Etxebizitza
eta Gizarte Gaietako Saila
20/1997 LEGEA, abenduaren
4koa, Irisgarritasuna Sustatzekoa.
Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten
zaie Euskadiko herritar guztiei:
ABENDUAREN 4KO 20/1997 LEGEA,
IRISGARRITASUNA SUSTATZEKOA.
ZIOEN ADIERAZPENA
Bizitza sozialean eta komunitarioan sartzea eta parte
hartzea, bidezko den helburua ez ezik, pertsona orok
edozein gizarte aurreratutan duen nahia ere bada.
Halere, sarri askotan, eskubide horietaz baliatzea
zaildu eta eragotzi ere egiten dute fisikoak zein
komunikaziozkoak diren oztopoek, pertsonak era normalean
moldatzen ez baitute uzten. Gauzak horrela, ingurune
fisikora eta komunikaziora irisgarritasuna izatea
funtsezko elementuak dira, herritar guztiek oinarrizkotzat
definitzen diren eskubideez gozatu dezaten ahalbideratzeko.
Gizarteak, orohar, eta botere publikoek haren ordezkari
direnez, sustatu eta bermatu egin behar dute herritar
guztiak ingure fisikora eta komunikaziora iristea.
Botere publikoen ihardunak ezin du, inolaz ere, elkartearen
ihardun zuzena ordeztu edo murriztu; alderantziz,
inguru fisikora eta komunikaziora iristeko zailtasun
handienak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea
xede duten herritar-erakundeen ekimenak sustatu behar
ditu.
Euskal Autonomi Elkartean etxegintza eta hirigintza-oztopoak
kentzeari buruz indarrean dauden xedapenak, aurrerapausoa
izan dira, eman zirenetik, aipatutako helburua lortzeko.
Dena dela, zenbait aldetan izan den zehaztapen eskasak,
eta jarraipena eta kontrola egiteko bideen faltak,
behin eta berriro ez betetzea ekarri dute ondorio,
eta xedapen horiek, azken finean, egun aurkezten
diren helburuak lortzerakoan egoki ez diren egiterapide
bihurtu dituzte.
Gaur egungo gizartean, gero eta biziraupen handiagoa
dagoela eta istripuz edo gaixotasunez mugitu eta
komunikatzeko gaitasuna murriztuta duten pertsona
asko eta asko dagoela eta inoizka mugikortasuna mugatuta
duen pertsona-kopuru garrantzitsua daukagula, irisgarritasun-baldintzak
hobetzeak bizi-kalitate hobea ekarriko du ondorio
gisa nola mugitzeko eta/edo komunikatzeko zailtasunik
handienak dituzten pertsonentzat hala gizarte guztiarentzat.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak, 1993ko abenduaren 20ko
48/46 Erabakiz, arau estandarrak hartu zituen gutxituen
aukeren berdintasunaren arloan, eta helburu orokortzat
ezarri zuen pertsona horiek gainerako herritarrek dituzten
eskubide eta betebehar berberez baliatzen direla bermatzea,
izan ere, helburu hori Europako Batzordeak 1994ko uztailaren
27an onartutako «Europako Gizarte Politika-Batasunerantz
Emandako Aurrerapausoa» Liburu Zurian jasotzen
da.
Langileen funtsezko eskubide sozialei buruzko Elkarte
Agiriak, Estrasburgoko Europako Kontseiluak 1989ko
abenduaren 9an onartuak, ezartzen du minusbaliotasunen
bat duen pertsona orok, horren jatorria eta izaera
kontutan hartu gabe, integrazio profesional eta soziala
ahalbideratzeko neurri gehigarriez baliatzeko aukera
izan behar duela, neurriok, interesatuen ahalmenaren
arabera, ergonomiari, irisgarritasunari, mugikortasunari,
garraiobideei eta etxebizitzari buruzkoak izan behar
dutelarik.
Europako Batasuneko Kontseiluaren eta horko kide diren
estatuetako gobernuetako ordezkarien 1996ko abenduaren
20ko Erabakiak, minusbaliotasunak dituzten pertsonek
aukera berdinak izateari buruzkoak, herritar guztiek
aukera berdinak izateko printzipioa kide diren estatu
guztien balio ukaezin komuna dela jotzen du, eta,
ondorioz, aipatutako pertsonen aurka egindako bereizkeria
negatiboari utzi eta horien bizi-kalitatea hobetu
behar da, kide diren estatuei ahalbideratuz, helburu
hori lortzerakoan, kasuan kasuko arauak eman ditzaten
gizartearen baliabideek ahalbideratzen duten zabaltasunaz.
Adierazitakoari atxikiz, beharrezko da arautegi berria
onartzea, aipatutako printzipioak gordez eta «etxegintza-oztopoak
kentzea» kontzeptu klasikoa gaindituz eredu
berri baten alde egingo duena, pertsonak ingurune
sozial eta komunitarioan osoki eta libre garatzen
direla bermatzea izanik helburua. Horretarako, gure
Elkarteko pertsona guztiak ingurune fisikora eta
komunikaziora iristen direla bermatu behar da, batez
ere, mugaren bat duten pertsonak.
