango dituzte
eraikitzaile horien alde, kreditu-erakundeekin izenpetutako
Hitzarmenean itundutako baldintzetan.
Horretarako, banku-deskontuko eragiketatzat joko da
kreditu-erakundeak eraikitzaileari obra-egiaztagiri
baten zenbatekoa aurreratzea bere kobrantza-eskubidea
lagatzearen bidez.
Eragiketa horrek sortutako interesak –sustatzaileak
ordainduko dituenak– ordaintzeko modua kreditu-erakundeekin
izenpetutako finantza-hitzarmenean finkatutakoa izango
da.
2.– Deskontu-linearen gehieneko kopurua hipoteka-maileguaren
gehieneko kopuru gisa ezarritako berbera izango da
eta gehieneko iraunaldia 3 urtekoa izango da, formalizaziotik
aurrera kontatzen hasita.
3.– Eraikuntza-obra amaitzean hipoteka-mailegua
formalizatuko da sustatzailearen eta kreditu-erakundearen
artean. Hipoteka-mailegu hau aurreko artikuluan mailegu
kualifikatuetarako adierazitako baldintza eta muga
berberei lotuta egongo da, ondoko salbuespenekin:
– Gehieneko epea: 23 urte, deskontu-eragiketa
formalizatzen den egunetik aurrera kontatzen hasita.
– Gehieneko gabealdia: 3 urte, deskontu-eragiketa
formalizatzen den egunetik aurrera kontatzen hasita.
– Mailegu kualifikatuaren interes-tasa: mailegua
onartzen den unean deskontu-eragiketan indarrean dagoena;
deskontu-eragiketan ezarritako mugaegunak eta aldakortasuna
mantenduko dira.
Deskontu-eragiketaz gain sustatzailearentzako mailegua
egiten denean, bien zenbatekoen baturari sustatzailearentzako
maileguan egindako amortizazioak kenduta geratzen den
kopuruak ezin izango du gainditu legez ezarritako gehieneko
finantzaketa-zenbatekoa.
8. artikulua.– Interes-tasaren sorospena.
1.– Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen
errentarekin alokairuan jartzeko etxebizitzen sustapenaren
kasuan sorospena %2koa izango da eta gizarte-etxebizitzen
errentarekin alokairuan lagatzen den kasuan berriz,
sorospena %0koa izango da.
2.– Mailegu kualifikatuen kasuan sorospen hori
gabealdian nahiz amortizazioan zehar hedatuko da eta,
obra-egiaztagirien deskontu-lineen kasuan berriz, indarraldi
osoan, betiere etxebizitzen xedeari eusten zaion eta
araudian adierazitako baldintzak betetzen diren bitartean.
Aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak egiaztatzen
ez direnean, maileguen amortizazioa administrazioak
emandako eta baimendutako interes-tasen araberakoa
izango da, kasuan kasu, kreditu-establezimenduekin
izenpetutako hitzarmenari jarraiki.
9. artikulua.– Diru-laguntzak.
1.– Diru-laguntzak ondoko kontzeptuengatik eman
ahal izango dira:
a) Urbanizazioa, alokairu-erregimeneko babes ofizialeko
etxebizitzen eta alokairu-erregimeneko gizarte-etxebizitzen
sustapen itundurako.
Kostu horien %100era bitartean, sustatzaileak kontzeptu
horrengatik egindako gastuen konpentsazio gisa eta
babes ofizialeko etxebizitzen arloan indarrean dagoen
legerian ezarritako mugen barruan.
Nolanahi ere, diru-laguntza hau bateragarria izango
da lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzen sustapenera
zuzenduko den lurzoruaren arloan babes daitezkeen jarduketen
finantzaketari buruzko foru-araudian ezarritako laguntza
ekonomikoekin; hala ere, araudi horren arabera emandako
mailegu kualifikatuaren kopuruaren baliokidea izango
den kopuruan murriztuko da.
b) Laguntza teknikoko gastuak, alokairu-erregimeneko
babes ofizialeko etxebizitzen eta gizarte-etxebizitzen
sustapenerako eta alokairu-erregimeneko babes ofizialeko
etxebizitzen sustapen itundurako.
Laguntza teknikoaren guztizko kostuaren %100era bitartean,
halakotzat eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektua
idazteko kostuak eta obra zuzendaritza eta ikuskaritzaren
kostuak hartuta.
Diru-laguntza ekonomiko hau jenerotan emandako ekarpenekin
ordezkatu ahal izango da, araudian eta izenpetzen den
hitzarmenean ezarritako baldintzetan.
c) Sustapenaren gastuak, alokairu-erregimeneko gizarte-etxebizitzen
sustapenerako.
Abal-gastuetarako sustapenaren, finantza-gastuen eta
sustapenaren gainerako gastuen guztizko kostuaren %10era
bitartean.
d)Alokairu-pizgarriak:
– Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak.
Etxebizitzak saltzera destinatuz gero behin-behineko
kalifikazioan agertu beharko zukeen gehieneko salmenta-prezioaren
%10era bitartean, eta %15era bitartean birgaitze bidezko
sustapenaren kasuan.
– Gizarte-etxebizitzak. Etxebizitzak saltzera
destinatuz gero behin-behineko kalifikazioan agertu
beharko zukeen gehieneko salmenta-prezioaren %15era
bitartean, eta %20ra bitartean birgaitze bidezko sustapenaren
kasuan.
