Etxebizitza
eta Gizarte Gaietako Saila
AGINDUA, 2003ko apirilaren
22koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, "Etxebizitza
Hutsaren Programaren" lagapen-baldintzei eta
esleipen-prozedurari buruzkoa.
2002-2005 Etxebizitza Bideratzeko
Plana betez, eta abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuaren
bitartez, Eusko Jaurlaritzak "Etxebizitza Hutsaren
Programa" ezarri eta arautu zuen, eta "Vivienda
y Suelo de Euskadi S.A./Euskadiko Etxebizitza eta Lurra,
E.A." (Visesa) erakundeari eman zion kudeatzeko
ardura. Era berean, aurreikusi zuen programaren alderdi
batzuk garatu behar zirela, eta, ondorioz, sortu da
Agindu hau.
Alderdi horietako lehenengoa ondokoa litzateke: "Etxebizitza
Hutsaren Programaren" baldintzak betetzen dituzten
etxebizitzen jabeek, etxebizitza horiek modu libre
eta osoan erabil ditzaketenek, itundu eta "Visesaren" esku
utz dezakete etxebizitzen erabilera aldi baterako.
Negozio juridiko hau dagokion kontratuan gauzatuz gero,
aurretik jarduketa batzuk egin beharko lirateke, esaterako
higiezina baloratzea eta bizi ahal izateko behar diren
obrak egitea. "Visesa" eta balizko lagatzailearen
arteko harremana izango da, betiere kontrataziorako
funtsezko elementuak oinarri direla (prezioa, errenta
edo kanon zehatza, iraupena…).
Era berean, ondoren etxebizitzak errentan har ditzaketen
pertsonak aukeratu eta esleitzeko prozedura ere zehaztu
behar da. Hori dela-eta, jarduteko esparru bat, argia
bezain malgua, sortu behar da, programa hau dela-eta
herri baltzu horrek egin beharreko lan zaila arrakastaz
gauza dezan. Ildo horretan, "eskuragarri dauden
etxebizitzen poltsa bat" irekiko da, (Etxebide)
Eskatzaileen Erregistroko izen-emateekin batera joango
dena; betiere publizitate eta lehiaketarako bermerik
handiena emango da, azkartasun eta arintasun handienarekin
batera.
Ondorioz, eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren
egitura organikoa finkatzen duen otsailaren 12ko 40/2002
Dekretuaren 4. artikuluan eta "Etxebizitza Hutsaren
Programa" sustatu eta bultzatu, programa horren
araubide juridikoa ezarri eta Visesa Baltzu Publikoari
programa kudeatzeko ardura ematen dion abenduaren 30eko
316/2002 Dekretuaren lehenengo azken xedapenean ezarritakoari
jarraiki, ondokoa
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuan jasotako zehaztapenak
garatzea da Agindu honen xedea. Dekretu horren bitartez, "Etxebizitza
Hutsaren Programa" sustatu eta bultzatu, programa
horren araubide juridikoa ezarri eta Visesabaltzu Publikoari
programa kudeatzeko ardura ematen zaio. Beraz, agindu
honetan arautzen dira, batetik, titularren etxebizitzak
lagatzea, eta, bestetik, etxebizitzak errentan hartuko
dituztenei esleitzeko ondorengo prozedura.
2. artikulua.– Titularrentzako dei publikoa.
"Visesa" herri baltzuak gutxienez behi egingo
die deialdi publikoa abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuan
ezarritako baldintzak bete eta etxebizitza hutsak dituzten
titularrei, titularrek aukera izateko baltzuarekin
harremanetan jartzeko eta aldi baterako lagapen-kontratua
itundu, eta hala badagokio, egiteko.
3. artikulua.– "Visesari" lagatzeko
prozedura.
1.– Jabeek aldi baterako usufruktuaren bidez
lagako dizkiote etxebizitzak Visesari, errentamendu-kontratua
lagaz, errentamendu bitartez, edo, abenduaren 30eko
316/2002 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera,
Zuzenbidean balio duen edozein tituluren bidez. Edonola
ere, era zehatza beti aukeratuko da alderdi bien adostasuna
aintzat hartuta.
2.– Etxebizitza dagoen aldeko merkatu-prezioaren
arabera zehaztuko zaie Etxebizitza Hutsa programan
onartutako etxebizitzei prezioa, kanon edo errenta,
alegia, pertsona edo erakunde lagatzaileak "Visesatik" jasoko
duena.
