Etxebizitza
eta Gizarte Gaietako Saila
316/2002 DEKRETUA, abenduaren
30ekoa, "Etxebizitza Hutsaren Programa" sustatu
eta bultzatzen duena, programa horren araubide juridikoa
ezartzen duena eta "Vivienda y Suelo de Euskadi
S.A./Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, SA" (VISESA)
Baltzu Publikoari programa kudeatzeko ardura ematen
diona.
Gure Autonomia Erkidegoan hainbeste
etxebizitza huts edo lagunik gabe daudenez (etxebizitza-parke
guztiaren %10,4, azken biurteko inkestaren arabera),
beharrezkoa da esku hartze publiko sendo bat, etxebizitza
horiek behar dituzten bizikidetzako unitateentzat merkatuan
jarri ahal izateko.
Hori dela-eta, 2002ko azaroaren 5eko bilkuran Eusko
Jaurlaritzak onartutako (2002-2005) Etxebizitza Bideratzeko
Planak, besteak beste, helburutzat hartu du dirauen
bitartean 5.000 etxebizitza mobilizatzea eta "Euskadiko
Etxebizitza eta Lurra SA" (VISESA) Baltzu Publikoari
berariaz eman dio eginkizun hori betetzeko ardura.
Aurreko horri dagokionez, VISESA baltzu publikoaren
Estatutuetan (Eusko Jaurlaritzaren 1992ko ekainaren
23ko 175 Dekretuan ezarritakoari betez idatzi ziren
estatutuok), besteak beste, helburu hau ezartzen zaio
berariaz baltzuari: "ondare sozialarenak diren
etxebizitzen kudeaketa egitea errentamendu erregimenpean
eta bai edozein eratako zesio-titulupean Baltzuari,
errentamendu xedez, atxikitako beste etxebizitza batzuena
ere".
Beraz, helburu sozial hori beteko bada, beharrezkoa
da programaren ezaugarri nagusiak zehaztea. Bada, zehaztapen
hori dekretu honen bidez egingo da, baltzu publikoak
legez duen autonomia funtzionala gordeta, jakina.
Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren
proposamenez, 2002ko abenduaren 30ean Jaurlaritzaren
Kontseiluak izandako bilkuran aztertu eta onartu ondoren,
hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Helburua eta aplikatzeko esparrua.
Dekretu honen helburua ondokoa da: "Etxebizitza
Hutsaren Programaren" araubide juridikoa ezartzea.
Programa horren xedea, berriz, hauxe da: Euskal Autonomia
Erkidegoan hutsik dauden titularitate pribatuko etxebizitzak
alokairurako etxebizitzen merkatuan jartzea, etxebizitzok
behar eta babes ofizialeko etxebizitzen berariazko
araudiaren arabera onuraduntzat hartuta daudenek eskuratu
ahal izateko.
2. artikulua.– Programaren kudeaketa.
(2002-2005) Etxebizitza Bideratzeko Planean ezarritakoari
jarraiki, "Etxebizitza Hutsaren Programa" kudeatzea
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako
Sailari dagokio, "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra
SA" (VISESA) baltzu publikoaren bitartez.
3. artikulua.– Etxebizitzen gutxieneko baldintzak.
1. "Etxebizitza Hutsaren Programan" sartu
eta parte hartzeko, etxebizitzek ondoko baldintzak
bete behar dituzte gutxienez:
– Azalera erabilgarriak 120 metro karratu ez
gainditzea.
– VISESAk tasatutako merkatu-errentak hileko
660 euro (seiehun eta hirurogei euro) ez gainditzea.
– "Etxebizitza Hutsaren Programan" sartu
aurretiko hamabi hilabeteetan errentan edo okupatuta
egon ez izana.
– Etxebizitza libre izatea; beraz, ez babes
ofizialeko etxebizitza, eta erabiltzeko libre egotea.
2. "Etxebizitza Hutsaren Programan" ez dira
sartuko ondoko etxebizitzak: alokatzeko behar besteko
eskaria ez dagoen udal edota eskualdeetan daudenak
eta bizi ahal izateko funtsezko baldintzak betetzen
ez dituztenak –nahiz eta dekretu honetan jasotako
eraberritze neurriak erabili– edo, duten ingurua
dela-eta, alokatzen zailak direnak.
4. artikulua.– Titularrak etxebizitza lagatzea.