2.– Sustatzailearentzako laguntzak ondoko eran
jasoko dira:
a) Sustapenaren urbanizazio-kostuari dagokion diru-laguntza
obra-egiaztagiria aurkeztean ordainduko da.
b) Ordainsari teknikoei dagokien diru-laguntza kostua
egiaztatzen denean ordainduko da (ordainsari-kontuak
aurkezten direnean).
Itundutako etxebizitzen kasuan, beharrezkoa izango
da aldez aurretik Sail honetako Etxebizitza Zuzendaritzak
deialdian edo hitzarmenean adierazitako epean proiektua
onartzea.
c) Sustapenaren gastuei dagokien diru-laguntza sustatzaileak
eskatzen duenean ordainduko da, aldez aurretik gastua
justifikatu ondoren.
d) Alokairuari dagokion diru-laguntza bisatzeko alokairu-kontratuen
gutxienez %40 aurkezten direnean ordainduko da, aurkeztutako
kontratu-kopuruaren proportzioan.
III. KAPITULUA
SALMENTAN JARTZEKO EDO ERABILERA
PROPIORAKO BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENA.
10. artikulua.– Mailegu kualifikatuak.
1.– Salmentan edo erabilera propioan lagatzeko
babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren kasuan,
finantzaketa kualifikatuaren gehieneko kopurua etxebizitzen
salmenta-prezioaren %80koa izango da.
Etxordeei dagokienez, finantzaketa kualifikatua etxordeen
salmenta-prezioaren %60koa izango da kalifikazo-eskaeran
eta aurrerago babes ofizialeko etxebizitzei lotetsita
badaude, eta %30ekoa kalifikazio-eskaeran lotetsita
ez badaude. Azken kasu honetan, finantzaketa kokatuta
daudeneko eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapenean
dauden etxebizitzenaren berdina izango den etxorde-kopuru
batera hedatuko da gehienez ere.
2.– Amortizazio-epea, bermeak, maileguaren erabilera,
formalizazio-data eta gabealdia 6. artikuluan alokairuan
jartzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako
xedatutakoak izango dira.
11. artikulua.– Banku-deskontua.
1.– Deskontu-linearen gehieneko kopurua hipoteka-maileguaren
gehieneko kopuru gisa ezarritako berbera izango da
eta gehieneko iraunaldia 3 urtekoa izango da, formalizaziotik
aurrera kontatzen hasita.
2.– Salmentan jartzeko edo erabilera propiorako
babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren kasuan,
banku-deskontuaren baldintzak eta mugak 7. artikuluan
alokairuan jartzeko etxebizitzen sustapenerako adierazitakoak
izango dira.
12. artikulua.– Diru-laguntzak.
1.– Diru-laguntzak ondoko kontzeptuengatik eman
ahal izango dira:
a) Urbanizazio-gastuak, salmentan jartzeko edo erabilera
propiorako babes ofizialeko etxebizitzen sustapen itundurako.
Kostu horien %100era bitartean, sustatzaileak kontzeptu
horiengatik egindako gastuen konpentsazio gisa eta
babes ofizialeko etxebizitzen arloan indarrean dagoen
legerian ezarritako mugen barruan.
Diru-laguntza hau bateragarria izango da lurzoruaren
arloan babes daitezkeen jarduketen finantzaketari buruzko
foru-araudian ezarritako laguntza ekonomikoekin, Agindu
honen 9.1 a) artikuluan ezarritako baldintzetan.
b) Laguntza teknikoa, salmentan jartzeko edo erabilera
propiorako babes ofizialeko etxebizitzen eta gizarte-etxebizitzen
eta salmentan jartzeko edo erabilera propiorako etxebizitzen
sustapen itundurako.
Laguntza teknikoaren guztizko kostuaren %100era bitartean,
halakotzat eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektua
idazteko kostuak eta obra zuzendaritza eta ikuskaritzaren
kostuak hartuta. Jenerotan egindako ekarpenekin ordezkatu
ahal izango da, Agindu honen 9.1 b) artikuluan aurreikusitako
baldintzetan.
2.– Sustatzailearentzako diru-laguntzak Agindu
honen 9.2 a) eta b) artikuluan araututa dagoen eran
jasoko dira.
IV. KAPITULUA
ALOKAIRUA BULTZATZEKO NEURRIAK
1. sekzioa- Alokairu babestuan jartzeko
etxebizitza librearen sustapena.
13. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa.
Etxebizitza libreak 15 urteko epean (lehen alokairuaren
kontratua bisatzeko aurkezten denetik aurrera kontatzen
hasita) alokairu babestuan jartzeko egiten den sustapena
hartzen da Agindu honek babes dezakeen jarduketatzat.
Epe horretan ezin izango da aldatu etxebizitzaren erabilera.
14. artikulua.– Mailegu kualifikatua.
1.– Gehieneko kopurua.
Finantzaketa kualifikatua etxebizitzen eta etxordeen
salmenta-prezioaren %100ekoa izango da (babes ofizialeko
etxebizitzen edo gizarte-etxebizitzen gehieneko prezioaren
arabera kalkulatuta, etxebizitza-mota baten edo bestearen
gehieneko errenta aukeratzen den kontuan hartuta),
bisatzeko aurkeztutako salerosketa-kontratuaren hobekuntza-datan.