3.– Hori dela-eta, "Visesak" eskainiko
den etxebizitza bakoitzeko agiri bat egingo du. Bertan,
gutxienez, hauek jasoko dira: eginiko tasazioaren emaitza,
egin beharreko obren aurrekontu osoa, obrak egiteko
behar den epea, eta baltzuak etxebizitzaren titularrei
egiten dien lagapen-proposamena.
4.– Proposamena onartzen baldin bada, lagapen-kontratuan
jasoko da. Alderdi biek izenpetuko dute kontratua eta
kontratuaren bitartez ahalmena emango zaio "Visesari" bai
obrak egiteko, Visesak egiten dituenean, bai "Etxebizitza
Hutsaren Programan" ezarritakoaren arabera errentan
jartzeko.
5.– Salbuespen gisa, horretarako arrazoirik
baldin bada, "Visesak" proposatuta eta ezarritako
baldintzen arabera, etxebizitza lagatzen duen titularrak
eta etxebizitzaren esleipenduna den pertsonak edo bizikidetza-unitateak
zuzenean izenpetu ahal izango dute errentamendu-kontratua.
Kasu horretan, errentamendu hori Visesari laga ahali
izango zaio, betiere, kontratuaren alderdi bien onespenaz,
eta Visesak errentatzailearen eginkizun juridikoa hartuko
du bere gain, ondorio guztietarako.
6.– Etxebizitza lagatzeko gutxieneko epea 5
urtekoa izango da.
4. artikulua.– Etxebizitza konpontzeko laguntzak
Aurreko artikuluaren arabera etxebizitza konpondu
behar denean, Visesak egin ditzake obrak, edo jabeak
berak, Visesaados badago eta obrak ikuskatzen baditu.
Dena dela, Visesak ordainduko du obren kostua eta,
ondoren, jabeari ordaindu beharreko errenta edo kanonetik
kenduko.
5. artikulua.– Eskatzaileen erregistroa.
1.– Pertsona edo bizikidetza-unitate batek baldin
badu interesik "Etxebizitza Hutsaren Programaren" barruan "Visesak" jasotako
etxebizitzaren bat errentamenduan eskuratzeko, babes
ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen Erregistroan edo
(Etxebide) Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan inskribatuta
egon beharko du, eta, horrez gain, aukera hau berariaz
eskatua izan behar du.
2.– "Etxebizitza Hutsaren Programaren" barruan
alokairu-erregimenpeko etxebizitza bat esleitu eta
alokatzeak bakar-bakarrik ekarriko du esleipenduna
programa horretatik kentzea. Beraz, Etxebiden segituko
du inskribatuta babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaile
gisa.
3.– Eskatzaileak programa honetatik kanpo geratuko
dira eta emandako azken uko egitetik bi urteko epean
ezin izango dira altan egon, baldin eta, behin-behinean
etxebizitza hutsa esleitu zaiela jakinarazita, "Etxebizitza
Hutsaren Programaren" barruan esleitutako etxebizitzari
bi aldiz uko egiten badiote.
6. artikulua.– Etxebizitza hutsen poltsa.
1.– Behin "Etxebizitza Hutsaren Programari" lotutako
etxebizitzak izanda, "Visesak" iragarriko
du eskuragarri dauden etxebizitzen poltsa bat ireki
duela, programa horren arabera aloka daitezen. Horrez
gain, esleitzeko oinarri orokorrak onartuko ditu, hurrengo
artikuluan adierazitako prozeduraren arabera, eta esleipendun
izan daitezkeenei publikoki deituko die.
2.– Poltsa hau beti egongo da irekita, eta bertan
gehituko dira etxebizitzak, programan jaso ahala. Aldi
berean, alokatzen diren etxebizitzak kenduko dira.
Beraz, poltsan egongo dira programan jasotako etxebizitza
guztiak, harik eta esleitu arte.
7. artikulua.– Esleitzeko prozedura.
1.– Hilero, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako
Sailak Visesari bidaliko dizkio aurreko hilean "Etxebizitza
Hutsaren Programan" behin betiko alta jaso duten
eskatzaileen zerrenda eta inskripzio-datuak.
2.– "Etxebizitza Hutsaren Programaren" poltsan
jasotako etxebizitza bakoitza esleitzeko prozedura
espezifikoa izango da, ondoren adierazten den lehentasun-hurrenkeran
ezarritako irizpideen arabera:
a) interesatuek eskatzen duten etxebizitzaren udalerriaren
araberako lehentasuna, Etxebideren izena emateko inprimakian
adierazita.
b) pertsona edo bizikidetza-unitatea udalerri horretan
eskuragarri dauden etxebizitzen ezaugarrietarako egokia
izatea.
c) pertsonaren edo bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak
alokairurako aurreikusi den errentarako egokiak izatea.
