Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
AGINDUA, 2004ko abuztuaren 4koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Babes Ofizialeko Etxebizitzen Diseinurako Ordenantzak onartzen dituen agindua aldatzen duena.
Babes Ofizialeko Etxebizitzen Diseinurako Ordenantzak onartzen dituen 2002ko abenduaren 30eko Aginduaren I. Eranskinaren 5. puntuan (Etxebizitzerako eska daitezkeen baldintzak), hain zuzen ere, 5.1 atalean (Osaera eta egitaraua), 6. paragrafoak honela dio: "Mugikortasun urriko pertsonentzako bi gelako etxebizitza egokitua bada, gehienezko azalera erabilgarria 75 m2-koa izan daiteke".
Orain arte argi geratu da azalera-muga horrek ahalbidetu egin duela mugikortasun urriko pertsonentzako bi gelako etxebizitzak egitea, gela bat bikoitza eta bestea bakuna delarik. Ez da bestelako aukerarik onartzen, honako lege hauetan ezarritako baldintza direla-eta: Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea eta lege hori bera garatzeko arau teknikoak, zehatzago esanda, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena.
Horregatik, eta mugikortasun urriko pertsonek bi logela bikoitz dituzten etxebizitza egokituetan bizi behar dutenez, arau-aldaketa hau aurkeztu da.
Ondorioz, eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuaren 4. artikuluarekin bat etorriz,
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Babes ofizialeko etxebizitzen diseinurako ordenantzak onartzen dituen 2002ko abenduaren 30eko Aginduaren I. Eranskinaren 5. puntuan (Etxebizitzerako eska daitezkeen baldintzak), hain zuzen ere, 5.1 atalean (Osaera eta egitaraua), 6. paragrafoa honela geratuko da:
"Mugikortasun urriko pertsonentzako bi gelako etxebizitza egokitua bada, gehienezko azalera erabilgarria 90 m2-koa izan daiteke."
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko abuztuaren 4a.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
|