2.– Amortizazio-epea, bermeak, maileguaren erabilera,
formalizazio-data eta gabealdia 6. artikuluan alokairuan
jartzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako
xedatutakoak izango dira.
Kalifikazio-datari buruzko aipamenak dagokion hitzarmenaren
formalizazio-datari buruzkoak direla ulertuko da.
15. artikulua.– Interes-tasaren sorospena.
1.– Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen
errentarekin alokairuan jartzeko etxebizitzen kasuan
%2koa eta gizarte-etxebizitzen errentarekin alokairuan
lagatzen direnen kasuan berriz, %0koa.
2.– Mailegu kualifikatuen kasuan sorospen hori
gabealdian nahiz amortizazioan zehar hedatuko da eta,
obra-egiaztagirien deskontu-lineen kasuan berriz, indarraldi
osoan, betiere etxebizitzen xedeari eusten zaion eta
araudian adierazitako baldintzak betetzen diren bitartean.
Aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak egiaztatzen
ez direnean, maileguen amortizazioa administrazioak
emandako eta baimendutako interes-tasen araberakoa
izango da, kasuan kasu, kreditu-establezimenduekin
izenpetutako hitzarmenari jarraiki.
16. artikulua.– Diru-laguntzak.
1.– Diru-laguntzak ondoko kontzeptuengatik eman
ahal izango dira:
a) Laguntza teknikoko gastuak.
Laguntza teknikoaren guztizko kostuaren %100era bitartean,
halakotzat eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektua
idazteko kostuak eta obra zuzendaritza eta ikuskaritzaren
kostuak hartuta.
Diru-laguntza ekonomiko hau jenerotan emandako ekarpenekin
ordezkatu ahal izango da, araudian eta izenpetzen den
hitzarmenean ezarritako baldintzetan.
b) Alokairu-pizgarriak:
Erregimen orokorreko alokairu babestua. Behin-behineko
kalifikazioan agertu beharko zukeen babes ofizialeko
etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioaren %10era bitartean.
Gizarte-etxebizitzen erregimeneko alokairu babestua.
Behin-behineko kalifikazioan agertu beharko zukeen
gizarte-etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioaren
%15era bitartean.
2.– Sustatzailearentzako diru-laguntzak Agindu
honen 9.2 a) eta b) artikuluan araututa dagoen eran
jasoko dira.
2. sekzioa.– Alokairu babestuan jartzeko
etxebizitzen eskuratzea.
17. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa.
Etxebizitza librea zein babes ofizialekoa 15 urteko
epean (lehen alokairuaren kontratua bisatzeko aurkezten
denetik aurrera kontatzen hasita) alokairu babestuan
jartzeko eskuratzea hartzen da Agindu honek babes dezakeen
jarduketatzat. Epe horretan ezin izango da aldatu etxebizitzaren
erabilera.
18. artikulua.– Mailegu kualifikatua.
1.– Gehieneko kopurua.-
Finantzaketa kualifikatua etxebizitzen eta etxordeen
salmenta-prezioaren %100ekoa izango da (babes ofizialeko
etxebizitzen edo gizarte-etxebizitzen gehieneko prezioaren
arabera kalkulatuta, etxebizitza-mota baten edo bestearen
gehieneko errenta aukeratzen den kontuan hartuta),
bisatzeko aurkeztutako salerosketa-kontratuaren hobekuntza-datan.
2.– Amortizazio-epea, bermeak, maileguaren erabilera,
formalizazio-data eta gabealdia 6 eta 14. artikuluetan
xedatutakoak izango dira.
3.– Amortizazioa eta kreditu-erakundearen interesak
barne hartzen dituzten kuotak konstanteak izango dira
eta sei hilabetean behin sortuko dira, ordainketa edozein
delarik ere.
19. artikulua.– Interes-tasaren sorospena.
1.– Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen
errentarekin alokairuan jartzeko etxebizitzen kasuan
%2koa eta gizarte-etxebizitzen errentarekin alokairuan
lagatzen direnen kasuan berriz, %0koa.
2.– Mailegu kualifikatuen kasuan sorospen hori
gabealdian nahiz amortizazioan zehar hedatuko da eta,
obra-egiaztagirien deskontu-lineen kasuan berriz, indarraldi
osoan, betiere etxebizitzen xedeari eusten zaion eta
araudian adierazitako baldintzak betetzen diren bitartean.
Aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak egiaztatzen
ez direnean, maileguen amortizazioa administrazioak
emandako eta baimendutako interes-tasen araberakoa
izango da, kasuan kasu, kreditu-establezimenduekin
izenpetutako hitzarmenari jarraiki.
20. artikulua.– Diru-laguntzak.
1.– Alokairu babestuan jartzeko etxebizitza
eskuratzeko pizgarriak ondokoak izango dira:
Etxebizitza librea edo babes ofizialeko etxebizitza
babes ofizialeko erregimen orokorreko alokairuan jartzeko
eskuratzea: babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko
salmenta-prezioaren %10era bitartean, bisatzeko aurkeztutako
salerosketa-kontratuaren hobekuntza-datan.