Ildo honetatik, lege hau beharrezko erreferentzia
esparru gisa eratu da, botere publikoen iharduna bideratu
eta koordinatzen duena, bere jarduera-esparruan sartuta
dauden pertsonei dagokienez, nazioarteko antolamenduan
jasotako aukera-berdintasunaren oinarrizko printzipioak,
bai eta Konstituzioaren 14. atalean eta Autonomi Estatutuaren
9. atalean jasotzen den berdintasunaren printzipioa
ere, gizartean desberdintasun-egoeran dauden gizataldeentzat
ekintza positiboko neurriak hartuz, bermatzera bideratuta,
lurraldearen antolamendu, hirigintza, etxebizitza edo
garraioa bezalako arloetan estatutuen bidez Euskal
Autonomi Elkarteari emandako berariazko aginpidetza
garatu eta burutuz.
Testuaren arau-maila ere ezinbesteko elementua da,
zigorbidezko erregimeneko arauak eransten baititu,
eta horiek legea egoki ezarri eta bete egiten dela
kontrolatzeko oinarrizko zutabe dira.
Aipatutako helburua lortzekotan, honelaxe egituratzen
da legea: atariko idazpurua, legearen xedea eta aplikazio-esparrua
jasotzen dituena, eta bost idazpuru, irisgarritasuna
bermatzeko neurri orokorrak, kontrolerako neurriak,
zigorbidezko erregimena eta Irisgarritasuna Sustatzeko
Euskal Kontseilua arautzen dituztenak.
ATARIKO IDAZPURUA
LEGEAREN XEDEA ETA APLIKAZIO ESPARRUA
1. atala.– Xedea.
1.– Hona hemen lege honen xedea: hiri-ingurunearen,
gune publikoen, eraikinen, garraiobideen eta komunikabideen
irisgarritasuna bermatzea, pertsona guztiek eta, batez
ere, mugikortasun murriztua, zailtasunak komunikazioan
edo muga psikiko zein sentsoriala, aldi baterako zein
betirako, dituztenek era autonomoan erabil eta goza
ditzaten.
2.– Botere publikoek legea eraginkortasunez bete
dadin beharrezkoak diren ekintza positiboko neurriak
hartzea sustatuko dute, bai eta laguntza teknikoak
erabiltzea ere, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko
dutenak.
2. atala.– Legearen aplikazio-esparrua.
Lege hau Euskal Autonomi Elkartearen esparruan ezarriko
da, nortasun fisikoa edo juridikoa duen edozein sujetu
publiko zein pribatuk egiten dituen jardueretan, hirigintza,
eraikuntza, garraio eta komunikazio arloetan.
I. IDAZPURUA
IRISGARRITASUNA BERMATZEKO NEURRIAK
I. ATALBURUA
IRISGARRITASUNARI BURUZKO XEDAPEN
OROKORRAK
3. atala.– Hirialdeen eta leku publikoen irisgarritasunari
buruzko xedapen orokorrak.
1.– a) Erabilera publikoko guneek, eta batez
ere bide publikoek, parkeek eta plazek, bai eta horiei
dagozkien elkarte-hornidurek ere, zerbitzu publikoen
instalazioek eta hiriko altzariek, bermatu egingo dute
euren irisgarritasuna lege honek eta berau garatzeko
arauek ezartzen dutenaren arabera.
b) Botere publikoek sustatu egingo dute lehendik daudenak
lege honen aginduetara pixkanaka-pixkanaka egoki daitezen.
c) Bide emango zaio Euskal Autonomi Elkarteko ondare
historiko-artistikoa lege honek ezarritako irisgarritasun-irizpideetara
arian-arian egokitzeari.
2.– Hirigintza-planeamendurako egiterapideek,
batez ere azterlan zehatzek, eta urbanizatzeko eta
lanak burutzeko proiektuek behar bezala bermatuko dute
beren esparruan sartuta dauden urbanizazio-elementuek
eta hiriko altzariek duten irisgarritasuna, eta ez
dira ez onartu ez emango kasuan kasuko lizentziak,
lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezartzen
diren oinarrizko betekizunak eta irizpideak betetzen
ez badira.
4.– atala.– Eraikuntzaren irisgarritasunari
buruzko xedapen orokorrak.
1.– Oin berriko eraikinak eraikitzeko lanak,
lur azpikoak barne, familia bakarreko etxebizitzei
dagozkienak izan ezik, lege honetan eta berau garatzeko
arauetan ezartzen denaren arabera gauzatuko dira irisgarritasuna
bermatzeko moduan.
2.– Egoitza gisa erabiltzeko diren oin berriko
eraikinek bermatu egingo dute euren irisgarritasuna,
honako irizpide hauen arabera:
a) Eraikinak bide publikoarekin, elkarte-erabilpena
duten atxikitako zerbitzu edo eraikinekin, garajeekin
eta inguruko eraikinekin dituen sarbideak eta komunikabideak
edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak
izango dira.
b) Etxebizitzek elementu komunekin, garajeekin, trastelekuekin
eta atxikitako eranskinekin dituzten komunikabideak
edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak
izango dira.
