|
Gipuzkoako
lurraldea 1200. urtean Gaztelako erresumaren menpean jarri zutenean,
Irun-Urantzu funtsezko leku estrategiko bihurtu zen oso kokaleku
egokian zegoelako, eta horrek isla garbia izan zuen batez ere merkataritza-jardueretan.
Egia ere bada mugan egoteak alde txarrak badituela eta ondorioak
nagusiki herritarrek jasan behar izan zituztela; izan ere, ugari
izan ziren Bidasoaz gaindiko etsaiek eginiko erasoaldiak, inbasioak
eta arpilatzeak.
Dena
dela, XIII. mendetik aurrera Irungo herrigunearen garapena nabaria
izan zen. Biztanle gehienak eta jarduera gehienak Junkalen zegoen
kaiaren inguruan, gaur egun San Jaun Harria plaza dagoen goiko aldean
eta Behobiako pausuan biltzen ziren.
Merkatariak
zirenak eta, Mendebaldeko Pirinioetako ezinbesteko pausua izanik,
mugari lotutako egitekoak zituztenak alde batera utzita, nagusiki
nekazariak eta abeltzainak ziren bertako biztanleak. Bestalde, Irungo
oletan lan egiteko behar zen burdina ustiatzen eta garraiatzen zuten
meategietatik beste askok. Burdinolek behar zuten egurra herri-basoetatik
ateratzen zuten, 1338. urteko Oletako Foruetan zehazten denaren
arabera.
|


|