Etxebizitza librea edo babes ofizialeko etxebizitza
gizarte-etxebizitzako erregimeneko alokairuan jartzeko
eskuratzea: gizarte-etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioaren
%15era bitartean, aurreko atalean adierazitako datan.
2.– Aurreko puntuan araututako bi kasuetan,
laguntzak 5 puntutan gehituko dira Birgaitze Integratuko
Areetan.
3.– Diru-laguntza hori etxebizitzaren lehen
alokairu-kontratua bisatzeko aurkeztu ondoren jasoko
da, egindako salerosketari buruzko eskritura publikoan
formalizatu eta hiru hilabeteko gehieneko epean.
3. sekzioa.– Alokairu babestuan jartzeko gizarte-etxebizitzen
lagapena.
21. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa.
1.– Sustatutako etxebizitzak 15 urteko epean
(lehen alokairuaren kontratua bisatzeko aurkezten denetik
aurrera kontatzen hasita) alokairu babestuan jartzeko
eskuratzea hartzen da Agindu honek babes dezakeen jarduketatzat.
Epe horretan ezin izango da aldatu etxebizitzaren erabilera.
2.– Laguntza hauek lortu ahal izateko, etxebizitzen
sustatzaileak dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu
beharko du etxebizitzen salmenta-kontratua (alokairuan
jarriko dituen operadoreari hain zuzen ere), era honetan
laguntzak emateko exijitutako baldintzak betetzen diren
egiaztatzeko.
22. artikulua.– Mailegu kualifikatua.
1.– Gehieneko kopurua.
Finantzaketa kualifikatua etxebizitzen eta etxordeen
salmenta-prezioaren %100ekoa izango da.
2.– Amortizazio-epea, bermeak, maileguaren erabilera,
formalizazio-data eta gabealdia 6. artikuluan xedatutakoak
izango dira.
23. artikulua.– Interes-tasaren sorospena.
1.– Sorospena erabatekoa izango da, sorotsitako
interes-tasa %0koa izanik.
2.– Mailegu kualifikatuen kasuan sorospen hori
gabealdian nahiz amortizazioan zehar hedatuko da eta,
obra-egiaztagirien deskontu-lineen kasuan berriz, indarraldi
osoan, betiere etxebizitzen xedeari eusten zaion eta
araudian adierazitako baldintzak betetzen diren bitartean.
Aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak egiaztatzen
ez direnean, maileguen amortizazioa administrazioak
emandako eta baimendutako interes-tasen araberakoa
izango da, kasuan kasu, kreditu-erakundeekin izenpetutako
hitzarmenari jarraiki.
24. artikulua.– Diru-laguntzak.
1.– Diru-laguntzak ondoko kontzeptuengatik eman
ahal izango dira:
a) Urbanizazioa.
Kostu horien %100era bitartean, sustatzaileak kontzeptu
horrengatik egindako gastuen konpentsazio gisa eta
babes ofizialeko etxebizitzen arloan indarrean dagoen
legerian ezarritako mugen barruan.
b) Laguntza teknikoko gastuak.
Laguntza teknikoaren guztizko kostuaren %100era bitartean,
halakotzat eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektua
idazteko kostuak eta obraren zuzendaritza eta ikuskaritzaren
kostuak hartuta.
Diru-laguntza ekonomiko hau jenerotan emandako ekarpenekin
ordezkatu ahal izango da, araudian eta izenpetzen den
hitzarmenean ezarritako baldintzetan.
c) Alokairu-pizgarriak.
Gizarte-etxebizitzen erregimeneko alokairu babestua.– Gizarte-etxebizitzen
gehieneko salmenta-prezioaren %20ra bitartean, eta
%25ekoa gizarte-etxebizitzen birgaitze bidezko sustapenaren
kasuan.
2.– Sustatzailearentzako diru-laguntzak Agindu
honen 9.2 a), b) eta d) artikuluan araututa dagoen
eran jasoko dira.
4. sekzioa.– Alokairu babestuan jartzeko
etxebizitzaren birgaitzea.
25. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa.
1.– Laguntzaren eskatzailearen ohiko bizilekura
destinatzen ez diren etxebizitzen birgaitzea hartuko
da Agindu honek babes dezakeen jarduketatzat.
2.– Laguntza hauek lortu ahal izateko, jarduketari
dagokionez ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko
jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren 7.
artikuluan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren
etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2002ko
abenduaren 30eko Aginduaren 2. artikuluan eta hurrengoetan
oro har jasotzen diren baldintzak betetzea exijituko
zaie birgaitze-jarduketak egiten direneko etxebizitzen
titularrei.
Horrez gain, ondokoa exijituko da:
a) Titularrak edo titularrek etxebizitza 10 urteko
gutxieneko epean alokairu babestuan jartzeko konpromisoa
hartzea.
b) Birgaitzeko jarduketaren babesteko moduko aurrekontua –etxebizitza
birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren
30eko Aginduan xedatutakoaren arabera kalkulatua– 18.000
eurotik gorakoa izatea.
3.– Laguntza-ildo honen ondorioetarako, etxebizitzen
elementu pribatiboetan soilik egiten diren birgaitzeko
jarduketak besterik ez dira hartuko babesteko modukotzat.
26. artikulua.– Diru-laguntzak.