3.– 1.– Ostalaritzan erabiltzeko diren
oin berriko eraikin edo instalazioek honako irizpide
hauen arabera bermatuko dute irisgarritasuna:
a) Eraikinak bide publikoarekin, elkarte-erabilpena
duten atxikitako zerbitzu edo eraikinekin eta aparkalekuekin
dituen sarbideak edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko
modukoak izango dira.
b) Egonlekuek elementu komunekin dituzten komunikabideak,
bai eta gordetako egonlekuen sarbidea eta erabilpena
ere, edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak
izango dira.
2.– Etxe partikularretarako edo nekazalturismoko
egonlekuetarako eraikinak eraldatu, handiagotu edo
aldatzeko lanetan, gutxienez unitate bat lege honetan
jasotako irisgarritasun-irizpedeetara egokitzea gomendatzen
da.
4.– Lehendik dauden erabilera edo zerbitzu publikoko
eraikinetako eraldaketa, handitze edo aldaketa-lanak,
hirigintzari buruzko arautegiak ematen dien izenaren
arabera, betekizun funtzional eta neurrikoak betez
gauzatuko dira, irisgarritasuna bermatzeko moduan,
lege honetan eta berau garatzeko arauetan finkatutakoaren
arabera. Gainerako kasuetan, lan horiek, eraikinen
irisgarritasunari dagozkion elementuei eragiten dietenean,
era berean betekizun funtzional eta neurrikoei egokituz
gauzatu beharko dira, irisgarritasuna bermatzeko moduan
aipatutakoaren arabera.
5. atala.– Garraioko irisgarritasunari buruzko
xedapen orokorrak.
1.– EAEko herri-administrazioen aginpidetzakoak
diren bidaiarien garraio publikoek bermatu egingo dute
euren irisgarritasuna lege honetan eta berau garatzen
duten arauetan ohartemandakoaren arabera.
2.– Bidaiarien garraio publikorako den material
erosi berria araudiz ezarritako baldintza teknikoei
egokitu beharko zaie. Baldintza horiek lege honen helburuekin
bateragarri izan beharko dute.
3.– Bidaiarien garraio publikorako diren eraikin
edo instalazioek informazio eta komunikazio akustiko,
ikustezko eta sentsorialerako sistema egokiak izango
dituzte, edozein pertsonak era autonomoan eta behar
bezalako segurtasun-baldintzetan erabiltzeko modukoak.
4.– Garraio arloan aginpidedunak diren herri-administrazioek
bidezko diren neurriak hartuko dituzte garraio publikoak,
bai eta horiekin lotutako eraikin, zerbitzu, instalazio
eta altzariak ere, lege honetako eta berau garatzen
duten arauetako aginduei pixkanaka-pixkanaka egoki
dakizkien.
5.– Garraio arloan aginpidedunak diren euskal
herri-administrazioek bidezko diren neurriak hartuko
dituzte atal honetan garraio publikoentzat jasotzen
diren erregimen eta betebeharrak pixkanaka-pixkanaka
garraio pribatuei aplika dakizkien.
6. atala.– Komunikazio-sistemetako irisgarritasunari
buruzko xedapen orokorrak.
1.– Komunikaziorako sistemak herritar guztiei
izango zaizkie irisgarri, lege honetan eta berau garatzen
duten arauetan ohartemandakoaren arabera.
2.– Komunikaziorako sistemetan egokienak diren
baliabide teknikoak ezartzen direla bermatuko dute
herri-administrazioek, herritar guztiei eta, batez
ere, komunikazioan zailtasunak dituztenei, komunikaziorako
duten eskubidea bermatzeko.
3.– Herri-administrazioek sustatu egingo dute
keinuen lengoaiako interpretariak eta gor-itsuen gidari
interpretariak heztea, komunikazioan zailtasunak dituzten
pertsonekin komunikazio zuzena errazteko, eta funtzio
publikora pixkanaka-pixkanaka sar daitezen ere bultzatuko
dute.
4.– Titulartasun publikoa duten komunikabideek
neurri teknikoen plan bat egingo dute, pixkana-pixkana
herritar guztiek komunikaziorako duten eskubidea behar
bezala bermatu ahal izango duena.
II. ATALBURUA
ERRESERBAK
7. atala.– Erreserbak hirialdean, gune publikoetan
eta erabilera publikoko eraikinetan.
1.– Erabilera publikoko gune eta eraikinak:
a) Mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez
erabiltzeko guneak izan beharko dituzte honako hauek:
auditorio, kontzertu-areto, ikuskizun-areto, kiroldegi,
gela eta jendea biltzen den antzeko guneek.
b) Araudiz finkatuko dira gordetako gune eta aldeek
gutxienez izan behar duten proportzioa.
