Saltar al contenido

Irungo Udalaren euskararen ataria

Irungo Udalaren Web Orria

2016 Euskararen hilabetea

EH kartela

"EUSKARA LAU HAIZETARA" lelopean Euskara Arloak Irungo ikastetxeekin lankidetzan antolatu duten EUSKARAREN HILABETEA.

 

EUSKARAREN HILABETEA programa sortu zen haurren euskararekiko interesa eta jarrera areagotzeko eta hobetzeko.
 
Aurtengo EUSKARAREN HILABETEA otsailaren 16an abiatuko da eta martxoaren 11n bukatuko da. Tarte horretan hainbat ikuskizun eskainiko ditu Udalak.
 
Haur Hezkuntzako umeek "Martina eta paperezko basoa antzezlana ikusiko dute L'Horte Teatreren eskutik. 

Martina paperezko neskatoa da eta kartoiz egindako etxe batean bizi da. Behin batean, tximeleta baten atzetik zihoala, basoan galdu zen, baina lagun berezi-bereziak aurkitu zituen, eta emozioz beteriko bidaia egin zuten Martinarekin batera. Begiez gozatzeko proposamena da,  non objektu eta txotxongilo ugari agertzen diren; horiek guztiek Naturaren muinetara eramango gaituzte eta izadia maitatzen irakatsiko digute, beste lagun bat bailitzan.


Lehen Hezkuntzak bigarren zikloko ikasleek Eidaberen "Futbolariak eta printzesak" antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute. 

Odei eta Lur klasetik ihes egin duten neska eta mutila dira. Besteengandik ezberdin sentitzen dira, ez dituztelako neska ala mutil bati egozten zaizkion arauak bete nahi. Lurrek, Lur izan nahi du eta Odeik, Odei, inork esan gabe nola jokatu behar duten; mutila izateagatik futbolean jokatu behar duen ala neska izateagatik printzesak atsegin behar dituen. 

Topiko sexistekin hautsi nahi duen haur eta gaztetxoentzako komedia azkarra. Esketx moduko eszena laburretan zehar, parekidetasunean bizitzea zailtzen duten egoerak umorez agerian utziko dituzte, antzerki jolasa eta musika lagun dutela. 

Barrea mundua iraultzeko modurik ederrena izan daiteke, sekula samurtasuna ahaztu gabe, gure sentimenduek egiten baikaituzte aske. Eta horixe izan nahi dute, hain zuzen ere, Lurrek eta Odeik, libre, nahi duten hori adierazi, bizi eta sentitzeko, inposaketa eta etiketa sexistarik gabe mundu aske batean. 


Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako gazteei begira Tartean Teatroak "ZERGATIK, JAMIL?"  antzezlana taularatuko du.

Kolpe bat jaso eta memoria galdu berri duzu. Dakizun bakarra, poliziak esan dizulako, zera da: bere ohean zetzan elbarritu babesgabe bat tiroz akatu duzula; duela gutxirarte maitekiro zaintzen zenuen gizona, hain zuzen. Zeure burua duina eta zintzotzat duzu eta hala ere krimenik gorrotagarriena burutu duzu. Eta zeure buruari galdetzen diozu: ?Zergatik, Jamil??

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako gazteentzat "GARTXOT filma emango da (Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta).

Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza eta fraide-gerlari beldugarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Tragedia XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista.

ASISKO URMENETA: Arturo Campionek oso istorio laburra idatzi zuen, baina sakondu ahala, berehala ohartzen zara laburra bezain mamitsua dela. Tipula batean bezal aurkituko dituzu mezuak: euskararen galera nola eta zergatik hasi zen, XII. mendean Nafarroan boterea zeinen esku geratu zen eta zergatik... Argumentu interesgarri baten inguruan gai asko aurkeztuko dizkigu: Donejakue bidea, bardoak, Iruñeako Erregearen eginkizuna, Karlomagnoren jarraitzaileen boterea, Orreagako guda... Horrexegatik bihurtu da sinbolo eta birrasmatu da hainbeste aldiz idatzi zenetik hona.

Pelikula ikusita, hurrengo astean, Asisko Urmeneta joango da pelikula ikusi duten institutuetara ikasleekin saio bat egiteko. Ordubete inguruko saioa izaten da eta bertan Asisko hainbat gauzen inguruan hitz egingo die: garai hartako Euskal Herriaz arituko da, Donejakue bidea, hizkuntzak, Iruñako erresumaz, gurutzadez... Bai eta filma nola egin duten: aktoreak, dokumentazio grafikoa, musika...

 

IRUNERO ALE BEREZIAK

Gainera, ikastetxe eta institutuek euskarazko ekoizpena kaleratzeko aukera izango dute argitaratuko diren bi aldizkari berezietan. Batak Irungo Haur eta Lehen Hezkuntzako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleek egindako lanak jasoko ditu. Besteak, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleen lanak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleekin. Ikastetxe guztiek parte hartuko dute ziklo bakoitzeko lan bana aurkeztuz.
Haurren lanak jasoko duten aldizkariak martxorako izango dira kalean, Euskararen Hilabetea programaren bukaerarekin.

 



Adobe Reader lortu

PDF artxibo mota irakurri ahal izateko beharrezkoa da Acrobar Reader programa instalatuta edukitzea.Lortu dohan interneten bertan.

 

itzuli

 
creative commons Euskara Arloa  •  Área de euskera
T. 943 50 52 72  •  E. euskara@irun.org