1.– Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Gizarte
Gaietako Sailaren bitartez, itzuli beharrik gabeko
diru-laguntza pertsonal bat emango du alokairu babestuan
jartzeko etxebizitzaren birgaitze-jarduketa hauetarako,
babes daitekeen aurrekontuaren, obra-motaren eta etxebizitza
alokairu babestuan jartzeko konpromiso-epearen arabera.
2.– Kopuruak.
Etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko
2002ko abenduaren 30eko Aginduaren 9.2 artikuluan barne
hartutako obren kasuan, 1 eta 2. moten barruan (eraikinaren
egitura eta eraikuntza egokitzeko obrak eta etxebizitzen
bizigarritasun-baldintzei egokitzeko obrak), babes
daitekeen aurrekontuan ondoko portzentajeak aplikatuta
emango da diru-laguntza:
– 10 urteko alokairua
Birgaitze Integratua %35
Birgaitze Bakana %25
– 15 urteko alokairua
Birgaitze Integratua %40
Birgaitze Bakana %30
3.– Diru-laguntzen gehieneko kopurua.
Aurreko paragrafoan araututako kasuetan, birgaitze
integratuaren gehieneko muga 5.400 eurokoa izango da
eta birgaitze bakanarena berriz, 3.800 eurokoa.
4.– Birgaitzearen titularrek jaso beharreko
itzuli beharrik gabeko diru-laguntzaren kopurua 60
eurokoa izango da gutxienez.
5.– Hala badagokio, diru-laguntza hauek etxebizitza
birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren
30eko Aginduaren aplikazioaren ondoriozko laguntzen
osagarriak izango dira eta, beraz, bateragarriak izango
dira.
V. KAPITULUA
LAGUNTZEN KUDEAKETA
27. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko baldintzak.
1.– Alokairuan jartzeko, salmentan jartzeko
edo erabilera propiorako babes ofizialeko etxebizitzen
sustapenerako laguntzak.
a) Zuzeneko diru-laguntzak dauden guztietan, beharrezkoa
izango da Hitzarmen bat izenpetzea diru-laguntza horiek
finkatzeko eta etxebizitzen esleipen-prozedura Sailak
ezarritakoari egokitzeko, Agindu honen 4.7 artikuluan
jasotako salbuespenetan izan ezik.
b) Alokairuan jartzeko sustapenaren kasuan, sustatzaileak
ondoko beste baldintza hauek bete beharko ditu:
1.– Gutxienez 5 urteko iraupena izango duten
alokairu-kontratuak izenpetzea.
2.– Urtero, azkeneko hiruhilekoan, etxebizitzen
egoera zehaztuko duen txostena aurkeztea dagokion Lurralde
Ordezkaritzan. Horrekin batera alokairu-kontratuen
kopia aurkeztu beharko da.
3.– Erabilera-aldaketa behin betiko kalifikazioa
eman eta 15 urte igaro ondoren soilik baimendu ahal
izango dira. Hala egiten ez bada, zuzeneko diru-laguntzak
eta legezko interesak itzuli beharko dira.
2.– Alokairu babestua sustatzea.
a) Etxebizitzak babes ofizialeko etxebizitzen edo,
errenta sozialaren kasuan, etxebizitza sozialen onuradun
izateko baldintzak betetzen dituzten bizikidetza-unitateei
alokatzea.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren esleipen-prozedura
hasteko Agindua duten kasuak alde batera utzita, honakoak
izango dira aintzat hartuko diren aldiak:
Diru-sarreren baldintzari dagokionez: alokairu-kontratua
sinatzen den egunaren aurreko zergaldia.
Etxebizitza-beharreko zirkunstantziei eta azken bi
urteetan babes ofizialeko beste etxebizitza baten esleipendun
ez izateko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak
etxebizitza erosteko ematen dituen laguntzen onuradun
ez izateko baldintzei dagokienez: alokairuaren kontratua
sinatzen den egunaren aurreko 10 urteak.
b) Arau honetan kasu bakoitzerako ezarritako gutxieneko
iraupena izango duten alokairu-kontratuak izenpetzea.
c) Urtero, azkeneko hiruhilekoan, etxebizitzen egoera
zehaztuko duen txostena aurkeztea dagokion Lurralde
Ordezkaritzan. Horrekin batera alokairu-kontratuen
kopia aurkeztu beharko da.
d) Zuzeneko diru-laguntzak eta horien interesak kasu
bakoitzean finkatutako gutxieneko epeak igaro aurretik
erabilera-aldaketa gertatzen denean ordainduko dira,
data hauetatik aurrera kontatzen hasita:
salerosketaren eskritura publikoa ematen den egunetik
hasita, alokairu babesturako erosten denean eta alokairu
babestuan jartzeko etxebizitzaren sustapenaren eta
aurreragoko lagapenaren kasuan.
lehen alokairu-kontratuaren bisatua egiten denetik,
alokairu babestuan jartzeko etxebizitza librearen sustapenaren
kasuan.
Halaber, zuzeneko diru-laguntzak itzuli egingo dira
etxebizitzak urtebete baino gehiagoko guztizko epean
alokairuan lagatzen ez direnean, kasu bakoitzean finkatutako
epeen barruan (edo elkarren hurrenekoak ez diren bi
urtetan).
28. artikulua.– Eskabideen aurkezpena, lekua
eta dokumentazioa.