2.– Aparkalekuak:
a) Zabalguneetan eta erabilera publikoko garaje eta
aparkalekuetarako diren eraikinetan, mugikortasun murriztua
duten pertsonen ibilgailuentzako soilik izango diren
plazak gordeko dira oinezkoentzako sarbideetatik hurbil.
b) Gorde beharreko plazen kopurua hauxe izango da:
plaza bat 40 edo frakzio bakoitzeko.
3.– Komunak, aldagelak eta dutxak:
Gune publikoetan eta erabilera publikoko eta/edo jendeari
zabaldutako eraikinetan kokatuta dauden komun, aldagela,
dutxa eta antzeko elementuetan elementu bat gordeko
da hamar edo frakzio bakoitzeko, sexu bakoitzerako,
mugikortasun murriztua duten pertsonek erabiltzeko
behar bezala egokituak. Eraikinetan elementuen pilatzearen
arabera ezarriko da aipatutako proportzioa.
4.– Telefonoak:
a) Jendeak erabiltzeko diren telefono, mintzategi
eta kabinetan eta/edo gune eta eraikin publikoetan
jendeak erabiltzeko kokatuta daudenetan aparatu bat
gordeko da hamar edo frakzio bakoitzeko, mugikortasun
murriztua edo komunikaziorako zailtasunak dituzten
pertsonek erabiltzeko behar bezala egokituta. Eraikinetan
elementuen pilatzearen arabera ezarriko da aipatutako
proportzioa.
b) Erabilera publikoko mintzategietan testu-telefono
bat ezarriko da gutxienez.
8. atala.– Erreserbak turismo-egonleku eta beste
establezimendu batzuetan.
1.– Turismo-egonlekuetan kasuan kasuko erreserbak
egingo dira mugikortasun murriztua edo komunikaziorako
zailtasunak dituzten pertsonentzako, atal honetan xedatutakoaren
arabera. Erreserba-gai diren egonleku-plazek behar
bezalako irisgarritasun-baldintzak bete beharko dituzte,
lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandakoaren
arabera.
2.– Sailkapen eta maila guztietako hotel eta
ostatuetan egonleku bat gordeko da berrogeita hamar
edo frakzio bakoitzeko, mugikortasun murriztua duten
pertsonek lehentasunez erabil dezaten.
3.– Hotelak ez diren turismo-egonlekuetan honako
erreserba hauek egingo dira, mugikortasun murriztua
duten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten:
a) Sailkapen eta maila guztietako turismo-kanpamendu
edo kanpinetan plaza bat gordeko da berrogeita hamar
edo frakzio bakoitzeko.
b) Maila guztietako turismo-apartamentuetan eta oporretarako
turismo-etxebizitzetan plaza bat gordeko da berrogeita
hamar edo frakzio bakoitzeko.
4.– Gazteentzako kanpamendu, aterpe, eskolako
oporretarako egonleku eta antzekoetan plaza bat gordeko
da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko, mugikortasun
murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil dezaten.
5.– Turismo-egonlekuetan, hamar plaza edo frakzio
bakoitzeko, beharrezkoak diren laguntza teknikoak egongo
dira batean, komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonek
egonleku bat era autonomoan erabil dezaten.
6.– Turismo-egonlekuetan aparkalekurik egonez
gero, plaza bat gordeko da erreserba-gai den egonleku
bakoitzeko.
9. atala.– Erreserbak etxebizitzetarako diren
eraikinetan.
1.– Etxebizitzetarako diren eraikinetan ondoan
aipatzen diren erreserbak egingo dira betirako mugikortasun
murriztua duten pertsonentzako. Pertsona bat erreserba-eskubide
horretaz baliatzeko, minusbaliotasun kalifikatu eta
baloratua egiaztatu beharko du, erreserbaren onuren
arabera zein murriztapen eta zein mailatarainokoa duen
zehaztuta, indarreango minusbaliotasunak baloratzeko
erregimen orokorra betez.
a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustaketetan etxebizitza
bat gordeko da hogeita bost edo frakzio bakoitzeko.
Onuradun izateko, indarreango arauetan horrelako etxebizitzak
eskuratzeko ohartemandako betekizunak bete beharko
dira betiere.
b) Etxebizitza libreen sustaketetan, berrogeita hamar
etxebizitza baino gehiago badira, etxebizitza bat gordeko
da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko.
c) Horrelako pertsonek lehentasunez erosi edo alokatu
ahal izango dituzte gordetako etxebizitzak. Horien
ondoren, irabazizko xederik ez duten erakunde publiko
edo pribatuek, talde hauetarako etxebizitza gisa erabiltzeko.
Bestela, gordetako etxebizitzaren izaera galdu egingo
dute.
2.– Araudiz finkatuko da erreserba-eskubideaz
baliatzea arautzeko prozedura.
3.– Etxebizitzen sustatzaileek egokitu egin
beharko dituzte gordetako etxebizitzak esleipendunaren
ezaugarrietara. Araudiz finkatuko dira egin beharreko
gutxienezko egokitzapenak zehazteko irizpide teknikoak.