1. Dekretu honen lehenengo artikuluan adierazitako
etxebizitza hutsak merkaturatzea honela egingo da:
titularrak bere borondatez lagako dio etxebizitza VISESAri,
betiere zuzenbideari egokitutako titulu-mota baten
bitartez eta inola ere ez bost urte baino epe txikiagoan.
Ondoren, baltzu publiko horrek errentamenduan eskainiko
du, Dekretu honetan eta Dekretua garatzeko xedapenetan
ezarritakoari jarraiki.
2. Egoerak hala egiteko bidea ematen badu, badago
beste aukera bat, hain zuzen, VISESAk proposatuta,
errentamendua etxebizitza lagatzen duenaren eta onuradunaren
artean zuzenean ituntzea, "Etxebizitza Hutsaren
Programaren" baldintzak eta onurak izanda.
5. artikulua.– Etxebizitza lagatzearen kontraprestazioa.
Programaren onuradunak izango diren hirugarrenei errentan
emateko, eta dekretu hau garatzen duten xedapenetan
ezarritako baldintzen arabera, bizilagunik ez duten
edota hutsik dauden etxebizitzak baltzu publikoari
lagatzen dizkioten pertsonek ondoko onura hauek jasoko
dituzte:
– Lagapenak dirauen bitartean etxebizitza bizitzeko
moduan dagoela ahalbidetzen duen konponketa edo, bestela,
lagatzen duenak zuzenean konponketa egiteko finkatzen
den dirulaguntza, betiere etxebizitza bizitzeko moduan
uzteko helburuz. Konponketa honen kostuak edo dirulaguntzak
ezin izango du inola ere etxebizitzako 18.000 euro
(hemezortzi mila euro) gainditu.
– Kanon bat edo aldizkako errenta bat edo, hala
egokituz gero, zenbateko kapitalizatu bat. Zenbateko
hori merkatuko batez besteko prezioen arabera kalkulatuko
da eta ez du inola ere VISESAk tasatutako merkatu-errenta
gaindituko. Kaso honetan, egindako birgaitzearen zenbatekoa
kontuan hartu ahal izango da.
6. artikulua.– Etxebizitza konpontzeko lanak.
1. Etxebizitza bizitzeko moduan egoteko gutxienezko
baldintzak betetzeko etxebizitza hutsean egin beharreko
konponketa-lanak hauek baino ez dira izango: aplika
dakiekeen araudi teknikoaren arabera, etxebizitzatzat
alokatu ahal izateko ezinbestekoak.
2. Lan horiek VISESAk egin behar baditu, baltzu publikoa
eratzeko Dekretua aldatzen duen ekainaren 23ko 175/1992
Dekretuaren V.3 idatz-zatian ezarritakoaren arabera
egingo dira. Beraz, lehiaketa irekian eta publikotasuna
errespetatuta esleituko dira lanok.
7. artikulua.– Ondorengo errentamendua.
1. Etxebizitzak errentan hartzeko "ETXEBIDE" erregistroan
berariaz inskribatuta dauden edo inskribatuko diren
pertsona fisiko eta bizikidetzako unitateei, beraz,
babes ofizialeko etxebizitzen araudiak ezarritako baldintzak
betetzen dituzten pertsona fisiko eta bizikidetzako
unitateei eskainiko dizkie VISESAk aurreko artikuluetan
ezarritakoaren arabera baltzu publikoari lagatako etxebizitzak.
2. "Etxebizitza Hutsaren Programaren" barruan
eskuratzeko dauden etxebizitzak errentan eskaini eta
esleitzeaz VISESA arduratuko da, betiere ondoko printzipio
hauek zorrotz betez:
– Jokabide garbia.
– Objektibotasuna.
– Etxebizitza ahalik eta gehien egokitzea pertsona
edo bizikidetzako unitateen beharretara.
3. Edonola ere, "Etxebizitza Hutsaren Programaren" barruan
VISESAk egiten duen edozein jarduera egiteko, Euskal
Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei
buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren
11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta
indarrean dauden gainerako xedapenetan ezarritakoari
jarraituko dio.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta VISESA
baltzu publikoak hitzarmen bat egin eta izenpetuko
dute, "Etxebizitza Hutsaren Programaren" kudeaketa
finantzatzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako
sailburuari ahalmena ematen zaio Dekretu hau garatzeko
beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratzen den egunean sartuko da indarrean Dekretu
hau.
Vitoria-Gasteizen, 2002ko abenduaren 30ean
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
|