1.– Eskabideak dagokion Lurralde Ordezkaritzara
bidaliko dira, edota Herri Administrazioen Araubide
Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen
dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan
aurreikusitako edozein moduren bitartez igorri ahal
izango dira. Lurralde Ordezkaritzak Etxebizitza eta
Gizarte Gaietako Saileko Finantza Plangintza eta Kudeaketarako
Zuzendaritzara igorriko ditu honek kudea ditzan.
2.– Eskabidearekin batera, 27. artikuluak aipatutako
baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioaz
eta eskatzailearen nortasuna –eta, hala badagokio,
honek duen ordezkaritza– egiaztatzen duenaz gain,
ondokoa aurkeztu beharko da:
a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustapena.
1. Finantzaketa kualifikatua:
Behin-behineko kalifikazioa lortu izana egiaztatzen
duen dokumentazioa.
2. Zuzeneko diru-laguntzak:
Sustapenari buruzko azterlan ekonomikoa eta organo
eskudunak laguntzak emateko eska dezakeen beste edozein
dokumentazio.
b) Alokairu babesturako laguntzak.
– Etxebizitza alokairu babestuan jartzeko konpromisoa,
arauan ezarritako baldintzei jarraiki; errentariak
ordaindu beharreko gehieneko errenta zehaztuko da.
– Alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren
eskuratzearen kasuan, salerosketa-kontratua edo esleipen-dokumentua.
– Gizarte-etxebizitzen sustapenaren eta alokairu
babestuan jartzeko etxebizitza horien lagapenaren kasuan,
etxebizitzak alokairu babestuan jarriko dituen erakunde
bati lagatzeko konpromisoa.
– Organo eskudunaren iritziz formulatutako eskaera
ebazteko beharrezkoa den beste edozein.
29. artikulua.– Kudeaketa-organoa eta eskaeren
ebazpena.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak
kudeatzeko zereginak egitea Finantza Plangintza eta
Kudeaketarako Zuzendaritzari dagokio.
2.– Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzak
aurkeztu den eskabidean akats edo hutsegiteren bat
dagoela edo eskabidearekin batera aurkeztu beharreko
dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari
jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio
akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Halaber,
hala egin ezean Ebazpen bidez bere eskaera atzera egintzat
hartuko dela adieraziko zaio. Ebazpen hori Herri Administrazioen
Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea
arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan
aurreikusitako baldintzetan egin beharko da.
3.– Babes ofizialeko etxebizitzen sustapen itunduen
kasuan, esleipena lehiaketa bidez egingo da, babes
ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren
eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko
abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 30. artikuluan
eta hurrengoetan eta garatzen duen araudian xedatutakoari
jarraiki. Prozedura horretan etekinen esleipena egingo
da.
Agindu honek araututako gainerako jarduketa babestuetan,
laguntzak Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariaren
ebazpen bidez eman edo ukatuko dira eta, ematen direnean,
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuak izenpetu
beharreko bidezko Hitzarmena formalizatuko da.
4.– Aurreko puntuan adierazitako Hitzarmenean
ondoko alderdiak eta konpromisoak jasoko dira:
a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustapena alokairuan
jartzeko, salmentan jartzeko eta erabilera propiorako:
– Sustapenaren titularraren zehaztapena.
– Eraikinak eraiki beharreko lurzoruaren, hirigintza-ezaugarrien
eta lurzoruaren lagapen-erregimenaren (lagapenik izanez
gero) zehaztapena.
– Sustapenaren xede diren etxebizitzen, ekipamenduen
eta urbanizazioaren ezaugarri eta moten zehaztapena.
Jarduketen egutegia.
– Izenpetzaile bakoitzak sustapenerako egindako
ekarpenen zehaztapena.
– Etxebizitzen erabilera-erregimenaren zehaztapena.
– Sustapenaren finantza-neurriak.
– Etxebizitzen esleipendunak aukeratzeko prozedura
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak egingo duela
espresuki jasoaraztea, indarrean dagoen araudiaren
arabera.
b) Alokairu babestua bultzatzea:
Alokairu babestuan jartzeko etxebizitza librearen
sustapenaren, alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren
eskuratzearen eta alokairuan jartzeko etxebizitzaren
birgaitzearen kasuetan, etxebizitza Agindu honetan
aurreikusitako gutxieneko epean alokairu babestuan
jartzeko konpromisoa jaso beharko da espresuki Hitzarmenean.
Etxebizitzak alokairu babestuan jarriko dituen hirugarren
bati besterentzeko gizarte-etxebizitzen sustapenaren
kasuan, Hitzarmenean, aurreko paragrafoan adierazitako
konpromisoaz gain, aurreko a) atalean jasotako zehaztapenak
jasoko dira, ondoko espezialitateekin: seigarren puntua
aldatu egin beharko da kasu honetan eta, bere ordez,
etxebizitzen erabilera-erregimena espresuki jasoaraziko
da (jabetzan, alokairu babestuan jartzeko saldu arte);
halaber, Agindu honetan aurreikusitako gutxieneko epean
alokairu babestuan jartzeko hirugarren bati saltzeko
konpromisoa jasoko da espresuki Hitzarmenean.
5.– Diru-laguntzen eta laguntzen emakida eta,
hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorrak eta honen erakunde autonomoek
emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen
esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari
diren itzultze edo zigor prozedura guztiak amaitzeko
baldintzapean geratuko da.