10. atala.– Erreserbak garraioan.
1.– Hiri eta hiriarteko garraiobide publiko
kolektiboek, eta batez ere autobus, trenbide eta funikularrek,
mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez
erabil ditzaten, gutxienez gurpil-aulkietarako bi leku
eta lau eserleku gorde beharko dituzte kotxe bakoitzeko,
sartzeko ateetatik hurbil, behar bezala seinalizatuta
eta txirrinak eta gelditzeko eskatzeko seinaleak eskuragarri
daudela.
2.– Aipatutako garraiobideak irisgarriak izango
zaizkie mugikortasun murriztua duten pertsonei; era
berean, barrualdean lekuz aldatzeko behar bezalako
segurtasun-baldintzak dituztela bermatu beharko dute,
eta gorde egin beharko dute eragindako pertsonek eraman
ditzaketen tresnak edo laguntza teknikoak eta/edo itsu-txakurra
kokatzeko beharrezko den tokia.
3.– Mugikortasun murriztua duten pertsonek lekuz
aldatzeko beharrizanak bete ditzaten, ibilgailu edo
taxi egokitua egotea sustatuko dute hiru mila bizilagun
baino gehiago duten herrietako udalek. Hala behar izanez
gero, lizentzia berria eman daiteke horretarako.
11. atala.– Erreserbak komunikazio-sistemetan.
Komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonek komunikazio-sistemetara
irisgarritasuna dutela bermatzeko honako erreserba
hauek ezarriko dira:
1.– Jendearentzako argibideak emateko eta/edo
jendea hartzeko guneak kokatuta dauden tokietan, gutxienez
bat horrelako pertsonek erabiltzeko moduan egongo da
egokituta.
2.– Euskal Autonomi Elkartearen titulartasuneko
ikus-entzutezko bideetan, gutxienez informatiboetako
batean keinuen lengoaiako interpretari bat agertuko
da azpitituluez gain, komunikaziorako zailtasunak dituzten
pertsonek informaziorako duten eskubidea bermatzeko.
3.– Itsu-txakurra daramaten ikusmen urrikoek
sarrera librea izango dute turismo-egonleku, ostalaritza-leku
eta garraio publikoetara eta orohar erabilera edo zerbitzu
publikoko gune eta eraikin guztietara.
12. atala.– Erreserbetan irisgarritasuna adierazteko
betebeharra.
Derrigorrez ezarri beharko da irisgarritasunaren nazioarteko
ikurra erabilera publikoko gune, eraikin publiko, turismo-egonleku,
garraio-instalazio, garraiobide eta informazio-sistemetan,
erreserbak badituzte lege honetan ohartemandakoaren
arabera.
II. IDAZPURUA
SUSTATZEKO NEURRIAK
13. atala.– Irisgarritasunaren sustaketa.
1.– Lehendik dauden titulartasun, erabilera
edo zerbitzu publikoko hirialde, espazio publiko, eraikin,
garraio eta informazio eta komunikazio-sistemetara
irisgarritasuna bermatu eta sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak,
foru-aldundiek, udalek eta gainerako herri-erakundeek
lau urteko egitarauak egingo dituzte irisgarritasuna
sustatzeko. Horien xedea aipatutako elementuak lege
honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandako
irisgarritasun-baldintzei pixkanaka-pixkanaka egokitzea
izango da. Lehendabiziko lau urteko egitarauak eginda
egon beharko du lege hau EHAAn argitaratzen denetik
hasi eta bi urteko epean.
2.– Irisgarritasuna sustatzeko egitarauek honako
agiri hauek jasoko dituzte:
a) Egokitzapen-gai diren kanpoko gune, eraikin, garraio
eta komunikazioen inben-tarioa jasotzen duen katalogoa.
b) Jardueren hurrenkera, lehentasunen arabera, kontutan
hartuko dituena eraginkortasun handiagoa eta biltzen
duten jendetza.
c) Egitarau ekonomiko-finantzieroa, egokitzapenak
egiteko bideratuko diren aurreikuspen ekonomikoak zehaztuta.
d) Egokitzapenak burutzeko egutegia.
3.– Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek
irisgarritasuna sustatzeko egitarauak finantzatzeko
partida zehatzak izendatuko dituzte bakoitzaren aurrekontuetan,
euren aurrekontu diru-eskuartearen arabera.
14. atala.– Finantza-neurriak.
1.– Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek,
kasuan kasuko eskumenak garatu eta burutzean, irisgarritasuna
sustatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea sustatuko
dute.
