Saltar al contenido

Irungo Udalaren euskararen ataria

Irungo Udalaren Web Orria

"Euskarazko irakurzaletasuna Irungo udal liburutegian" lanaren aurkezpena

Irungo Udalean aurkeztu da 2018ko Jose Antonio Loidi ikerketa-beka irabazi duen lana. "Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian" lana da eta Miren Echeveste Euskara Ordezkariak aurkeztu du, Unai eta Maialen Oiartzun Irastorza egile gazte irundarrekin batera.

Miren Echeveste ordezkariak egileen lana eskertu du. Nabarmendu duenez, "beka honi esker, hainbat arlotan euskaraz ikertzea bultzatzen jarraitzen dugu. Kasu honetan, hobeto ikusiko dugu zein diren hirian euskaraz irakurtzeko ohiturak, eta, horrela, ohitura horiek landu ahalko ditugu".

Unai eta Maialenek liburutegiaren eskaintza aztertu dute, hain zuzen ere, liburuen funtsa, eskuratzeak, maileguak eta irakurzaletasuna sustatzeko urtean zehar antolatzen diren jarduerak.

Bestetik, eskaintza horren erabileran ere sakondu dute, erabiltzaileen bizipen eta iritziak kontrastatuz. Hiritarren tipologiaren araberako azterketa egin dute (adina, sexua, hizkuntza ezagutza, etxeko hizkuntz erabilera...), irakurketa ohiturak, maiztazuna eta abar.

Ondorio nagusien atalean, lanak azaltzen du euskaldunek oro har gehiago irakurtzen dutela gaztelaniaz euskaraz baino. Adinari erreparatuz gero, ondorioa da haurrek irakurtzen dutela gehien euskaraz. Liburutegiko jardunari dagokionez, proiektuaren emaitzek jarduna areagotzeko eta euskaraz irakurtzeko ohiturak sustatzeko ekarpenak hartzen dituzte barnean.

Bekaren ezaugarriak
Ugari dira ikerketa esparruak; antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika. Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira. Eta bekaren iraupena 12 hilabetetakoa izango da. Bekaren diru-zenbatekoa, berriz, 9.000 eurokoa (gordinak). Eta ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du. Beka norbanakoek edo taldeek eska dezakete. Eskatzaileak, Unibertsitatean graduatuak izan behar dira eta EGA agiria edo baliokideren bat eduki beharra dute.

Jose Antonio Loidi
Errenterian jaio zen 1916an. Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari-plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen eta urteetan euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen.

Besteren artean, Irungo etxeetako edateko ura aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakin-min ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen. Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean idazluma dantzatu eta ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan...).

1955ean, Jose Antonio Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi zuen, "Amabost egun Urgainen", euskara hutsean. Garai hartako egoera politikoa, kulturala eta soziala kontuan izanda, meritu izugarria. Eleberri horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen eta euskaratik katalunierara itzulitako lehenengo eleberria izan zen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide.

1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik.

 

itzuli

 
creative commons Euskara Arloa  •  Área de euskera
T. 943 50 52 72  •  E. euskara@irun.org