6.– Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariak
laguntzak emateko edo ukatzeko ematen duen ebazpenaren
aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da Etxebizitza
eta Gizarte Gaietako Sailburuordearen aurrean.
7-. Alokairu babestuan jartzeko etxebizitzen birgaitzerako
laguntzen kudeaketari, izapideei eta ebazpenari dagokienez,
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren 2002ko
abenduaren 30eko Aginduaren (etxebizitza birgaitzeko
finantza-neurriei buruzkoaren) 11 eta 12. artikuluetan
xedatutakoari lotu beharko zaio, dagokion hitzarmenaren
beharrezko formalizazioaren kaltetan izan gabe.
30. artikulua.– Ordainketa.
1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak
ondoko eran ordainduko dira:
a) Finantzaketa kualifikatua, banku-deskontua eta
interes-tasen sorospena.
Laguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin
berariazko finantza-hitzarmena izenpetu duten kreditu-erakundeetako
baten bitartez ordainduko dira (eragiketa kreditu-erakunde
honekin formalizatuta egongo da).
Maileguaren guztizko kopuruak ezin izango du gainditu,
ezein kasutan, sustapenaren guztizko kostuaren eta
sustatzaileari ematen zaizkion diru-laguntzen (alokairurako
pizgarri gisa emandakoak salbuetsita) arteko diferentzia.
b) Diru-laguntzak:
Laguntza hauek zuzenean ordainduko zaizkio onuradunari.
Sustapenaren guztizko kostuan oinarrituta (hau da,
alokairurako pizgarri gisa emandako diru-laguntzak
salbuetsita) kalkulatutako diru-laguntzen zenbatekoa
proportzioan murriztuko da obraren azken kostua txikiagoa
den kasuetan. Sailean sustapenaren zuzendari fakultatiboaren
azken obra-egiaztagiria aurkeztu beharko da eta, bertan,
sustapenaren guztizko kostuak agertu beharko du nahitaez.
2.– Laguntzak ordaintzeko ondokoa izango da
beharrezkoa:
a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustapena alokairuan
jartzeko, salmentan jartzeko edo erabilera propiorako.
Laguntzak ordaintzeko beharrezkoa izango da aldez
aurretik babes ofizialaren behin-behineko kalifikazioa
lortzea.
Urbanizaziorako diru-laguntzaren kasuan, igorpen partzialen
bidez ordainduko da, aldez aurretik bidezko obra-egiaztagiriak
aurkeztu ondoren.
Igorpen horien zenbatekoa zehazteko, zenbateko horren
eta aurkeztutako egiaztagiriaren bidez egiaztatutako
gastuaren arteko portzentajeak emandako diru-laguntzaren
eta laguntza emateko kontuan hartutako burutzapen-aurrekontuaren
arteko berbera izan behar duela hartuko da kontuan.
b) Alokairua sustatzea:
Alokairu babestuan jartzeko etxebizitza librearen
sustapenaren kasuan, mailegu kualifikatua eta sorospena
jasotzeko bidezko hitzarmena sinatu beharko da.
Horrez gain, diru-laguntza jasotzeko egindako lehen
alokairu-kontratua dagokion Lurralde Ordezkaritzan
aurkeztu beharko da bisa dezaten. Alokairu-kontratuan
berariaz eta nahitaezko klausula gisa adieraziko da
etxebizitzaren errentariak etxebizitza hori bizileku
ohiko eta iraunkor gisa erabiltzeko eta prest dagoenetik
hasita hilabeteko epean bertan bizitzeko konpromisoa
bere hain hartzen duela. Bertan bizi dela egiaztatu
beharko du udal-ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri hori
aipatutako hilabeteko epean aurkeztu beharko da dagokion
Lurralde Ordezkaritzan.
Alokairu-kontratuarekin batera lurralde-ordezkaritzan
errentariaren bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak
egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira. Agiri
horiek alokairu-kontratua sinatu aurreko azken zergaldiari
dagozkionak izango dira, Pertsona Fisikoen gaineko
Zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren.
Alokairu babestuan jartzeko etxebizitza eskuratzen
den kasuan, finantzaketa kualifikatua eta sorospena
jasotzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik salerosketa
eskritura publiko batean formalizatzea.
Diru-laguntza jasotzeko egindako lehen alokairu-kontratua
dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko da
bisa dezaten, egindako salerosketa eskritura publikoan
formalizatzen denetik hiru hilabeteko gehieneko epean,
aurreko atalean aurreikusitako baldintza berberetan.
Hirugarren bati lagatzeko (honek alokairu babestuan
jar ditzan) gizarte-etxebizitzen sustapenaren kasuan,
mailegu kualifikatua eta sorospena jasotzeko beharrezkoa
izango da etxebizitzaren behin-behineko kalifikazioaz
gain etxebizitza eskuratuko duen erakundearekin egindako
salerosketa-kontratua aurkeztea. Kontratu horretan
alokairu babestuan jartzeko konpromisoa jasoaraziko
da.
Ondoren, dagokion eskritura publikoa aurkeztu beharko
da konpromiso horrekin batera.