3.– Berdinketa gertatuz gero, Etxebiden izena
eman zuen lehenak izango du lehentasuna, eta, berdinketak
jarraituz gero, berdinketa horretan daudenen arteko
zozketa egingo da.
4.– Artikulu honetan ezarritakoaren arabera
erabiltzen den esleipen-prozedura bakoitza berez baliogabetuko
da eta bakar-bakarrik izango du indarra erabiltzen
den esleipen bakoitzerako; beraz, espedientean aurkeztutako
agiri eta dilijentziak ezin izango dira berriro ere
erabili.
5.– Hiru hilabetean behin, Visesak Sailari aurkeztuko
dio memoria bat, egindako esleipenak eta bakoitzean
jarraitutako prozedura adierazten dituena.
8. artikulua.– Esleipen-prozedura orokorretik
kanpora geratzea.
Aurreko artikuluan ezarritako prozedura gorabehera,
eta arrazoirik egonez gero, etxebizitza-premia espezifikoak
asetzeko erabiltzen diren etxebizitzak esleipen-prozeduratik
kanpora geratu edo salbuetsi ahal izango dira, Etxebizitza
eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez.
9. artikulua.– Behin-behineko eta behin betiko
esleipenak.
1.– "Visesak" aukeratuko ditu errenta
har dezaketen pertsonak, aurreko artikuluetan ezarritako
prozeduraren arabera; behin–behinean esleituko
dizkie dagozkien etxebizitzak, eta, hala badagokio,
ordezkapenak egiteko direnak gordeko ditu.
2.– Behin-behineko esleipena jakinarazi eta
handik zazpi egun naturalera onartu beharko du esleipendunak
etxebizitza edo uko egin. Uko eginez gero, erantzuna
ematen ez bada, edo adierazitako epea edo egunean errentamendu-kontratua
izenpetu ezean, "Visesak" ahalmena izango
du ordezko izendatutakoari etxebizitza esleitzeko.
3.– Aurreko idatz-zatian ezarritakorako, nahikoa
izango da idatziz jakinaraztea posta arruntaz eta jaso
izanaren adierazpenaz, "Etxebiden" Eskatzaileen
Erregistroan agertzen den helbidean.
10. artikulua.– Errentaren zenbatekoa.
"Visesak" ezarriko du errentariak ordaindu
beharko duen errentaren zenbatekoa, higiezinen merkatuko
prezioak eta errentak kontuan hartuta egiten duen tasazioaren
arabera. Zenbateko hori urtero aldatuko da, kontsumo-prezioen
indizearen arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– "Etxebizitza Hutsaren Programaren" xede
sozialarengatik, "Visesak" urteko dirulaguntza
bat emango dio errentariari, errentamendu-kontratua
egiten den une berean. Dirulaguntza hori errentariak
ordaindu beharreko errentatik kenduko da. Dirulaguntza
hori urtero berrikusiko da, pertsona edo bizikidetza-unitatearen
diru-sarreren arabera.
Bigarrena.– Dirulaguntza errentamenduaren indarraldiaren
araberakoa eta errentarien diru-sarrera gordinen araberakoa
izango da, hau da, babes ofizialeko etxebizitzen araudian
ezarritako gehienezko diru-sarrerak ezin dira gainditu.
Kontratuak ez dira diruz lagunduko, baldin eta kontratuetan
adierazitako urteko errentaren zenbatekoak gainditzen
ez badu pertsona edo bizikidetza-unitatearen urteko
diru-sarreren ehuneko hogeita hamar. Babes ofizialeko
etxebizitzen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera
zenbatu eta kalkulatuko dira diru-sarrerak.
Hirugarrena.– Dirulaguntza honen kenketa izango
da: errentamenduaren urteko errenta ken pertsonaren
edo bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarreren ehuneko
hogeita hamar. Babes ofizialeko etxebizitzen arloan
indarrean dagoen araudiaren arabera zenbatu eta kalkulatuko
dira diru-sarrerak.
Laugarrena.– Dirulaguntza hau bateragarria izango
da jarduketa bererako eman litezkeen beste batzuekin,
baldin eta kopuru osoak errentamenduaren kostuen %100
gainditzen ez badu. Kasu horretan, dirulaguntza murriztuko
litzateke, gehienezko muga hori lortu arte.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean guztira
eman daitezkeen dirulaguntzen zenbatekoak ez du gaindituko
Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako
kopurua edo, aplikagarria den araudiaren arabera aurrekontu-aldaketarik
onartuz gero, kopurua eguneratzetik ondoriozta daitekeena.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean
Agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko apirilaren 22a.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
|