2.– Arlo honentzako berariazko dirulaguntza-egitarauetan
honako jarduera hauek jo ahal izango dituzte lehentasunezkotzat
herri-administrazioek:
a) Lehendik dauden hirialdeak eta gune publikoak,
eraikuntza, garraioa eta komunikazio-sistemak irisgarritasun-baldintzei
egokitzea xede duten lanak.
b) Oin berriko, eraldaketako edo bereoneratzeko lanak,
nahitaezko izan ez arren, horietan mugikortasun murriztua
duten pertsonentzat gordetako etxebizitzak sartzen
badira.
c) Eraldaketarako lanak, mugikortasun murriztua edo
irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonentzat
etxebizitza, elkarte-zerbitzu edo hauetarako sarbideen
egokitzapen funtzionalak egitea xede badute.
d) Ibilgailu pribatu eta taxiak edo erabilera publikoko
ibilgailu pribatuak erosi eta irisgarritasun-baldintzei
egokitzea.
e) Turismo-egonlekuetako oin berriko, eraldaketako
eta bereoneratzeko lanak, nahitaezko izan ez arren,
mugikortasun murriztua eta komunikaziorako zailtasunak
edo orohar irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonek
lehentasunez erabil ditzaten gordetako egonlekuak sartzen
badira.
f) Laguntza teknikoak eskuratzea, hirialdea, gune
publikoak, eraikuntza, garraioa eta komunikazioa ezinezko
denean irisgarritasun-baldintzei egokitzea.
g) Irisgarritasuna sustatzea xede duten beste jarduerak.
III. IDAZPURUA
KONTROLATZEKO NEURRIAK
15. atala.– Lizentziak eta baimenak.
1.– Lege honetako aginduak betetzea ezinbestekoa
izango da hirigintza-planeamendurako egiterapideak
eta horien burutzapena onesteko, bai eta Euskal Autonomi
Elkarteko Administrazioak, foru-aldundiek eta udalek
lizentziak, baimenak, kalifikazioak eta bestelako ekintzak
eman ditzaten ere.
2.– Taxia erabiltzeko lizentzia lortzeko edo
ibilgailua bera aldatzeko, egiaztatu egin beharko da
horrek behar bezalako irisgarritasun-baldintzak betetzen
dituela.
16. atala.– Administrazio-kontratuak.
Administrazio-kontratuen baldintzek lege honi egokitzeko
klausulak jaso behako dituzte, horien edukiek lege
honetan xedatutakoari eragiten badiote.
17. atala.– Irisgarritasun-baldintzen kontrola.
1.– Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek
eta lizentziak eta baimenak emateko, bai eta planeamendurako
egiterapideak eta garraio eta komunikazio arloko proiektuak
onesteko ere, aginpidetza duten gainerako herri-erakundeek
egiaztatu egingo dute horien arauak lege honi egokitzen
zaizkiola.
2.– Proiektuei dagozkien agirietan edo, hala
badagokio, lizentzia, baimen edo emakida-eskabideetan,
berariaz azalduko da lege honetan xedatutakoa betetzen
dela.
IV. IDAZPURUA
ZIGORBIDEZKO ERREGIMENA
18. atala.– Lege-hausteak.
1.– Lege honetako I. idazpuruan jasotzen diren
aginduak urratu edo horien aurka doazen egintza edo
ez betetzeak lege-hausteak dira eta zigortu egingo
dira, idazpuru honetan arautzen diren betekizun eta
jardunbidearen arabera.
2.– Lege-hausteak arinak, larriak eta oso larriak
izan daitezke:
a) Lege-hauste arinak dira:
– Lege honetan ohartematen denaren arabera irisgarritasun-baldintzak
ez betetzea, erabilera publikoko guneetan, eraikuntzan,
garraioan eta informazio eta komunikazio-sistemetan.
– Lege hau ezartzearen ondorio diren irisgarritasunerako
elementuak andeatu edo ez erabiltzea, erruz edo arduragabekeriagatik.
– Lege honetan ohartemandakoaren eta araudiz
ezartzen diren irisgarritasun-baldintzen aurka doazen
egintza edo ez betetzeak, larritzat jotzen ez direnak.
b) Lege-hauste larriak dira:
– Lege hau ezartzearen ondorio diren irisgarritasunerako
elementuak andeatu edo, engainuz, ez erabiltzea.
– Kanpoko guneetako eraikuntza berriko lanetan
eta handitze, eraldaketa eta hobekuntza-lanetan hirigintzako
eta hiri-altzarien elementuen irisgarritasun-baldintzak
ez betetzea.
– Jendea biltzea ekartzen duen erabilerarako
diren eraikinetako eraikuntza berriko lanetan eta handitze,
eraldaketa, bereoneratze, hobekuntza, egokitzapen eta
erabilera-aldaketa lanetan irisgarritasun-baldintzak
ez betetzea.
– Etxebizitzaren erabilpen kolektiborako diren
eraikin berriak eraikitzeko lanetan irisgarritasun-baldintzak
ez betetzea, kanpoaldea eta barrualdea era irisgarrian
lotuta ez daudelako, eta barrualdea eta etxebizitza,
garaje, trasteleku eta eranskinak ere ez.
–
Erosi berri diren garraiobide publikoetan irisgarritasun-baldintzak
ez betetzea.
–
Komunikabideetan irisgarritasun baldintzak ez betetzea.