Diru-laguntzak ordaintzeko beharrezkoa izango da sustatzaile
eskatzailearen eta alokairuan jartzeko konpromisoa
bere gain hartzen duen hirugarrenaren artean egindako
etxebizitzen salerosketaren eskritura publikoa aurkeztea.
Alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren birgaitzearen
kasuan, diru-laguntza jasotzeko beharrezkoa izango
da egindako lehen alokairu-kontratua dagokion Lurralde
Ordezkaritzan aurkeztea bisa dezaten, aurreko ataletan
adierazitako baldintza berberetan.
31. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan aurreikusitako baldintzak
bateragarriak izango dira beste Herri Administrazio
batzuek helburu berarekin ematen duten beste edozein
laguntzarekin.
Berehala eraikitzeko lurzoruaren urbanizaziorako laguntzak –Agindu
honetan sustapen itunduetarako aurreikusitakoak– eta
lurzoruaren eta urbanizazioaren arloko finantza-neurriei
buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduan araututakoak
ez dira ezein kasutan bateragarriak izango.
2.– Beste laguntza batzuk jasoz gero, guztien
baturak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jarduketen
kostua. Bestela, bidezko izapideak egin ondoren, emandako
laguntza murriztuko da dagokion kopuruan.
3.– Agindu honetan araututako alokairu babestuan
jartzeko etxebizitza birgaitzeko diru-laguntzak bateragarriak
dira etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko
2002ko abenduaren 30eko Aginduaren aplikazioaren ondoriozko
laguntzekin.
32. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek,
nolanahi ere, ondoko betebeharrak izango dituzte:
– Diru-laguntza emakidaren xede izan den helbururako
erabiltzea.
– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen
Euskal Epaitegiari jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen
zaien informazioa ematera.
33. artikulua.– Laguntzen baldintzen aldaketa.
Laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa
orok (betiere helburua betetzat hartuta) eta, hala
badagokio, beste edozein erakunde publikok edo pribatuk
emandako beste diru-laguntza eta laguntza batzuen lorpenak,
laguntzen emakidari buruzko hitzarmena aldatzea ekar
dezake. Ondorio horietarako, Finantza Plangintza eta
Kudeaketarako Zuzendaritzak bidezko likidazio-ebazpena
emango du eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak
egokituko dira.
34. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.
Aurreko baldintzetako edozein ez betetzeak, bidezkoak
diren administrazio-izapideak egin ondoren, emandako
sorospena etetea eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako
Sailak ordura arte sorospen eta/edo diru-laguntza gisa
(ordainketatik sortutako berandutza-interesak gehituta)
ordaindutako kopuruak itzuli beharra ekarriko du.
Babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko laguntzen
kasuan, ondorio berberak izango dira ezarritako hasierako
programazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren baimenik
gabe aldatzen denean edo programazio hori betetzean
izandako atzerapenek dagokion hitzarmenean ezarritako
eraikuntza-epeak betetzeko ezintasuna agerian uzten
dutenean (justifikatutako arrazoien kasuan izan ezik).
35. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari
eta interesatuek, bere aurka, aukerako berraztertzeko
errekurtsoa jarri ahal izango dute Etxebizitza eta
Gizarte Gaietako Sailburuaren aurrean, hilabete bateko
epean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen
hasita. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa
jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko
Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzitarako
Sailaren aurrean, bi hilabeteko epean argitaratzen
denetik aurrera kontatzen hasita.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.– Urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru
hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako
Sailburuaren Agindu bidez, diru-laguntza ildo honetarako
laguntzak finantzatzeko kontsignatutako kredituen zenbatekoa
argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Bigarrena.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren
barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak
ezin izango du gainditu dagokion kontsignazioa edo
eguneratzearen ondoriozkoa, indarrean dagoen legeria
aplikagarriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartzen
diren kasuan. Beraz, adierazitako zenbatekoa amaitu
ondoren ez da beste laguntzarik emango eta kreditua
amaitu izana Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren
Agindu bidez.
Hirugarrena.– Hala ere, araudi honetan jasotako
erregulazioari jarraiki emateko baldintza guztiak betetzen
dituzten eta baliabide ekonomikoen gabeziagatik soilik
ukatzen diren eskaerak hurrengo ekitaldi ekonomikoan
ebatzi ahal izango dira, betiere eskatzaileak dagokion
Lurralde Ordezkaritzari idatzitako idazki batean eskaera
baldintza berberetan mantentzeko duen asmoa adierazten
badu.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena.– 4. artikuluan aipatzen diren eta 2002ko
urtarrilaren 1etik aurrera egindako jarduketa finantzagarriek
izango dute Agindu honetan bildutako diru-laguntzak
2003ko ekitaldian zehar jasotzeko aukera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera, indargabetuta
geratzen dira Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta
Ingurugiro Sailburuaren 2000ko abenduaren 26ko Agindua
(babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko finantza-neurriei
buruzkoa), alokairu babesturako eta etxebizitzak
alokairu babestuan jartzeko erosteko finantza-neurriei
buruzko data bereko Agindua eta Agindu honetan xedatutakoaren
aurkako xedapen guztiak, horien babesean sortutako
egoerei aplikatzen jarraitzearen kaltetan izan gabe.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean
eta indarrean sartu ondoren aurkezten diren eskabideei
aplikatuko zaie.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko abenduaren 30a.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
|