Saltar al contenido

Irungo Udalaren euskararen ataria

Irungo Udalaren Web Orria

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa

Hitz gurutzatuen irudia

EUSKAL HERRIKO HITZ GURUTZATUEN VIII. TXAPELKETA

2014ko urriaren 11n Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketa jokatu zen Irunen, Bidasoako EKT Elkartean, LUMA aldizkariak antolatuta eta Irungo Udalaren babes ofizialarekin.

 

Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako berrogei lehiakide inguru bildu ziren Bidasoako EKT Elkartean, hitz gurutzatu zale euskaldunen txapela eraman nahian, inoiz baino lehiakide gehien, eta Ibon Zaldua donostirra nagusitu zen finalean.

 

2007an antolatu zuen LUMA denborapasa eta hitz joko aldizkariak Euskal Herriko Hitz Gezidunen lehendabiziko txapelketa, orain arte beti Irunen jokatu dena, hiri horretan argitaratzen baita aipaturiko agerkaria. Goiz partean garatzen da txapelketa eta, finalerako txartela lortu ahal izateko, antolakuntzak proposaturiko hiru hitz gurutzatu taula bete behar dituzte, xuxen eta bizkor, lehiakideek.

 

Berrogei eta bost minutu dituzte lehiakideek lehenengo bi probak amaitzeko, eta horiek bukatu ondoan egiten da lehenengo selekzioa, hamasei lehiakidek baizik ez baitute finalaurreko proba jokatzeko aukerarik. Lau lehiakideren artean jokatzen da finala, jendaurrean, panelean egokitu zaien lana ahalik eta egoki eta azkarren bukatzeko xedean.

 

 

TXAPELKETAREN JATORRIA

 

2007ko abenduaren 1ean jokatu zen Irunen Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen I. Txapelketa, LUMA aldizkariak antolatua. Hogeita lau hitz gurutzatu zale bildu ziren orduan "ezohiko" lehiaketa hartara eta urtero berritu du ordudanik LUMA taldeak bere hitzordua, aurtengo edizio honetara iritsi arte. Gero eta jende gehiagok hartzen du parte, 40 lagunetara iritsi delarik; honela, pixkana-pixkana bada ere, atergabe ari da lehiakide kopurua emendatzen.

Gure hizkuntzaren eremuan molde honetako lehiaketak ezagunak ez diren arren, ohikoak ditugu geure inguruko hizkuntza batzuetan (frantsesez, ingelesez, italieraz, alemanez?) eta bestelakoa izaten da oro har geografian hartzen duten hedadura, hizkuntza batek har dezakeen unibertso guztira zabaltzen baitira batzuk eta eskualde mailakoak baitira beste batzuk. Ez dira gainera giro honetako txapelketak berdin-berdinak izaten, egun batean edo asteburu batean gauzatzen baitira batzuk, leku jakin batera bildu eta gero, eta hilabetetan luzatzen baitira beste batzuk, aldizkariak eta internet guneak bilgunetzat hartuta.

Hitz joko eta hitz gurutzatuen argitaratzaileak, egunerokoak eta aldizkariak, eta hitzen mundu ludikoaren barruan gorpuzturiko elkarteak izaten dira lehiaketa horien antolatzaileak. New York Times egunkari ospetsuak, esate baterako, bere American Crossword Puzzle Tournament antolatzen du urtero, milaka jokozaleri hartan parte hartzeko aukera eskainiz, eta lurralde mailakoa baizik ez den Campionato Italiano di Cruciverba delakoa antolatzen du urtero Ottetto elkarteak Toskanako Grosseto hirian. Frantsesaren eremuan, bestalde, gailen ageri zaigu Jean Rossat hitz gurutzatu sortzailearen lana, Championnat francophone de mots croisés izeneko lehiaketaren sustatzaile nagusia den aldetik, eta bereziki aipagarria da orobat Championnat de Belgique de mots croisés francophones izeneko txapelketa entzutetsua, Association Belge des Cruciverbistes delakoak 1956. urtetik antolatzen duena. Adibide batzuk baizik ez dira hauek guztiak. Ohar bat baizik ez: guk dakigularik, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa da molde honetako lehiaketa bakarra Espainiako estatuko hizkuntzen geografia osoan, ez baita horren parekorik espainieraz, galegoz edo katalanez egiten. Horrek ez du esan nahi lurralde horietan hitz gurutzatu sortzaile eta zalerik ez dagoenik. Badira, asko eta talentu handikoak gainera.

Bestalde, txapelketa bada ere , eta halakoa da lehiaketa hau, txapela jantziko baitu irabazleak, topaketa baten aurrean gaudela esan genezake, elkarrekin egoteko eta elkar ezagutzeko aukera izango baitute egun horretan, patxada betean eta giro alaian, euskarazko hitz jokoen zaleek. Zale horiei guztiei begira antolatu nahi izan dugu txapelketa hau; bixigarria da lehiaketa, baina gure lehen helburua ez da hitz gurutzatuen puntako zale horien ederra besterik gabe egitea, baizik eta denon gustuko giroa sortzea eta guztiontzako egun goxoa eskaintzea.



Lotutako estekak:

Adobe Reader lortu

PDF artxibo mota irakurri ahal izateko beharrezkoa da Acrobar Reader programa instalatuta edukitzea.Lortu dohan interneten bertan.

 

itzuli

 
creative commons Euskara Arloa  •  Área de euskera
T. 943 50 52 72  •  E. euskara@irun.org