– Lege honen I. idazpuruko II. atalburuan ezarritako
erreserbak ez betetzea.
–
Beste lege-hauste arin bat egitea hiru urteko epea
igaro aurretik.
c) Oso lege-hauste larriak dira:
– Lege honek ezarritako betebeharrak iruzurrez
edo agiriak faltsifikatuz ez betetzea.
–
Lege-hauste larriak errepikatzea.
19. atala.– Zigorrak.
1.– Honako zigor hauek ezarri ahal izango dira
lege-haustearen kalifikazioaren arabera:
a) Lege-hauste arinak: 50.000 eta 500.000 pezeta bitarteko
isunak.
b) Lege-hauste larriak: 500.001 eta 10.000.000 pezeta
bitarteko isunak.
c) Oso lege-hauste larriak: 10.000.001 eta 20.000.000
pezeta bitarteko isunak.
2.– Isunaren zenbatekoa neurtzeko, honako hauek
hartuko dira kontutan: lege-hauslearen erantzukizun-maila,
egin beharreko irisgarritasun-lanetatik sortutako kostu
ekonomikoa, sortarazi den kalte zuzena edo zeharkakoa,
erantzuleek errepikatzea eta lege-hausle bakoitzaren
partehartze-maila.
3.– Zigorra ezartzeak ez du esan nahi lege-hausleak
birjartze-betebeharrik ez duenik edo, ez betetze kasuetan,
proiektuaren aldaketa edo beharrezkoak diren egokitzapen-lanak
egin behar ez dituenik araudi bidez ezarriko den epean.
4.– Lege-hauste beraren ondorioz pertsona desberdinei
jartzen zaizkien isunek ez dute elkarren arteko loturarik
izango.
5.– Atal honetan jasotzen diren zigorren zenbatekoak
gaurkotu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren dekretuz,
kontsumo-prezioen indizeen aldaketaren arabera.
20. atala.– Zigorbidezko jardunbidea eta erregimena.
1.– Lege honetan xedatutakoa ez betetzea zigortu
egingo da zigorbidezko erregimenari buruz indarrean
dauden xedapen orokorren arabera, aginpidedun den organoak
kasuan kasuko espedientea izapidetu ondoren.
2.– Lege honen 1. atalean aipatzen diren pertsonak
edo hauek osatzen dituzten elkarteak interesatutzat
joko dira betiere administrazio-jardunbideetan.
3.– Elkarte horiek errekurtsoak edo, hala badagokio,
bidezko deritzen ekintzak aurkezteko ahalmena izango
dute legez, bai jarduerak artxibatzeko akordioaren
aurka eta bai irisgarritasun-baldintzen kontrako balizko
lege-hausteak salatzea edo Administrazioari jakinaraztea
espresuki edo isilbidez ezetsi duen erabakiaren aurka.
21. atala.– Organo aginpidedunak.
Honako hauek izango dira lege honen hausteak direla-eta
zigorrak ezartzeko aginpidetza duten agintariak:
a) Alkateak, dituzten eskumenen esparruan, lege-hauste
arinengatiko isunak eta larriengatiko 5.000.000 pezetarainokoak
jartzeko, eskala honen arabera: 10.000 biztanletik
beherako udalerrietan, 1.000.000 pezetaraino; 10.000
eta 50.000 biztanle bitarteko udalerrietan, 2.500.000
pezetaraino, eta 50.000 biztanletik gorako udalerrietan,
5.000.000 pezetaraino.
b) Gaian aginpidetza duten Euskal Autonomi Elkarteko
Administrazioko sailetako sailburuak, dituzten eskumenen
esparruan, lege-hauste arinengatiko isunak eta larriengatiko
5.000.000 pezetarainokoak jartzeko, eta betiere lege-hauste
larriengatiko 5.000.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko
isunak eta oso lege-hauste larriengatikoak jartzeko.
22. atala.– Erantzuleak.
1.– Nahitaezkoa den udal-lizentziarik gabe burutzen
diren lan eta gainerako jardueretan, jarduera lege
honetan agindutakoari egokitu behar zaionean, edo lege
honek arautzen dituen gaiei dagokienez lizentziari
buruzko klausulak bete gabe burututakoetan, zigortu
egingo dira sustatzailea, proiektuaren egilea, obrak
eraiki dituen enpresaria eta obren teknikari zuzendariak.
2.– Lege honen hauste larria edo oso larria
den edukia duen udal-lizentzia baten babespeko lanetan,
era berean, zigortu egingo dira proiektuaren aldeko
irizpena eman duen teknikaria eta, nahitaezko txostenak
aurretik izan gabe edo txostenok aipatutako lege-haustea
dela-eta aurkakoak direnean, lizentziaren alde botoa
eman duten udalbatzarreko kideak.
23. atala.– Preskripzioa.
1.– Lege-hausteak:
Lege honetan ohartemandako lege-hausteek preskribitzeko
epeak honako hauek izango dira:
a) Oso lege-hauste larriek bost urteko epean preskribitzen
dute.
b) Lege-hauste larriek hiru urteko epean preskribitzen
dute.
c) Lege-hauste arinek sei hilabeteko epean preskribitzen
dute.
