Hona hemen
Irungo armarriaren deskribapena, hizkuntza
arruntean eta ez armarrien hizkuntza berezian: hondo gorri baten
gainean zilar koloreko gaztelu bat, hormaren harriak ondo bereizirik,
eta leiho eta ate urdinak. Alboetako dorreen gainean bi kurrilo
gris ageri dira. Goiko aldean, bost barra dituen buru-babesa eta
zinta beltz bat, "Vilgilantiae Custos" inskripzioarekin, aurkezten
ditu. Inskripzio honek etsaien, batez ere frantses eta nafar etsaien,
balizko erasoen aurrean adi eta zurt egoteko Irungo hiriak zuen
betebeharrari egiten dio erreferentzia.
Irun ez
da beti "hiria" izan. XVIII. mende arte, "unibertsitatea" izan zen
eta arlo juridiko batzuetan Hondarribiko hiriaren menpe egon zen
1766ko otsailaren 27 arte. XVIII. mendean bertan lortu zuen Irunek
"hiribildu" titulua, eta ez zen 1913. urte arte "hiri" izatera iritsi.
"Noble
y Leal" tituluak Gipuzkoako herria izatetik datozkio; izan
ere, probintziak aspaldi lortu zituen titulu hauek beretzat eta
probintziako herri guztientzat. 1818ko urriaren 4an Fernando VII.ak
"Muy Benemérita y Generosa" tituluak
eman zizkion hiribilduari, Independentziako Gerran herriak izandako
portaera saritzeko. Alfontso XII.ak, 1863ko Gerra Karlistetan jasandako
setioari hiribilduak ondo eutsi ziolako, "Heróica"
titulua eman zion 1875eko irailaren 1ean. Harrigarria da karlistek
ere "Fidelísima y Memorable" tituluak
eman izana gerra honen hasieran Irunek erakutsi zuen jarreragatik.
Nolanahi ere, egun ez dira bi titulu horiek erabiltzen, nahiz eta
tituluak behar bezala jasotzeko tramiteei hasiera eman zitzaien.
"Excelentísimo" titulua 1897ko abenduaren
22an lortu zen Maria Kristina erreginordearen eskutik, Irunek bat
egin baitzuen monarkia konstituzionalarekin. Azkenik, 1913. urtean,
Alfontso XIII.ak "Muy Humanitaria" titulua
eman zion Iruni, udalerri honetan gertatutako tren istripu batean
izaniko zaurituei herritarrek eskaini zieten laguntzagatik. |


|