Eusko Jaurlaritzaren gomendioaren ondorioz uztaileko azken egunetan jarduna eten, eta, gaur, abuztuko taldeek berriro martxan jarri dute Solas Jolas programa. Hilaren 5etik 28ra bitartean ibiliko dira, goizez, 09:00etatik 13:00etara bitartean, mailaka sartuta.
Hilabete honetako txanda osatzen duten 40 neska-mutilak zazpi taldetan banatu dira, eta talde bakoitzak bere begirale eta koordinatzaileak ditu. Jardueren egoitza, berriz, Dunboa ikastetxea da.
Uztailean bezala, bertan behera utzi dira irtenaldiak, eta parte hartzaileak ikastetxean bertan eta hirian ibiliko dira. Bestalde, une oro, Eusko Jaurlaritzak segurtasuna ahal bezainbat bermatzeko ezarritako protokoloa beteko da: besteak beste, haurrei tenperatura egunero neurtzea eta taldeen sarrerak eta irteerak mailakatzea. Gainera, haurrek maskara eraman beharko dute, eta egunero etxetik irten aurretik adingabeei tenperatura neurtzeko eskatu zaie familiei, eta, sintomarik badute, txikia izanda ere, etxean uzteko.