2.– Zigorrak:
Lege honetan ohartemandako zigorrek preskribitzeko
epeak honako hauek izango dira:
a) Oso lege-hauste larriengatik ezarritako zigorrek
hiru urteko epean preskribitzen dute.
b) Lege-hauste larriengatik ezarritako zigorrek bi
urteko epean preskribitzen dute.
c) Lege-hauste arinengatik ezarritako zigorrek urtebeteko
epean preskribitzen dute.
V. IDAZPURUA
IRISGARRITASUNA SUSTATZEKO EUSKAL
KONTSEILUA
24. atala.– Sorrera.
Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua sortzen
da, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza
eta Ingurugiro Sailari atxikitako aholku eta partehartze-organo
gisa, eta bertan honako hauek egongo dira ordezkatuta:
Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioak, irisgarritasunean
zailtasunak dituzten pertsonen eskubideen alde jardutea
xede duten elkarte-erakundeetatik ordezkaritza handiena
dutenak, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeak,
sustatzaile eta eraikitzaileen elkarteetatik ordezkaritza
handiena dutenak eta Arkitektoen, Aparejadore eta Arkitekto
Teknikoen eta Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien elkargoak.
25. atala.– Osaera.
Kontseiluak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta
Ingurugiro sailburua izango du buru, eta, gainera,
honako beste hauek kide:
a) Eusko Jaurlaritzako ordezkari bat, gutxienez zuzendari-maila
izango duena, honako arlo bakoitzeko: Lurralde Antolamendua
eta Etxebizitza; Merkataritza eta Kontsumoa; Hezkuntza;
Osasuna; Lana eta Gizarte Segurantza; Garraio eta Herrilanak;
Ogasuna; Industria, eta Kultura.
b) Lurralde-historikoetako foru-aldundietako ordezkari
bana.
c) Euskal Autonomi Elkarteko udaletako hiru ordezkari.
d) Irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonak
biltzen dituzten erakunde pribatuetatik ordezkaritza
handiena dutenetako sei ordezkari.
e) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetatik
ordezkaritza handiena dutenetako bi ordezkari.
f) Sustatzaile eta eraikitzaileen elkarteetako bi
ordezkari.
g) Arkitektoen Elkargoko ordezkari bat.
h) Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoko ordezkari
bat.
i) Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien Elkargoko ordezkari
bat.
26. atala.– Egitekoak.
Honako egiteko hauek izango ditu Irisgarritasuna Sustatzeko
Euskal Kontseiluak:
a) Urtean behin txosten bat egitea, lege honetan ohartemandakoa
zein mailataraino betetzen den ezagutarazteko, eta
gero Legebiltzarrera bidaltzea.
b) Irisgarritasun arloan aginpidedun diren organoei
laguntza eman eta jarduteko irizpideak proposatzea,
lege honetan xedatutakoaren arabera.
c) Horren antolamendu eta funtzionamendurako araudia
onestea.
d) Bere esku uzten diren beste egiteko batzuk.
ALDIBATERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa.– Lege honetan xedatutakoa ezargarri
izango da indarrean jarri ondoren eskatzen diren baimen,
emakida eta lizentzia-mota guztiak ematerakoan.
Bigarrena.– Lege honetan xedatutakoa ezargarri
izango zaie legea indarrean jartzen denean hasierako
onespena jasota duten hirigintza-planeamendurako egiterapideei
eta urbanizatze-proiektuei, behin-behineko edo behin
betiko onespenaren zain daudenei. Hiru hilabeteko epea
ezartzen da, egun horretatik hasita, agiria legearen
aginduetara egokitzeko.
INDARGABETZE XEDAPENA
Bakarra.– Lege honetan xedatutakoaren aurkako
maila bereko edo apalagoko xedapenak indarrik gabe
geratzen dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen
zaio lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak
emateko.
Bigarrena.– Lege hau indarrean jartzen denetik
sei hilabeteko epearen barruan, hirialdeen, gune publikoen,
eraikuntzaren, garraiobideen eta informazio eta komunikazio-sistemen
irisgarritasun-baldintzak finkatuko dituzten arau teknikoak
egingo ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, irisgarritasunari
eta hirigintza-oztopoak kentzeari buruz egun indarrean
dauden arauen bidez araututako xedapenak bateratu egingo
dira.
Hirugarrena.– Lege hau indarrean jartzen denetik
sei hilabeteko epearen barruan, onartu egingo da Irisgarritasuna
Sustatzeko Euskal Kontseiluaren antolamendu eta funtzionamendurako
araudia.
Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratzen denetik lau hilabete igarotakoan jarriko
da indarrean lege hau.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko
agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko
herritar guztiei.
Vitoria-Gasteizen, mila bederatziehun eta laurogeita
hamazazpiko abenduaren hamabian.
Lehendakaria,
JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.
|